Teknologiaren aukeraketan irizpide pedagogiko, linguistiko eta sozialak aplikatu behar al dira?
Informatika bizitzako esparru guztietan presente dago. Eta presente dagoelako, dena beste modu batera egiten dugu. Ia konturatu gabe barneratu dugu, gainera, funtzionatzeko modu berri hori. Informatikak, IKTek eta Internetek, oro har, komunikatzeko modu gehiago sortzea ahalbidetu dute, lana egiteko modua eraldatu dute eta, jakina, ikasteko eta irakasteko modua aldatu dituzte.
Belaunaldi berriak informatikarekin jaioko dira, horrekin haziko dira. Eta horrekin haziko direlako, horrekin heztea ere hezkuntzaren ardura bilakatu da. Egun, teknologiak erronka gisa planteatzen diren garaiotan, informatika ikastetxeetan txertatu eta teknologiak modu bizian erabiltzea lortu behar da, baina txertatze hori pedagogikoa izatea nahi badugu eta erabilera biziak arduratsua izan behar badu, ezinbestekoa da teknologien nolakotasuna aztertzea. Alegia, edozein teknologia mota erabil al daiteke, teknologia delako soilik? Edo aukeratu egin behar da, eta teknologien aukeraketa horretan, besteak beste, irizpide pedagogiko, linguistiko eta sozialak aplikatu behar al dira?
Hezkuntza-guneetan eta berauetatik kanpo, gero eta leku handiagoa beteko duten tresnak dira teknologiak. Teknologiak, beraz, tresna hutsak dira. Aplikazio edo programa bakoitzak funtzio bat edo gehiago beteko ditu eta ikasgai batean edo gehiagotan erabili ahal izango dira. Funtzionalitate hutsetik haratago, ordea, tresna horiek garatzeko moduak, eta behin garatuta, horiek banatzeko moduak desberdintzen ditu bata bestearengandik. Alegia, funtzionalitate terminoetan, bi aplikazio berdinak izan daitezke, baina programa hori garatzeko modua eta banaketarako erabilitako irizpideak, printzipio teknologiko ezberdinetan oinarri daitezke. Eta horregatik, erabiltzen den teknologia motaren arabera, ikasle pasibo edo aktiboagoak sortu, ikasleen jakin-mina eta pentsamendu kritikoa areagotu eta elkartasun balioa transmititu daitezke.
Zentzu horretan, software librean garatutako programek elkartasunean oinarritutako etika teknologikoa aplikatzen dute. Programen atzean dagoen iturburu-kodea irekia mantentzen da. Ikus daiteke, aztertu, aldatu, hobetu. Besteek egindakoa oinarritzat har daiteke, besteek egindakotik ikas daiteke, betiere iturburu-kodea ulertzeko ezagutza nahikoa badugu. Modu horretan, atzerriko ikastetxe baterako garatutako programak, gure egin ditzakegu, gure beharretara egokitu eta euskaratu, inori baimenik eskatu gabe. Gure egin eta aldatu duguna gainerakoentzat eskuragarri uztea da baldintza bakarra.
Teknologiak beraz, ezinbestekoak dira euskal hezkuntzan ere. Baina dena ez da zilegi: etika teknologikoa aplikatuz euskarazko tresnak erabiltzea oinarri eta helburutzat hartu beharko litzateke eta, hori, software librearen eskutik soilik egin daiteke.
Jokin Lacalle: “Gure eskola ereduan partekatzea balio garrantzitsua dela transmititu nahi diegu ikasleei”
Ordiziko Jakintza ikastolako irakaslea da Jokin Lacalle eta zortzi urte egingo ditu laister IKTen esparruan lanean. Azken lau urteetan hasi da software askea erabiltzeak duen garrantziaz jabetzen eta, ondorioz, ikastolan erabiltzen. Ikastolako bloga martxan jarri behar zutenean hasi zen ibilbidea, orduan konturatu ziren Wordpress izeneko aplikazioak eskaintzen zituela aukerarik onenak. Aurrez zituzten errezeloak eta aitzakiak alde batera utzi eta, duela bi urte inguru, Mikel Etxarri lankidearekin batera Ubuntu probatzera ausartu zen. Gainera, Firefox-ekin batera, OpenOffice, Thunderbird, The Gimp eta antzekoak erabiltzen hasi ziren. Lanean buru-belarri aritu dira azken urteetan eta ikastola osoan software askea erabiltzeko migrazio prozesua 2010ean amaitzea espero dute. Software askea bat dator ikastolaren filosofiarekin, eta partekatzea bezalako balioen garrantzia azpimarratu nahi diete ikasleei.
