Izenaduba basoa. Izena duen guztia... bada!

2008-12-01
Mari, Basajauna, Tartalo, Akerbeltz, galtzagorriak, Mari Teiletako… eta, jakina, Olentzero. Pertsonaia mitologiko horiek guztiak eta gehiago aurki daitezke Izenaduba basoan. Basoaren goiko aldean dago Landetxo Goikoa baserria, eta hantxe bizi da Olentzero. Olentzeroren etxea baserri magikoa da, gainera, eta, erdi-erdian, zuhaitz magikoa du. Zuhaitzaren azpiko aldean, berriz, Mariren koba dago. Euskal Herriko lehen parke mitologikoa da Izenaduba, eta iazko abenduan zabaldu zuten, Mungian. Gure mitologia horren aberatsa izanda ere, mitologia hori erakusteko tokirik ez zegoela ikusita zabaldu zuten Izenaduba, eta milaka eta milaka pertsonak bisitatu dute inguru magiko hori urtebetean.
 
 
6.000 metro koadroko azalera du Izenaduba basoak, eta hantxe bizi da Olentzero, bere etxean, Landetxo Goikoa baserrian. Baserriak balio arkitektoniko handia du; 1510. urte ingurukoa da, XVI. mendekoa, eta Bizkaiko baserri zaharrenetakoa dela uste dute. “Baserriaren aurreko alde guztia kontserbatu egin da, eta barruko hiru solairuak Olentzeroren baserria izateko egokitu ditugu. Baserri magikoa da, eta barruan zuhaitz magikoa jaio da. Solairu bakoitza zuhaitzaren zatiekin egokitu genuen; baserrian sartu, eta enborra ikusten da. Basoa balitz bezala atondu genuen guztia, eta Olentzerok ongietorria eman ondoren, jokoak egiten ditugu, galtzagorriekin, Basajaunarekin… Bigarren solairuan, adarrak ikus daitezke, txoriak… Eta hor, kanta tradizionalak abesten ditugu. Sotoan, berriz, Mariren koba dugu, eta zuhaitz magikoaren sustraiak ikusten dira. Oso baserri zaharra da, baina puntako teknologiaz hornitu dugu: bideo proiekzioak, karaokea, ipuin interaktiboak… Haurrak etortzen direnean, lehen unetik jolasten aritzea da helburua, eta euskal mitologiara era atseginean hurbiltzea”, esan digu Aitziber Olabarrietak, Izenadubako gerenteak.
Olentzero haur guztiek ezagutzen duten pertsonaia mitologikoa da, eta amu gisa erabiltzen dute, gainerako pertsonaiak ezagutarazteko. “Haur txikiei guztia ipuin bat balitz bezala kontatzen diegu. Olentzeroren etxean, Olentzerok berak pantaila batetik egiten die ongietorria eta, haiek, askotan, eskua altxatzen dute erantzuteko, benetan Olentzero dela pentsatzen dutelako”, dio Aitziberrek. Kanpoko aldean, berriz, jolasak daude: Basajaunaren labirintoa, Mariren koba, Tartaloren haritz sakratua… Haurrei pertsonaia horien inguruko kondaira azaltzen diete, eta hainbat jarduera egiten dituzte. Hiru dimentsioko simulagailua ere badute, eta, haurrek, han eserita, hegan egiten dutelako sentipena izaten dute.
Euskal mitologia curriculumean lantzen den gaia da, baina, Aitziberrek esan digunez, orain arte ez zegoen gai horrekin lotzeko moduko irteerarik, eta Izenaduba aproposa da horretarako. Oso ongi dokumentatu dute guztia, Jose Migel Barandiaranek eta Resurreccion Maria Azkuek utzitako lanetan oinarritutako informazio eskuratu baitute; eta informazio horretan oinarritu dute parkearen eta edukien diseinua.
Urtebete pasatu da Izenaduba zabaldu zutenetik, eta 25.000 bisitari izan dituzte dagoeneko. Jendea pozik ateratzen da handik, eta haurrek zein helduek geure mitologia ezagut dezakete, era atseginean eta jolasen bidez.
Jarduerak:
> Lantegiak
Behar bakoitzera egokitutako lantegiak eskaintzen dituzte.
> Unitate didaktikoak
Adin bakoitzera egokitutako unitate didaktikoak dituzte. Ikastetxeei eskaintzen diete material hori, bisitaren osagarri gisa.
> Baserrira bisita
Landetxo Goikoa baserriak arkitektonikoki balio handia duenez, baserria bera ezagutzeko eta baserriko elementuei buruzko sinesmenak lantzeko bisitak eskaintzen dituzte.