Bihotz Gazte ikastola, SANTURTZI: Taupadak indartsu Bihotz Gaztean

2008-06-01
Bazen behin, 1966. urtean, egun batez perretxikoak biltzera joan zen lagun koadrila bat. Etxera bueltan, Seat 600 autoan zihoazela, euskara bultzatu beharra ikusita, Santurtzin ikastola sortzea bururatu zitzaien, eta une hartatik aurrera ikastola eraikitzeko lanean hasi ziren. Edozein haur txikiri konta dakiokeen ipuina dirudi, baina errealitatea da. Berrogeita bi urte pasa dira ordutik, barreak eta negarrak tartean, eta Santurtziko Bihotz Gaztea ikastola indartsu dabil. Pertsonen kasuan, 40 urte betetzean krisia izaten dela esaten bada ere, urtebetetze hori ospakizunerako aitzakia izan zen Santurtzin, eta urteak aurrera doazen arren, bihotza gazte du bertako ikastolak. 40. urteurrena ospatzeko proiektu berezia egin zuten, eta festa handi batez amaitu zen ezezko biribil batekin hasi zen istorioa.
 
 
“Ez” hitzak berezkoa duen izaera negatiboa, positibo bihurtu zen Santurtzin. Idoia Fernandez irakaslearen ezetzak eragin zuen ondoren etorri zen guztia. Santurtziko ikastolako ikasle ohia izanik, harengana jo zuten ikastolako arduradunek 40. urteurrena zela- eta liburu bat idatz zezan eskatzeko. Erantzuna ezezkoa izan zen, behar zuten laguntza guztia eskaintzeko prest zegoela, baina beste zerbait proposatzen zuela: ahozko lekukotasunak jasoz, ikastolaren historian zehar ibilbidea egitea, hain zuzen ere. Hasierako plana hankaz gora, baina pozik itzuli ziren ikastolara arduradunak, abentura berri hark zer ekarriko ote zuen pentsatuz.
Eta beste gauza batzuen artean, bizitza ekarri zuen ikastolara. Bihotz Gaztearen taupaden erritmoa azkartu egin zen, ikastolako kide guztiak, irakasleak, ikasleak, gurasoak, langileak… lanean jarri baitziren proiektu hura aurrera ateratzeko. Ahozko historiaren gaineko proiektua abiatu behar zuten, eta helburu nagusia garbi zegoen: Santurtziko ikastolaren historia elkarrekin idatzi nahi dugu. Baina, nondik hasi? Ikastolan sorreratik aritu ziren irakasleekin, gurasoekin, herritarrekin, ikasle ohiekin… elkarrizketak egin behar zituzten, hasteko. Lan hori guztien artean egin nahi zuten, eta, beraz, ikasleek egin zituzten elkarrizketak eta, ondoren, muntaia egin zuten handik eta hemendik pasarteak hartuta. Helburu nagusia lantzeko, ikastolaren historia ezagutzeko, maila bakoitzeko irakasleek egoki ikusi zuten proposamena egin zuten, eta ondoren, hori egin. Horrela, ikasle eta irakasle guztiek, mailaren arabera, beren ekarpena egin zioten proiektu orokorrari, baina lan nahikoa izaten da normalean ere, eta ezin zen gainkarg izan Idoia Fernandez, proiektuaren arduradunak, esan digunez: “Gertakaria hor zegoen eta barrutik berreraiki behar zen. Galdera egin genien irakasleei: nola berreraikiko zenukete ahozko historiaren gaineko proiektu bat? Maila bakoitzeko irakasleek berrirakurketa egin zuten eta fitxa osatu zuten, zer landuko zuten, zertarako eta zein epetan zehaztuz. Beraz, ikastolak helburu orokorra zuen, baina maila bakoitzak xede orokorrarekin bat egiten zuten helburu zehatzak zituen, eta hainbat gauza landu zituzten; ipuinaren bidez garai haiek ezagutu zituzten, esaterako. Ikaskuntza premiak askotarikoak dira eta ezin zen jarduera bakarra izan guztientzat, baina, era berean, proiektu globala izan behar zuen eta guztia uztartu behar zen. Horretarako, batzorde pedagogikoa osatu genuen. Denbora behar izan genuen, jendeak ahozko historiaren gaineko proiektu bat zer zen ulertzeko eta, ondoren, sormen lana etorri zen”.
