Ikaskuntza emozionala eta soziala. Eskolan lekua aurkitu nahian

2008-12-01
Roger P. Weissberg Psikologia eta Hezkuntzako irakaslea da Illinoisko Unibertsitatean, Chicagon (AEB). Ikaskuntza Sozioemozionalari buruzko Elkarte Akademikoko (CASEL) presidentea ere bada. Elkarte horrek ebidentzian oinarritutako ikaskuntza soziala, emozionala eta akademikoa eskolaurretik unibertsitatera arteko hezkuntzaren zati garrantzitsu bilakatzeko konpromisoa du. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuak (duela hiru urte, etengabeko ikaskuntzaren alorrean jakintza eta adimen emozionalaren gaineko jarduera abian jarri zuenak) Donostian antolatutako “Bizitza osoko ikaskuntza emozionala eta soziala” izeneko jardunaldietan parte hartu zuen Weissbergek, eta han esandakoaren laburpena ekarri dugu orriotara. Ikaskuntza emozionala eta soziala bultzatzeko lan gogorra egin behar dela dio Weissbergek, baina, politikarien babesarekin, errazagoa dela ikasleak etorkizunerako positiboa izango den era batean heztea.
 
 
Oso garrantzitsua da eskolan ikaskuntza emozionalari eta sozialari lekua egitea, eta kontuan hartu behar ditugu gure ikasleek institututik irtetean izan behar dituzten ezaugarriak.
Mundu osoan, ikasleek arazoak euren kabuz konpontzen jakitea lortu nahi dute pertsona gehienek, erabakiak egoki hartzen jakitea, gatazkak saihesten jakitea, gurasoekin enpatia sentitzea, mundua toki hobea izan dadin lan egitea… Ez dut uste guraso gehienen nahia euren seme-alabek geometria era perfektuan menderatzea denik; oro har, nahiago dute gaitasunak emozioen alorrean lantzea. Guk egiten dugun galdera hauxe da: nola antola dezakegu komunitatea, ikasle guztiek helburu horiek lor ditzaten? Ikasleekin, irakasleekin, gurasoekin, komunitatearekin aritzen gara elkarlanean, eta horrela, sustatu behar diren gaitasunak zein diren ziurtatzen dugu. Era sistematikoan egiten dugu lan, eta ondoren, planak ebaluatzen ditugu, egoki diseinatu ote diren jakiteko. Programen diseinua oso garrantzitsua da, eta kontu handiz egin behar da.
Batzuetan, ardurak sortzen dira, indarkeriari buruz hitz egiten da, bullyingari buruz, genero indarkeriari buruz… Gu, lehenik, gazte horiek gizartean duten portaera zein den ikusten saiatzen gara. AEBn oso kezkatuta gaude, gazteen alkohol kontsumoagatik edo estres emozionalagatik. Badira bere buruaz beste egitea pentsatu duten gazteak ere. Ikastetxearekiko konpromisoa falta dute, interesa falta dute. Arazo horiei aurre egiteko, zenbait ikastetxetan programa zehatzak lantzen dituzte: hiesari aurre egiteko heziketa, bullyingaren prebentziorako heziketa, indarkeriaren prebentziorako programak... Baina, jakina, hori guztia asmo onarekin egiten den arren, berez, iraina da. Zeren, asmoa oso ona baita: epaileekin, gurasoekin nahiz komunitatearekin koordinatuz egiten dira horrelako lanak. Baina, batzuetan, helburua arazoak saihestea da, arazo horiek errotik aldatu beharrean eta diziplina jakin bat landu beharrean, ezaugarri eta gaitasun onak nola sustatu pentsatu beharrean… Jende askok txarra dena saihesteko egiten du lan, baina ez du ona sustatzeko lanik egiten.
Horrelako lanak era sistematiko eta globalean planteatu behar ditugu. Gaztea osotasunean hezi nahi duen ikastetxeak arlo akademikoa kontuan izan behar du, baina baita ikasleen buru osasuna eta ikasleak pertsona gisa prestatzea ere.
Ikaskuntza emozionalak eta sozialak zenbait gaitasun irakasteko modua eskaintzen du; autonomia, autogestioa, kontzientzia soziala, harremanetarako gaitasuna eta erabakiak arduraz hartzea. Eta dituen gaitasunak ezagutzen dituen gazteak helburu horiek lortzeko lan egin dezake. Norberaren buruarengan, besteengan eta erabakiak hartzean oinarritzen gara.
Ikaskuntza emozionala eta soziala behar den moduan egiten direnean, bi elementu gailentzen dira: bata ikaskuntza, eta bestea, ikasleek gaitasun horiek curriculumean era sistematikoan ikastea. Adibidez, zerbait egin aurretik pentsatu egin behar dutela ikasten dute ikasleek. Arazoa zein den ikusi behar dute, helburu positiboa jarri behar dute, eta irtenbideetan pentsatu, aurrera jarraitzeko. Oso mekanika interesgarria da, eta gazte askok menderatzen dute, baina beste asko ez dira fase horretara iristen. Hori guztia egunerokoan aplikatzen ote den ikusi behar dugu. Arazo bat dagoenean, eztabaidan hasi edo ikasleak zigortu beharrean, egoeraren gaineko hausnarketa egitera eta pentsatzera bultzatzen gaitu horrek, eta etorkizunean horrelako egoerak nola kontrola ditzakegun erakusten digu.
