Hezkidetzaz: Ipuinak geletan. Ametsei ateak zabaltzen

2008-12-01
Ipuinen eragina azpimarratu du Bea Medrano ikerlariak artikulu honetan. Esaten duenez, ipuinak askatzaileak izan daitezke haurrentzat, baina baita mugatzaileak ere, sexu bakoitzarentzat rol, gaitasun eta portaera estereotipatuak markatzen badituzte. Haur literaturak berdintasunerako bidea zabal dezakeela azpimarratzen du Medranok, eta ipuinak aldatzea errealitatea aldatzea baina errazagoa denez, urratsak hortik ematen has gaitezkeela dio.
 
 
Erase una vez un lobito bueno al que maltrataban todos los corderos
Había también un príncipe malo, una bruja hermosa y un pirata honrado.
Todas esas cosas había una vez
Cuando yo soñaba un mundo al revés. 
José Agustín Goytisolo
Behin, bost urteko haurren gela batean, inauterietan jantziko zuten mozorroei buruz hitz egiten ari ginela, hara!, sexuen araberako banaketa argia eman zen, nesken artean maitagarri edo printzesa mozorroak ziren aukeratuenak, mutilentzat berriz, super heroiak. Aukera horretan fikziozko pertsonaiarekin eta osatzen duten ezaugarriekin identifikatzen ari ziren eta horrek, jendarteak haur bakoitzarentzat marraztu duen bidea islatzen du.
Haurren aukera hori baldintzatu duten eragileak eta faktoreak asko badira ere, nik ipuinen eragina azpimarratu nahiko nuke. Ipuinetan gauza zoragarriak gertatzen dira, irudimena bultzatuz mundu fantastikoekin amets egitera gonbidatzen gaituzte, edo jakinmina piztuz ondoan dugun errealitatea ezagutarazten digute. Ipuinak askatzaileak izan daitezke haurrentzat, baina baita mugatzaileak ere, sexu bakoitzarentzat rol, gaitasun eta portaera estereotipatuak markatzen badituzte.
Neska eta mutilen identitatearen eraikuntzan generoak agintzen dituen arauak, eta ondorioz sortzen diren desberdintasunak gainditu nahi baditugu, ipuinak ere aztertu beharko ditugu, txiki txikiak garenetik haien bidez mezuak jasotzen ari garelako. Ipuina aldatzea errealitatea aldatzea baino errazago delako, urratsak hortik ematen has gaitezke.
Baina, zer da ipuin sexista?
Erantzuna ematea baino hobea izango da norberak bere diagnostikoa egitea. Horretarako, erabiltzen ditugun ipuinak hartu eta aztertu beharko ditugu.
Zeri erreparatu behar diogu?
Irudiekin has gaitezke; irudiari berebiziko garrantzia eman behar zaio 0 eta 6 urte bitarteko haurren ipuinetan. Adin horietan irudiak testua baino indar handiagoa dauka, begietatik arinago sartzen baita informazioa.
Baloratzeko, irudiak zenba ditzakegu:
- Zenbat neska/emakume daude?
- Protagonistak dira, edo bigarren mailakoak?
- Zer egiten agertzen dira? Non daude?
- Nolakoak dira fisikoki? Nola daude jantzita? Zelako edertasun eredua islatzen dute?
Eta mutilekin/gizonekin gauza bera egingo genuke.
Istorioari dagokionez, antzeko prozesua egin behar dugu:
- Zein da protagonista? Neska al da? Mutila al da? Zer egiten du?
- Zer egiten dute neskek/emakumeek istorioan? Nolakoak dira? Eta mutilak? Nolako amaiera dauka? Zein da emakumearen papera amaieran? Zein da mezua?
Eta, pertsonaiak animaliak badira?
Lehenago egin dugun modura, begiratu ea animaliak rol femeninoetan eta maskulinoetan agertzen diren, eta bakoitzari zer nolako ezaugarriak egokitzen zaizkion.
Galdera horiei erantzunez pertsonaia maskulino eta femeninoen bidez genero estereotipoak bultzatzen ari direla, eta, ondorioz, bai neskentzat, baita mutilentzat ereduak mugatzaileak direla ikusten baduzu, ipuina sexista dela ondoriozta dezakezu.
Eta ditugun ipuinak edo haurren gustukoak direnak oso egokiak ez direla iruditzen bazaigu, zer egin dezakegu? Sexista den liburu bat erabil dezakegu? Edozein ipuin izan daiteke baliagarria. Tradizionaletan, adibidez, genero rolak eta estereotipoak oso markatuta dauden arren, hor agertzen dena zalantzan jar dezakegu, ipuinari beste amaiera posible bat emanez, ipuin batetik beste ipuin batzuk sortuz (non rol tradizionalak kolokan jartzen diren), pertsonaiei sexua aldatuz eta ea zer gertatzen den ikusiz, haur bakoitzak pertsonaia bat hartu eta egoera horretan zer egingo lukeen asmatuz, ipuina gaur egungo errealitatearekin alderatuz…
Ipuina aukeratu beharko bagenu, zeri erreparatu beharko genioke?
Hurrengo puntuetan kontuan hartzeko irizpide batzuk agertzen dira:
- Nesken eta emakumeen paper aktiboak.
- Emakumeak hainbat lanbidetan, arrakasta duten amak, kiroletan ausartak…
- Emakumeen edo neskatilen ametsa ez izatea beti printzea edo mutila topatzea, beste mota bateko helburuak agertzea.
- Sentimenduak adierazten dituzten mutilak eta gizonak, borroketan beldurtzen direnak, lehia gustuko ez dutenak edo autoa konpontzen ez dakitenak. Etxeko lanak betetzen dituztenak.
- Etxeko lanetan aritzen diren seme-alabak.
- Bizitza propioa duten amak eta amamak, lagunekin ateratzen direnak.
- Beste familia ereduak, aniztasuna, bikote homosexualak, ama-seme alabekin, aita seme-alabekin.
- ...
Zer ez dugu egin behar?
- Neskak eredu maskulinoan murgildu eta feminitatearen ezaugarriak baztertu.
- Genero desberdintasunak gainditzen saiatu eta beste desberdintasunei eutsi.
Haur literaturak berdintasunerako bidea zabaldu eta bultza dezake haurrek pertsona eredu berri baten erreferentea izateko.