Herri Ametsa ikastola. DONOSTIA: Eskolaz kanpoko jarduerak, euskara indartzeko

2008-06-01
Ikastetxeek eskola orduz kanpoko jarduera (EOKJ) asko eskaintzen dituzte, eta horien helburu nagusia haurren eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzea izaten da. Hori lortzeko, eraldaketa prozesua martxan jartzea proposatzen dugu.
Proiektua ikastetxearen egituran txertatu behar da eta koordinatzailearen lidergo maila eta proiektua garatzeko gaitasuna kontutan izan behar dira, erakundearen antolaketan, alde estrategikoan eta operatiboan parte hartuz.
Diagnosia egin ondoren, beharrezkoa da koordinatzailearen eta hezitzaileen artean talde izaera lantzea. Hezitzaileek Asko Egin Dezakete metodologian (metodologia horri buruzko informazio gehiago izateko, Hik Hasi aldizkariaren 101. eta 102. aleetako ‘…goza nazazu gehiago’ atala begira dezakezue) trebatu, estrategiak eta tresnak hezitzaileen eskura jarri eta horien jarraipena egiten da; talde izaera lantzean, erreferente papera indartzean eta jarduera erakargarriak eskaintzean dago funtsa.
Eraldatze prozesu horri, 2006-2007 ikasturtean ekin genion Donostiako Herri Ametsa Ikastolan, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren babesarekin, ikastola horretako EOKJk indartzeko irizpideak landuz.
 
 
Donostiako Herri Ametsa ikastolak bi ikasturte daramatza eskolaz kanpoko jardueretan euskara indartzeko ahaleginean. Haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzea da helburu nagusia, eta horretarako, eskolaz kanpoko jardueretan eragiten dute. Bost urtetik hasita, 14 urte bitarteko haurrekin aritzen dira lanean.
Iaz, jantokian, garraioan, kirol ekintzetan eta dantzan aplikatu zuten programa; baina aurten espazioa apur bat murriztea eta kirol ekintzetan eta dantzan aplikatzea erabaki dute. Askotariko kirol ekintzak eskaintzen dizkiete ikasleei: benjamin kirola, judoa, tenisa, hasiberrien kirola, futbol aretoa, esku pilota, gym dance eta kirol jokoak. Horrez gain, euskal dantza ematen dute.
Nerea Gonzalez, Ttakun Kultur Elkarteko kideak esan digunez, hezitzaileei formazioa eskaintzen diete haurrekin aritzeko eta zenbait estrategia erabiltzera animatzen dituzte: “Euskararen erabileran eragina duten estrategiak badirela ikusi genuen, eta beharrezkoa dela egoera informaletan, ikasgelatik kanpo, indarra egitea. Izan ere, haurrak motibatuta egoten dira, hezitzaileak erreferente moduan hartzen dituzte, lagunarteko hizkera lantzen dute… Gune horietan eragin beharra ikusi genuen, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren eskariz, gaia sakondu genuen eta eskola orduz kanpoko jardueretan metodologia txertatu genuen. Herri Ametsakoa proba moduan abiatu genuen, baina iazko emaitzak onak izan ziren eta aurten errepikatu egin dugu”.
Haurrek euskaraz hitz egin dezaten hezitzaileek zein estrategia erabiltzen dituzten azaldu digu Nereak: “Ikasleei ez diegu esan nahi euskaraz egin dezatela, horrek eraginik ez duela uste dugulako. Gaztetxoak, kontra egitegatik bada ere, ez digute jaramonik egiten eta haurrak, askotan, ez dira kontziente. Beraz, horren ordez, zenbait estrategia proposatzen dizkiegu hezitzaileei: haurrak gaztelaniaz egiten duenean, haiek euskaraz jarraitzea; zirikatzea… Erantzuna desberdina izango da hezitzaileak haiekin parte hartzen badu, gidari lana egiten badu, taldetik kanpo baldin badago edo taldekide gisa jokatzen badu… Entrenamendu normalekin jarraitzen dute, baina hainbat estrategia erabiliz. Hasieran taldearen errealitatearen azterketa bat egiten dugu, haien artean nola hitz egiten duten ikusteko eta hezitzaileari nola hitz egiten dioten aztertzeko, eta horren arabera, era batera edo bestera jokatzen dugu”, esan digu Nereak.
Josu Alvarez, Herri Ametsa ikastolako irakaslea da, eta baita proiektuaren arduraduna ere. Hezitzaileen lana gogorra dela azpimarratu du Josuk: “Proiektuaren gainean egiten dugun balorazioa baikorra da eta lana oso garrantzitsua da, baina oso zaila, batez ere hezitzaileentzat; kirol arloan, ikastolak berez dituen programazioak jarraitu behar dituzte, ez sakonki, baina lana dute. Gainera, irakaslea ez bazara, jarrera aldetik sortzen diren gatazkei aurre egitea zaila da. Eta horrez gain, euskararen gaineko proiektuaz arduratu behar dira. Ahalegin handia egiten dute.
Egun gutxi barru, ikasturtea amaitzean, ebaluazioa egingo dute Herri Ametsa ikastolan eskolaz kanpoko jardueretan aritzen diren haurrekin, euskararen erabileran aurrerapenik izan ote den ikusteko. Arduradunak, baikor dira eta egindako lanak bere fruituak eman dituela uste dute.