“Behetik gora egindako proiektua izan zen, ezer inposatu gabe, eta, ondoren, goitik beherako koherentzia eman genion” esan digu Miriam Zuazola, Bihotz Gaztea ikastolako zuzendariak. “Maila bakoitzean gauza bana egin genuen eta, gero, etapaka lotzen saiatu ginen: Haur Hezkuntzan erakusketa mundiala egin genuen, Lehen Hezkuntzako ikasleek aldizkaria egin zuten, eta DBHn elkarrizketa sakonagoak egin zituzten, historialari eta ikerlari lana eginez”, jarraitu du. 
Elkarlanak garrantzi handia izan zuen proiektua garatzerako orduan: “Gelako hormak apurtu nahi genituen, elkarlana bultzatzeko. Batzuek elkarrizketak egiten zituzten eta, ondoren, beste maila batzuetako ikasleek erabiltzen zituzten. Ikuspegi dinamikoa zen, interdependentzia osoa zegoen; denek baliatzen zuten denek egindako lana”, azaldu digu Idoiak. Eta, ez hori bakarrik, komunitateari, herriari ere, zabaldu nahi zioten proiektua.
Emozioak azaleratu zituen Bihotz Gaztearen historiak, Miriamek azaldu digunez: “Elkarrizketatuekin egoteak eta haiek euren bizitzako pasarteak azaltzeak emozioak sortu zituen, eta egindako lana aitortzen ari ginela sentitu zuten, nolabait. Oso garrantzitsua da garai hartan lanean aritu zirenei, ikastolak gaur arte zutik irautea ahalbidetu zutenei, gure esker ona helaraztea”.
Lan handia egin zuten guztiek: elkarrizketen pasarteak hartuta ikastolaren historia jasotzen duen DVDa prestatu zuten, ikasleek ikastolaren eta euskararen aldeko rap-a prestatu zuten… Lan asko egin zuten, baina ilusioz eta gustura. Hilabete biziak izan ziren eta dena abenduaren 1ean amaitu zen, jaialdi eder batekin. “Abenduaren 1ekoa itzela izan zen –dio Miriamek- 800 lagun bildu ginen eta egun osoko egitaraua izan genuen. Eguraldia ez genuen lagun izan, euria egin zuen, baina dena oso ongi atera zen eta eguerdian jaia eta omenaldia egin genituen Santurtziko Kultura Aretoan. Ondoren bazkaria izan zen eta, arratsaldean, erromeria plazan. Oso hunkigarria izan zen, oso polita”.
Altxor ezkutua
Eta abenduaren 1ean, jaialdia egiteaz gain, altxorraren kutxa ere bete zuten. Ikasle guztiek egindako lanak bildu zituzten altxorraren kutxan, DBHko 4. mailako ikasle bakoitzak bere altxorra sartu zuen, irakasleek egindako habanera baten grabazioa ere bertan da, eta gurasoek pergamino ezkutua sartu zuten. Guztia barruan zegoela, DBHko 4. mailako ikasleek kutxa itxi, eta 6 urteko ikasleei eman zieten giltza, ikastolaren 50. urteurrenean zabal dezaten. “Hor dago bilduta Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolaren historia, gure iragana eta gure ondarea. Altxorrak iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura irudikatzen du”, esan digu Miriamek.
2016-2017 ikasturtean zabalduko dute altxorra, eta ordura arte itxaron beharko dugu kutxa horretan dagoena zer den ikusteko. Baina zabaldu beharrik ez dago, Bihotz Gaztea ikastolaren altxor preziatuenak euskara eta ikasleak direla ohartzeko. 
Agurtzane ORMAZA
Agurtzane Haur Hezkuntzako irakaslea da, eta 1971ko irailean hasi zen Santurtziko ikastolan lanean. Bermeotarra izanik, ezustea hartu zuen Santurtzira iritsi zenean, oso itsusia iruditu zitzaiolako. “Ene, nora etorri naiz?” pentsatu omen zuen Santurtzira lehen aldiz joan zenean, baina zerbaitek lotu zuen herrira, oraindik bertan jarraitzen baitu. Atzera begiratuta, gauzak asko aldatu direla dio, lehen denak bat zirela, familia baten moduan, ideia baten kontra. Orain ez du halako batasunik ikusten eta atsekabea sortzen dio horrek. 
