GAZTE EGONALDIAK ESPEJON: Gazteak, euskara eta ikus-entzunezkoak udan bat egiteko prest

2008-06-01
Arabako Espejo herria gazteen euskararen erabileraren ispilu bihurtuko da udan. Aurten bigarren aldiz egingo dituzte Gazte Egonaldiak, Ikastolen Elkarteak antolatuta eta dozenaka gazte gerturatuko dira Espejora ikus-entzunezkoak aitzakia moduan hartuta, euskara lantzera eta egun politak pasatzera. Iazko deialdiak arrakasta izan zuen eta lau txanda izango dira aurten. Antolatzaileak prestaketa lanetan dabiltza buru-belarri, eta lehen gazteak iristen direnean estreinatzeko moduan topatuko dute Espejoko aterpetxe berria. 
 
 
Iaz antolatu ziren lehen aldiz Gazte Egonaldiak, udarako proposamen berritzailea. 13-18 urte bitarteko gazteentzat ez zen eskaintzarik udan, ingeles udalekuak izan ezik, gazte horiengana iritsi beharra ikusi zuten, eta ikus-entzunezkoak tresna erakargarria izan zitezkeela bururatu zitzaien. Euskal Herri osora zabaldu bazen ere, Arabako Ikastolen Elkartetik sortu zen ideia, Nagore Amondarain, egitasmoaren arduradunak esan digunez: “Ez dut uste kasualitatea izan zenik. Araban oso kezkatuta gaude aspalditik euskararen erabilerarekin, eta ez horrekin soilik, baita gazteek duten eredu faltarekin ere. Aste betez euskaraz bizitzeko eta euskararekin gozatzeko moduko zerbait behar genuen, eta gainera, aurreiritziak apurtzeko moduko programa osatu genuen, gazteek ez dezaten pentsatu euskara, soilik, gelako gauza denik. Euskarak, zoritxarrez, zonalde batzuetan ez du erakargarritasun handirik izaten gazteentzat, eta tresna moduan laburmetraiak, musika, blogak, graffitiak... erabiltzea pentsatu genuen, gazteek ikus dezaten euskaraz ere gauza modernoak egin daitezkeela. Helburu nagusia, euskararen motibazioan eta erabileran eragitea da”.
Euskara erronka izateaz gain, beste erronka bat ere bazuten: adina. Izan ere, 13-18 urte bitarteko gazteak uda beren eran antolatzen hasten dira, festarik-festa ibiltzeko ohitura dute eta Gazte Egonaldietara joateko gogoa pizteko zabalkunde lan berezia egin behar da. Beraz, gazteei egitasmoaren berri emateko, ikastolaz-ikastola aurkezpenak egin zituzten iaz, spot labur bat erakutsiz. Era horretan, gazte asko animatu ziren Bernedora joatera, iaz han izan baitziren Gazte Egonaldiak. “Iaz 140 gaztek eman zuten izena bi txandatan eta aurten lau txandara zabaldu dugu eskaintza; beste bi astez, alegia. Gure erronka nagusiak, adina eta euskararen erabilera eta motibazioa ziren, eta aurreiritzi asko bertan behera geratu zirela ikusi genuen. Harreman bitxiak eta gauza bitxiak sortzen dira horrelakoetan: adibidez, Gasteizko batzuei arraroa iruditzen zitzaien lapurtar batek gaztelaniarik ez jakitea, eta ikusi zuten, elkar komunikatzeko era bakarra, lotzen dituen hizkuntza bakarra, euskara dela. Lehenengo egunetik hasita euskaraz aritzen badira, aurrerantzean ere hizkuntza hori erabiliko dute euren arteko harremanetan”, azaldu digu Nagorek.
Ekimena gazteen esku
Graffitiak, laburmetraiak, irrati saioak, blogak… ikus-entzunezkoekin lotutako hainbat ekintza sartu zituzten egitarauan. Gazteek sormena landu behar dute Gazte Egonaldietan eta ekimena edukitzea eskatzen diete. “Begiralea, bideratzailea baino ez da, eta konturatu ginen gaztetxoenak ez daudela horrelako udalekuetara ohituta, ohitura handiagoa dutela gidatutako ekintzak burutzeko, igerilekura joateko, aurrez prestatutako jolasak egiteko… Baina ez daude prest orri txuri bat emateko eta hutsetik hasita laburmetraia baten gidoia idazten hasteko. Orduan konturatu ginen ohiko udalekuetatik Gazte Egonaldietara salto bat badela. Gazteek ardurak hartzen dituzte; laburmetraia egiteko ardura, adibidez, hasierako sorrera prozesutik editaia egin arte. Lantaldeak osatu behar dituzte, batzuk gidoiaz arduratzen dira, beste batzuk kamaraz, beste batzuk lokalizazioaz… Hori guztia haien esku geratzen da eta erabakiak hartu behar dituzte”, azaldu digu Nagorek. Hori guztia dela eta, iaz 6. mailako gaztetxoak hartu bazituzten ere, aurten DBHko 1. mailatik aurrerakoek izango dute Espejora joateko aukera.
Ekintza nagusietako bat laburmetraia egitea da. “Iaz sei laburmetraia egin genituen eta ondoren blogean zintzilikatu genituen. Horrez gain, Gasteizko Hala Bedi irratira joan, hura ezagutu eta irratsaioa egin zuten, gero emititzeko. Sareguneko lokala baliatu zuten (teknologia berrien erabilera soziala eta komunitarioa bultzatzen duen gunea da eta software librearekin funtzionatzen dute) blog ikastaroa egiteko eta Gasteiz ezagutzeko aukera izan zuten”, azaldu du Nagorek. Graffiti ikastaroa ere egin zuten, Lizarrara joan ziren UEUk antolatutako Gerra Zibileko fusilatuen oroimena izeneko hitzaldira...  Kontzertuak izan zituzten eta bi txandetan euskaldun berri bat izan zen gazteekin bere euskalduntzearen prozesu pertsonala azaltzen. Nagorek esan digunez, Gazte Egonaldiak aurrera eramateko hainbat eragileren laguntza jaso dute: “Hala Bedi, UEU, Saregune, Berria... Hainbat eragileren laguntza izan dugu eta auzolan hori da benetan aberasten gaituena”.
Ikus-entzunezkoen arloan trebatzeko aukera, beraz, euskara lantzeko helburuarekin. Espejora gerturatzen diren gazteek esperientzia ahaztezina biziko dute, ziur.