Noiz hasi zineten lanean software askearekin Jakintza ikastolan?
Duela lau urte, ikastolako bloga martxan jarri behar genuela eta, hainbat aplikazio probatu ondoren, Wordpress izeneko aplikazioak aukera oso onak eskaintzen zituela jabetu ginen. Ordu asko pasa behar izan genituen laguntza foroetan, aplikazioaren garapenarekin zerikusia zuten albisteak jarraitzen eta abar. Horrela Opensource komunitatearen lan egiteko modua ezagutu genuen. Creative Commons lizentziak, Wikimedia eta Mozilla Fundazioak, edota bestelako Opensource web aplikazioen (Joomla, Drupal, Mediawiki, Moodle...) gaineko informazioa bildu genuen. Web mailan erabiltzen ziren aplikazio nagusiak lizentzia askekoak zirela ikusi genuen eta Opensource komunitateak egindako lanari esker garapen maila altukoak zirela, gu bezalako profil tekniko baxuko erabiltzaileentzat aplikazio erabilerrazak zirela eta, era berean, oso indartsuak zirela. Webean hain garbi ikusten genuena ez ote zen ere aplikazio lokalekin, alegia, ordenagailuetan instalatu behar diren programekin gertatuko? Azken bi urtetan hasi gara GNU/Linux distribuzioak aztertzen. Une honetan irakasle guztientzat zabalik dagoen Wordpress-en oinarritutako blog plataforma dugu martxan; horietako askok Moodle erabiltzen ari dira; ikasle eta irakasle guztiek dagoeneko Firefox eta OpenOffice normaltasunez erabiltzen dituzte eta, laister emango dugu Ubuntu-rako saltoa.
Beraz, pixkanaka ikastetxe osora zabaltzen ari zarete software librearen erabilera…
Irakaskuntzan, aldaketa pedagogikoak oso astiro gertatu ohi dira baina IKTak gure lanbidera heldu direnetik, gauzak beste erritmo batera doazela dirudi. Horrek arrisku handia du, izan ere, ezin dugu ahaztu irakasle askoren alfabetizazio digitala ez dela punta-puntakoa, eta aldaketa horiekin itolarria sentitzen dute askok. Beraz, ezinbestekoa da tentuz jokatzea, eta aldaketak eta lankideen esku ipiniko ditugun tresnak aurrez ongi aztertzea.
Zergatik egin zenuten software askearen aldeko apustua?
Jakintza ikastolan 1996. urtean heldu zitzaion kalitatearen kudeaketari, eta ordutik hona praktika on asko partekatu ditugu. Hori are eta nabarmenagoa egin zen IKTen etorrerarekin. Bat-batean, gure lana zabaltzeko modu errazak eta eraginkorrak ezagutu genituen eta, gure esperientziak edota sarean zehar bildutako informazioa ikastolatik kanpo partekatzeko aukera erraza genuela ikusi genuen. Esperientziak trukatu, informazioa partekatu, elkarlanean oinarritutako ekimenetan parte hartu... Horiek guztiak gure izaerarekin bat datozen ezaugarriak dira. Beraz, konturatu gabe, baina, gure egunerokotasunean, beti izan dugu Opensource filosofia oso barneratuta.