Curriculuma alde batera utzi gabe
Curriculum akademikotik abiatu behar dugu, baina irakasleek gaitasun horiek garatzeko lan egin behar dute. Kontua ez da beste curriculum bat egitea, eta egunean hamar minutuz lantzea, jarduera guztietan egon behar du presente ikaskuntza emozionalak eta sozialak, zehar lerro modura. Horrela, ikasleek gaitasun horiek erabiliko dituzte, baita eskolaz kanpoko jardueretan ere. Ingurune ziurra behar dute horretarako, eta esperientzian eta elkarlanean oinarritutako estrategiak erabili behar dituzte. Oso garrantzitsua da familiek eta komunitateak parte hartzea. Beraz, ikaskuntza emozionala desafio bat da hasieran, hizkuntza komuna behar delako, helburu komunak..., eta hezkuntza sistema osoaren gai izatera heltzen da. Hori gertatzen denean, emaitza positiboak lortuko dituzte, akademikoki arrakasta handiagoa izango dute, buru osasun eta osasun fisiko hobea izango dute, harreman sozial positiboagoak, ikasleek konpromiso handiagoa hartuko dute… Emozioak presente daude ikasten dugun horretan, eta gaitasun horiek irakats daitezke, gazteak egunerokoan aplikatzen joateko.
AEBn, programa horrek eragin positiboa izan duela ikusi dugu. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan... prestakuntza egokia bada, emaitza polita izan daiteke, baina ikasturte osoan eta ikaskuntza osoan berrikusten joan behar da, era egokian bultzatu behar dira, eta beharrezkoa da epe luzerako ikuspegia izatea.
Programa horien eragina ez da ikasleengana mugatzen, irakasleengan ere iristen da. Irakasleek ikasleekin komunikatzeko gaitasuna garatzen dutela ikusten dute, eta euren bizitzako arazoak hobeto kudea ditzaketela.
Hori guztia egiteko, jakina, babesa eman behar dute politikariek, eta profesionalen lidergoa behar da, ikasgeletan egiten dena era egokian egiteko. Illinoisen, estatuak ikaskuntza emozionala eta soziala 4.000 eskolatan ohiko ikaskuntzaren zati moduan sartu duela ikusi dugu. Beraz, arlo akademikoan indarra jartzen da, baina badira ikaskuntza emozionalarekin eta sozialarekin zerikusia duten helburuak ere: autogestioa, autonomoa izatea, autokontzientzia, pertsonen arteko gaitasunak… Irakasleek hori bultzatzen dela ziurtatu behar dute, eta laguntza eskaintzeko programa bereziak egiten dira. Programa horiek koordinatu egiten dira, gainera, portaera arazoak dituzten ikasleen programekin, edo esku-hartze goiztiarra behar dutenekin.
Beraz, eskola irudikatzen dugunean, ikasgeletako ikaskuntza emozionala eta soziala dugu buruan, baina baita autobusean, jolas orduan, komunetan, eskolaz kanpoko jardueretan… lantzen dena ere; ez da soilik emozio batzuk irakastea, emozio horiek eskola eremu guztietan kontuan hartzea baizik.
Ikasle arrakastatsuak izateaz gain, eskolari, familiari, komunitateari, ekarpen positiboa egin diezaioketen gazteak nahi ditugu. Denak elkarlanean jarri nahi ditugu, komunitatea eta mundua hobeak izateko lan egin dezaten.
Ikaskuntza emozionala eta soziala prozesu bat da, eta prozesu horren bitartez, haurrek eta helduek oinarrizko gaitasun sozialak eta emozionalak garatzen dituzte. Eskoletan horrelako programak abian jartzen direnean, ikasleek eskolarekin duten jarrera hobetzen dela ikusten dugu, haurren portaera hobetzen dela, eta euren errendimendu akademikoa hobetzen dela. Bizitzan zehar arrakasta handiagoa izateko oinarriak finkatzen ditu horrek guztiak. Programa horiek ongi diseinatuta egon behar dute, eta eskolan ongi txertatu behar dira.
Ikaskuntza emozionala lortzeko, elementu hauek dira beharrezkoak, gure ustez:
- Politikak. Beharrezkoa da komunitateko lidergo politikoak gai horrekiko konpromisoa hartzea.
- Zuzendariak. Eskolako hezkuntza lidergoak konpromisoa hartu behar du.
- Garapen profesionala. Irakasleekin egiten dugu lan, haien prestakuntzarako.
- Gizartea. Beharrezkoa da gizarte osoak gauza beraren gainean lan egitea, emaitzak onak izan daitezen.
Informazio gehiagorako: www.casel.org