Arno Stern: “Formulazioa ez da posible den zerbait, beharrezkoa den zerbait baizik”

2009-02-01
22 urte besterik ez zituenean, gerrak utzitako umezurtzekin hasi zen lanean Arno Stern, 1946an. Orduan ikusi zuen haurrek beti gauza bertsuak margotzen zituztela, eta margotzen zituzten gauza horiek printzipio jakin batzuek gidatzen zituztela. Horrekin harrituta, jakin-mina piztu zitzaion, eta 60 eta 70eko hamarkadetan munduko hainbat leku bisitatu zituen, eskolatu gabeko haurrek zer eta nola margotzen zuten aztertzeko. Horrela aurkitu zuen formulazioa, sistema autonomoa, egituratua eta unibertsala. Parisen Closlieu izeneko tailerra sortu zuen, eta han bizi izan duen esperientzia munduko hainbat bazterretan ezagutarazi du; izan ere, han gertatzen den margotzeko jolasak parekorik ez duela dio. Euskal Herrira ere, hori ezagutaraztera etorri zen abenduan, eta guk harekin egoteko aukera izan genuen. Hitzaldia eman aurretik, formulazioari buruz eta margotzeko jolasari buruz aritu ginen Sternekin. 
 
 
Zure hitzaldiari polemikoa izan daitekeen izenburua jarri diozu: “Haurren marrazkia. Akatsa”.
Haurrak trazatzen duenean, hori formulazioaren zati bat da, eta formulazioa kode unibertsala da. Ez da artearen zati bat. Haurren marrazkiak beti amaitu gabeko jarduera baten gisara hartu ditugu. Hori da akatsa. Haurraren trazua beste era batera bilatu behar da.
Formulazioari buruz hitz egiten duzu. Zer da formulazioa?
Nik neuk sortu dudan Closlieu izeneko leku batean egiten dut lan, eta, leku horretan, eskaintzen duen lasaitasunari esker, beste baldintza edo egoera batzuetan ager ezin daitekeen trazua agertzen da. Leku horretan inork ez dio inori behatzen eta inork ez du ezer jasotzen, ez dugu mezu bat zabaltzeko aukerarik ematen duen ezer. Hori artearen ezaugarria litzateke. Baina, hemen, baldintza horietan soilik agertzen den arrastoa da, aurrez inoiz existitu ez dena, baldintza horiek inoiz existitu ez direlako. Zibilizazio guztietan trazatu dugu komunikatzeko. Horregatik uste dugu komunikatzeko, soilik trazuak edo arrastoak balio duela. Closlieun beste adierazpen mota bat posible da, eta, horrek, beste baldintza batzuetan emango ez litzatekeen zerbait adierazteko aukera ematen du. Hori ikusi dut 60 urtean zehar Closlieun egindako lanean. Baina, nire buruari galdetu izan diot ea beste kultura batzuetan edo beste zibilizazio batzuetan trazuak bestelakoak izango liratekeen. Horregatik ibili naiz munduan zehar eta bilatu ditut eskolatu gabeko herriak, gure kulturaren eraginik jasan ez dutenak, nomadak aurkitu ditut basamortuan, oihaneko biztanleak ezagutu ditut, Afrikan ibili naiz, kontinente guztietan, eta trazua leku guztietan bera dela ikusi dut. Baina, soilik era librean, kanpoko eraginik gabe adierazten bada. Era errazean azaltzen da, formulazioaren iturria memoria organikoa delako, gizaki guztiengan existitzen den zerbait. Eta jaio aurreko sentipenak gordetzen ditu, sentipen horiek memoria organikoan gordetzen dira, baina ez da horiek adierazteko formulazioa ez den beste erarik. Horrek azaltzen du gaiaren garrantzia. Arraroa da ezagutza hau lehenago existitu ez izana, baina egitatea da.
Esan duzunez, beharrezkoa da formulazioa agertzeko hainbat baldintza izatea. Zein dira horiek? Eta nola sor litezke, adibidez, zeure tailerrean, Closlieun?