Tamalez, aurretik sekula ez nintzen konturatu erabiltzen ari ginen software mota izpiritu horrekin, gurea bezalako hezkuntza erakunde batek zabaldu behar dituen balioekin kontraesanean zegoela. Baina 2007ko irailaren 15ean sinatu zen “Hezkuntza Irekiaren aldeko Lurmutur Hiriko Aitorpena” irakurri nuenean, zeharo aldatu nuen ikuspegi hori. Oso identifikatuta sentitu nintzen bertan adierazten zenarekin. Eskola irekia gara, baina ez soilik ideiak, informazioa edota proiektuak partekatzen edota elkarlanean garatzen ditugulako. Asko dira besteen esku uzten ditugun baliabide eta materialak, eta horiek benetan irekiak izatea nahi badugu, erabiltzen ditugun bitartekoak (aplikazioak, alegia) eta lizentzia motak berraztertzea ezinbestekoa zela ikusi nuen. Orduan konturatu nintzen software askea erabiltzeak duen garrantziaz eta hori izan zen honen guztiaren abiapuntua.
Hortik aurrera, informazioa bilatzen, Opensource mundua ezagutzen, esperientziak bilatzen eta horietatik ideiak ateratzen, aplikazioak erabiltzen... hasi ginen, eta ibilbide horretan, software askea erabiltzearen aldeko arrazoi ugari daudela konturatu naiz. Horietako batzuk hezkuntzaren xedearekin dute harremana; beste batzuk alderdi etiko edo filosofikoekin, lege kontuekin zerikusia dutenak ere badira tartean, eta baita alderdi ekonomikoa ukitzen dutenak ere. Baina gutxitan aurkitu dut software askearen aldeko argudio teknikorik, hau da, "software askeak pribatiboak baino kalitate handiagoa du" esaten duenik. Azkenaldian, dena den, gauzak aldatu direla iruditzen zait. Alde batetik, software askeak bilakaera ikaragarria izan du. Garbi esan behar da gaur egun, punta-puntako aplikazio askok lizentzia askea dutela. Bestalde, Microsoft etxeak azken produktuak kaleratzean erabaki estrategiko oker batzuk hartu izanak ere aukera askeak erabiltzea erraztu du. Gainera, sarean gertatutako aldaketen ondorioz, lokalean instalatutako aplikazioekiko menpekotasuna murrizten joan da eta GNU/Linux sistemekin bateraezinak ziren aplikazioen zerrenda murriztu da. Web 2.0-ren itzalean ere, lankidetza eta komunikazioan iraultza handiak gertatu dira. Horri esker, gure arazoei irtenbidea aurkitzea errazagoa bihurtu da.
Eta zer lortu nahi duzue software askearen erabilerarekin?
Gure ikasleei eta irakasleei euren lana modu errazagoan eta eraginkorragoan egiten lagundu nahi diegu. Euskara hutsean egongo diren kalitatezko aplikazioak erabiliz lanean pasatuko duten denborari etekin hobea ateratzen lagundu nahi diegu; euskarazko tresnekin lan eginez eraginkorragoak izaten lagundu, alegia.
Bestalde, erakunde ofizialetatik bultzatzen ari diren kanpainek zabaldu nahi dituzten ideia faltsuen aurrean, gure ikasleei ondorengo ideia helarazi nahi genieke: "Legala izateko, parteka ezazu!". Era berean, "Partekatzerakoan, izan zaitez legala!" mezua ere helarazi nahi diegu. Gure eskola ereduan partekatzea balio garrantzitsua dela transmititu nahi diegu ikasleei. Eskatu, erabili, kopiatu, zabaldu... software askea nahi duzunarekin nahi duzunean, zure eskubidea da.
Hitzetik ekintzetara pasatu nahi dugu. Asko hitz egiten da software askeak dituen onurei buruz, baina erabiltzera ausartzen direnak ez dira hainbeste. Irakaskuntzan mesfidantza puntu bat bada oraindik eta ingurukoen esperientzien eta erreferentzien zain geratzen dira, bide horretan aurrera egin baino lehen. Dinamika horrekin hautsi behar dela uste dut eta gure esperientziak horretan lagun badezake, aurrera.
Nola ari zarete gauzatzen prozesua?
Sare osoaren software askerako migrazioa hiru fasetan planifikatu genuen. Lehen fasean, gure proposamenaren ardatz nagusiak azaltzen zituen dokumentua prestatu genuen, zuzendaritza taldeari aurkeztu genion eta etapa guztietan eztabaidatu zen. Klaustroak proposamenari oniritzia eman eta 2008ko ekainean aurrera egitea erabaki zuen.
