Darcos erreformaren aurkako mobilizazioek aurrera jarraitu dute

2009-02-01
 
 
“Hezkuntza ez da salgai” lelopean hainbat mobilizazio izan dira urtarrilean Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Xavier Darcos Frantziako Hezkuntza ministroak bultzatu duen erreformaren kontra protesta egin dute ikasleek, irakasleek eta gurasoek, Gabonetako oporraldiak ekarri zuen etenaren ondoren.
Xavier Darcos Frantziako Hezkuntza ministroak erreforma atzeratu izana, mobilizazioak geldiarazteko neurri gisa hartu dute ikasleek, irakasleek eta gurasoek, eta mobilizazioekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu dute. Ikasleek ez dute onartzen Frantziako gobernuak 13.000 lanpostu kentzeko duen egitasmoa, eta “hezkuntzaren merkantilizazio bidean” doan unibertsitate erreformaren aurka azaldu dira. Gainera, lizeo mailan hainbat eskaintza desagertuko dira erreformaren eraginez, eta Lanbide Heziketaren kasuan, prestakuntza lau urtekoa izatetik hiru urtekoa izatera pasatuko da. Carte scolaire delakoa desagertuz, bestalde, lizeo txiro eta aberatsen arteko aldeak orain arte baino handiagoak izango direla uste dute ikasleek. Era berean,  ikasleen fitxategiak sortzeko ekimenaren kontra daude ikasleak, izan ere, Kanbon, esaterako, mobilizazioetan parte hartu duten gazteen zerrendak osatu dituzte hainbat zuzendarik eta Hezkuntza Ikuskaritzari igorri dizkiete. 
Gauzak horrela, Gabonetako oporraldiaren ondoren protestek aurrera jarraitu dute. Abenduan izandakoak baino apalagoak izan dira, baina aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute, eta erreforma guztiz baztertu arte horrela jarraituko dutela esan dute ikasle batzordeek zein sindikatuek.
Gogora dezagun, protesten eraginez Darcosek erreforma atzeratu duela, eta, ondorioz,  datorren ikasturtean ez dela indarrean sartuko, baina ekimenarekin aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi du ministroak.