Nola gogoratzen dituzu ikastolako hasierako urte haiek?
Ni sorreran ez nintzen egon, baina etorri nintzenean toki txikia genuen eta gelak itxitura batzuekin banatzen ziren. Hiru gela genituen, ez genuen jolastokirik eta askotan Portugaletera joaten ginen oinez haurrak kalean egoteko. Orain beste era batera gaude, tokia ez da oso handia, baina berogailua dugu, jolastokia dugu… Oso garai polita izan zen eta nostalgia apur batekin gogoratzen dut. Gurasoekin genuen harremana bestelakoa zen, familiartekoa zen, askotan joaten ginen haien etxera bazkaltzera, gugan konfiantza handia zuten, eta alde horretatik, politagoa zen haurren, gurasoen eta gure arteko harremana. Gaur egun, badago harremana, ni gainera Haur Hezkuntzan ari naiz eta gurasoekin dezente egoten gara, baina ez da gauza bera.
Akaso, egoera politikoak bultzatzen zuen konpromiso horregatik?
Egoera ekonomikoak, egoera politikoak… denak zuen garrantzia. Egoera politikoak pisu handia du: herri bat ginen, batera, sistema baten aurka, sistema gogor baten aurka. Gaur egun, bakoitzak bere iritzia du eta gauzak beste era batekoak dira. Lehen ikastolak txiroak ziren, ez genuen dirurik, papera eta kartoia biltzen genituen saltzeko eta dirua lortzeko, jaialdiak antolatzen genituen, zozketak antolatzen genituen… Orain gauza horiek guztiak ez dira egiten. Beste era batera gaude. Hobeto? Ez dakit, agian bai. Baina lehengoa politagoa zen.
Eta proiektuarekin hori guztia gogora etorri zaizu…
Bai, abenduaren 1eko jaialdia oso polita eta oso hunkigarria izan zen niretzat. Primerakoa.
Nola landu zenuten proiektua ikasleekin?
Ipuina sortu genuen ikastolaren sorrera kontatuz. Olerkia landu genuen, marrazkiak egin zituzten eta jarduera dezente egin genituen haurrekin. Hasieran, haientzat gauza arraroa zen, baina pixkanaka sartzen joan ziren. Oro har, haurrak eta gazteak nahiko motibatuak ikusi nituen.
Belen ARZA BARRENETXEA
Lehen Hezkuntzako irakaslea da Belen, eta ikastolako lehen urte haiek gogoratzean, irribarreak ez dio aurpegitik alde egiten. Gauzak izugarri aldatu direla dio berak ere, baldintzak, egoera… Gogoan du guardia zibilek andereñoak nola kontrolatzen zituzten eta ikuskatzaileak etortzean izaten zituzten komeriak. 40. urteurrena ospatzeko egindako proiektuak hori guztia berriro bizitzeko aukera eman dio.
Ikastolak egoitza asko ezagutu ditu Santurtzin. Ibilbide hori aitzakia hartuta landu duzue ikastolaren historia Lehen Hezkuntzako ikasleekin, ezta?
Bai. Iazko azaroan ibilalditxo bat egin genuen gure gelako haurrekin, 1. mailakoekin. Etxe haietatik, Mamarigara eta Juan XXIII.era joan ginen eta ibilbide osoa egin genuen. Historia denon artean idatzi genuen argazkien bidez.
Haurrentzat zer-nolako esperientzia izan zen?
Oso polita. Mamarigakoa arraroa egin zitzaien, baina Juan XXIII.era joan ginenean eta ikusi zutenean galdetzen zuten: “Andereño, baina zuek hemen egon zarete?”, eta guk baietz erantzun genien, ez genuela patiorik eta korridoreetan egoten ginela. Orduan, galdetu ziguten ea haurrak pozik egoten ziren eta guk baietz, eta noizean behin Portugaletera joaten ginela. Haurrak oso zoriontsuak ziren hemen, eta gaur egungo ikasleek ez zuten ulertzen hori horrela izan zitekeenik. Baina, bestela, ideia ederki hartu zuten.
Eta nola bizi izan zenuen abenduaren 1eko jaia?
Asko gustatu zitzaidan; oso pozik. Oso polita izan zen; ez nuen espero hain ongi aterako zenik eta hainbeste jendek parte hartuko zuenik, oso esperientzia polita izan zen. Gogoratzekoa.