Ikasle garaiak

2009-01-01
 
 
Urteak dira ikasle garaiak pasa nituela, eta orain, orduan baino are kritikoagoa naiz jaso nuen hezkuntzarekin. Haurtzaro zoriontsua izan nuen oso (pribilegiatua ni), baina, ordu asko bertan pasa arren, garai hartako pasarte ederren artean, gutxi dira eskola girokoak. Jasotako hezkuntzaren zama nabari dut oraindik bizitzaren alor askotan. Eskola garaiak oroitzen ditudanean, besteen artean, hitz hauek datozkit burura: azala, itxura, kopurua, teoria, lasterketa, hartzailea eta norbanakoa. Ikastea oztopoz betetako lasterketa zen eta helmuga, hala edo nola, titulua lortzea. Ikasleak, adinaren arabera sailkatuta, eduki teorikoz bete beharreko poltsa hutsak ginen. Edukiak testuak eta zenbakiak ziren, zenbat eta gehiago hobe, eta garrantzitsuena, azterketa egunean, aurreko egunetan buruz “ikasitako” eduki horiek errepikatzen jakitea zen. Hori bai, behin azterketa gaindituta, disko gogorraren formateoa egin genezakeen, lasai asko.
Edukiak, askotan, gure garaiarekin eta inguruarekin arrotzak ziren, eta bertakoa baztertuta, kanpokoari ematen zitzaion garrantzi handiagoa. Ikasketa teknikoak bai, baina zer erakusten zen giza harremanei buruz? Osasuna, sexualitatea, sentimenduak, elikadura, aisialdia, drogak, lana eta abar, gure bizitzaren ezinbesteko parte dira, eta horiei buruz dakiguna, kaleak eta bizitako esperientziek erakutsi digute. Ikasleak hartzaile hutsak ginen (kontsumitzaile) eta irakasleak zein liburuak esandakoa ontzat hartu eta, xehatzeko denborarik gabe, kontsumitu beharra genuen.
Izotzezko irakaslea irudikatzen dut. Talde lana ez zen apenas bultzatzen eta bakarka egin behar izaten genuen lan asko (besteak konpetentzia balira bezala). Lanak entregatzeko garaian, edukiari baino, orrialde kopuruari erreparatzen genion gehiago. Badakit urte asko igaro direla eta gauzak asko aldatuko zirela (espero dut), baina, bidean topatzen ditudan gazte asko, akats bertsuak errepikatzen ikusten ditut. 
Hezkuntza ez da soilik eskola kontua, guztion ardura da. Musika zaletua naizen aldetik, gazteekin saio batzuk egin izan ditut, musika munduari buruz dudan ikuspuntua azalduz (komunikabide handietan ematen denari kontrajarria). Musika, komunikazio tresna aparta da eta erakargarria oso, baina, nik dakidala, gutxi landua eskola munduan (aisialdirako zerbait bezala ikusten da gehiago). Geografia eskolak lekuan lekuko kantuen bidez imajinatzen ditut; kultura eta hizkuntza desberdinak ezagutzeko sarbidea izan daiteke (ingelesean erabili ohi da), edo kantuen letrak aztertuta gai bati edo besteari buruzko hausnarketa zabal dezake. Bidegabeko mundu honi buelta emateko borrokan, guztiok dugu zer esana. Bidea luzea da (amaigabea agian) baina bidai lagun ederrak ditugu alboan (Toni Lodeiroren Consumir menos, vivir mejor  (Txalaparta argitaletxea) liburua, adibidez).