Bikendi

2008-06-01
 
 
Gure eskolan bazen Bikendi izeneko mutiko bat, ume gaiztoetan errege. Komunetan txorrota guztiak irekita agertzen baziren, konketak gainezka egin eta uholdea eragiteraino, mundu guztiak pentsatzen zuen: “Bikendi izan da, ziur”. Edo goiz batez ikastetxeko paretetan “Marialuisa puta” edo antzeko pintadak ernetzen zirenean, atezainak ez zuen dudarik izaten: “Bikendi alua!”. Bikendi ez baitzen ustezko ezer. Barrabaskeria guztien susmoak bereganatzen zituen eta hala izaten zen beti, ez zegoen huts egiterik; bera baitzen, nola esan, Larraungo Eskola Publikoko gaiztagin ofiziala.
Karaktere gutxi eman zaizkit hemen Bikendiren bihurrikerien antologia osatzeko, baina nahikoa haren greatest hits-en artean izarra dena kontatzeko: polikiroldegiarena, hain zuzen ere.
Hasieran, Lekunberriko eskolak ez zuen kirola egiteko patio ziztrin bat baizik. Hori eta “dameroa” deitzen genion jostaleku bitxi bat, xake-taula bateko koadroak zituena lurrean, nahiz eta inork sekula horretarako erabili ez, eskupilotarako baliatzen baikenuen denok. Horregatik, ikaskideon artean urteko albistea izan zen eraikiko ei ziguten polikiroldegi berriarena: behingoz taxuzko futbito partidak egingo genituen!! Eguerditan etxeratu eta eraikuntza lanen urrats bakoitza kontatzen genion amari: “Gaur burnizko hagak jarri dituzte, granateak, izango dira 10 metro luze!!”; “Hormak altxatu dituzte, ama!!”; “Sapaia dagoeneko prest!!”... “Obrak bukatzear, ama, zorua margotu eta marrak marraztea besterik ez da falta, bihar egingo omen dute!!”.
Heldu zen, bada, jolastoki berria estreinatzeko eguna. Atezainak atea ireki eta hantxe sartu ginen, algara bizian denok. Hura desilusioa: granate iluna zen, itsusi-itsusia!! Esana ziguten zorua urdin kolorekoa izango zela, garaiko areto-futboleko kiroldegi profesionalen antzera. Nori arraio bururatu zitzaion, orduan, granate nazkagarri horrekin margotzea?? Erantzuna asmatuko zenuten honezkero. Bai, Bikendi bera, estreinaldiaren bezperako gauean kiroldegira sartu eta burnizko hagak margotzen bukatzeko zeuden pintura poteak zoruan bota zituen. Biharamunean, garbitzeko modurik ez, antza, eta zorua granatea izango zela erabaki zen. Betirako. Akabo gure profesionalizatzeko ametsak, nola egingo ginen kirolari oso, futbol-zelai granate baten gainean!?!? Zein talde etorriko zen gure txapelketetara, zelai barregarri horretan aritzeko?
Lekunberrin eskola berria dago orain, pista urdin eta guzti. Kiroldegi hura eskola zaharrarekin batera eraitsi baitzuten, iaz. Bikendi iturgin fina da egun. Lehengoan etorri zitzaidan etxeko galdara aldatzera eta horretaz eta hartaz aritu ginen bere lana ondo baino hobeto burutu bitartean (gezurra dirudi). Umetako kontuak gogoratu genituen eta esan zidan gogoan zuela ni nahiko aurrelari ona nintzela areto-futbolean, beti sartzen nuela golen bat. Ez zuela ulertzen nola ez nuen profesionaletan bukatu.
Nik ez nion ezer erantzun. Taldearekin zer moduz, galdetu zidan orduan. Eeee… ongi, ongi…