Aldatzen ez den gunea da, kanpoko eraginik jasotzen ez duena, norbera egunerokotik kanpo senti daitekeen lekua da; 15 bat pertsonako taldeak izaten dira, desberdinak, eta ez da ikasgela bat, aldera ezinak diren pertsonak dira, eta sekula beraien artean alderaketarik egingo ez dutenak. Horrela, pertsona bakoitza den moduan berresten da, bere nortasuna berresten du, gainerakoei kalterik egin gabe, ez dagoelako lehiarik. Hori da Closlieuren berezitasuna, eta margotzearen jolasa deitzen da. Margotzearen jolasa margotzearen artearengandik bereizten da.
Zein da hezitzaileak horrelako tailerretan duen egitekoa?
Laguntzailea da. Hori izango litzateke rola. Ez naiz irakaslea, ez naiz zuzentzen duen pertsona bat, aukerarik onenak eskaintzeko nago hor, beste leku batean eman ezin daitezkeen aukerak daude han, eta ni jolas horren lekukoa naiz. Hori guztia ezagutaraztea ere nire funtzioa da.
Garrantzitsua da hezitzaileak tailerrean aritzen diren pertsonek egiten duten lana ez epaitzea…
Bai. Epaitzea ezinezkoa da, ez dagoelako epai daitekeen ezer. Ez da mezurik, formulazioan ez da inolako mezurik. Ez dugu interpretatzen, eta ez dugu ezer aldatzea bilatzen. Formulazioa behin betikoa da, gertatzen den moduan gertatzen da. Ez da elaborazio bat artelanen modura, behin betiko zerbait da. Formulazioa ez da posible den zerbait, beharrezkoa den zerbait baizik.
Zer iritzi duzu eskolan marrazketaren gainean egiten den lanari buruz? Eta heziketa artistikoari buruz?
Oso kaltegarria da, berezkotasunaren kontra doalako, eta, haurraren burua eta espiritua, formulazioa zapaltzen edo kaltetzen duten eta baliogabeak diren nozioekin betetzen dituelako. Heziketa artistikoa bertan behera utzi behar da. Haurrentzat zorigaitza da; haur batzuk lehenera etortzeko eta formulazioa berriro aurkitzeko joaten dira Closlieura. Baina haur gehienek ez dute formulazioa inoiz ezagutuko. Hori tragedia bat da, aukera garrantzitsua galtzen dutelako.
Eskolan, adibidez, zure tailerrean dauden antzeko baldintzak sortu beharko lirateke?
Bai, posible da. Heziketa artistikoa egitea baino positiboagoa litzateke, ziur. Eskolak Closlieura egokitzeko aukerarik izango balu, oso ongi legoke. Baina Closlieu ezin da eskolara egokitu.
Eta bateragarria izango al litzateke baldintza horiek dituen espazio bat eskolan gaur egungo heziketa moldeekin, edo aldatu egin beharko litzateke sistema guztia eta horren inguruko printzipioetan eraiki?
Hori ez da nire arazoa. Nik eredu bat proposatzen dut, eta bakoitzak horrekin ahal duena edo nahi duena egiten du. Badira irakaskuntzan Closlieu eskolan sartu dutenak, eta horrek haurrekin zuten harremana guztiz aldatzera behartu ditu. Aldaketa hori bateragarria al da eskola programarekin? Horra hor galdera. Baina, eskolan krisi handia dagoenez, dena da posible. 
Haurren marrazkia ez da existitzen
Arno Stern-en hitzetan oso larria da haurrei “marrazki bat egin iezadazu” gisakoak esatea. Haratago doa, haurren marrazkia ez dela existitzen dio, eta, haurrengan marrazkiak egiteko ohitura sortuz, adierazpen naturala izango litzatekeena hondatu dugula. “Haurra, paper batean zerbait trazatzen duenean, jolasten ari da, ez da artea egiten ari, haren mundua sortzen ari da, eta horrekin ez du ezer jakinarazi edo erakutsi nahi. Ez dago mezurik eta ez dago interpretaziorik”, dio Sternek. “Ez da imajinazio kontua, ez dago ezer suspertu beharrik. Fantasiari buruz, sormenari buruz… hitz egiten da. Zenbat nozio ezabatzeko!”, gaineratu du. Ipuin bat irakurri eta, ondoren, marrazki bat egin dezaten eskatzea ere zerbait kopiatzearen antzekoa dela dio, ez dela zerbait askea, eta haurra helduaren desioa betetzen saiatuko dela. Haurrei ez zaie ezer inposatu behar, eta haurraren trazatua errespetatzea haurra bera errespetatzea dela dio.