Bigarren fasea, ikasturte honetan burutzen ari gara. Bi zeregin nagusi aurreikusten genituen: alde batetik, sareko ekipo guztietan Windows-en pean funtzionatzen duten software askeko aplikazioak erabiltzea eta, bestetik, datorren ikasturterako proposatzen dugun sistema eragileen aldaketa egin aurretik, azterketa egin eta sor daitezkeen arazoen aurrean zer egin dezakegun baloratzea. Horrela, irailetik hona ikastolako irakasle eta ikasle guztiek OpenOffice, Firefox eta Gmail-eko korreo kontuak erabiltzen hasi dira. Eta helburu nagusia, aplikazio horiekin trebatzea da, datorren urterako proposatzen ditugun aldaketetarako prest egon daitezen. Datozen sei hilabetetan, sareko elementu fisiko guztien inbentarioa egingo dugu, egon daitezkeen bateragarritasun arazoak identifikatuz eta horiek konpontzeko egon daitezkeen aukerak baloratuz. Gauza bera egin beharko dugu irakasleok erabiltzen ditugun aplikazio espezifiko guztiekin.
Eta, hirugarren faseari datorren ikasturtean helduko diogu. Dena ongi badoa, datorren urtean ikastolako zerbitzari eta ekipo guztietan GNU/Linux-en oinarritutako sistema eragileak izango ditugu. 2010erako ikastolako sare osoa aplikazio askeekin funtzionatzen izatea espero dugu.
Bidean topatu al duzue arazorik?
Arazo teknikorik ez dugu izan, apenas. Garai bateko software askearen mito beltzarekin (erabiltzeko zailegia dela, arazo ugari ematen duela, ordaindutako aukerek baino kalitate kaskarragoa duela...) amaitu beharra dago. Aplikazio horiek erabiltzearen arrazoi nagusia ez da ekonomikoa, kalitatearen aldeko apustua egiten dugu. Firefox, OpenOffice eta GMail bezalako aplikazioak merkatuan dauden onenak dira, eskaintzen duten egonkortasun, zerbitzu gehigarri eta duten sostengu teknikoarengatik.
Arazoak beste esparru batzuetatik datozkigu. Nabarmenena, erakunde ofizialek aplikazio horiei eskaintzen dieten sostengu falta da. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kudeaketa aplikazioetarako duen atari nagusia (https://www.hezkuntza.ej-gv.net /aplikazioak/) edota Ikastolen Elkarteko webgunearen hainbat aukera ezin ditugu behar bezala erabili Firefox-en, espreski Internet Explorer-ekin erabiltzeko diseinatuta daudelako. OpenOffice-ekin ekoiztutako dokumentazioarekin ere arazoak ditugu. Baina uste dut arazo horiek pixkanaka konpontzen joango direla.
Ubuntu-rekin ere, arazoak alde beretik etorriko direla uste dut. Ubuntu-ren arazo nagusia hori baita nire ustez: software garatzaile askok eskaintzen duten sostengu falta. Sostengu falta horrek arazo handiak sortuko dizkigu. Ikastolen Elkarteak ekoizten dituen aplikazio didaktiko ugari erabiltzen ditugu ikasleekin eta horietako gehienek ez dute GNU/Linux-erako bertsiorik. Datorren urtean, horri irtenbidea ematea lehentasuna izango da guretzat.
Erresistentziarik topatu al duzue? Zein izan da, esaterako, ikasleen erantzuna?
Lankideen eta ikasleen erantzuna ezin hobea izan da. Elkarlanari eta borondate onari esker, aurrera egitea lortu dugu. Ikastolako klaustroak adierazi duen heldutasun teknologikoak harrituta utzi nau; etorkizunean izango ditugun erronka pedagogiko gehienak IKTen eskutik etorriko zaizkigu eta jarrera horri esker, arrakastaz egingo dugu aurrera. Ikasleei dagokienez ere, ez dugu arazorik izan. Gaztetxoenak, oraindik alfabetizazio digital baxua dutenak, oso modu naturalean egokitu dira eta helduak ere, erraz egokitu dira egoera berrira.
Etorkizun hurbilera begira software librea ikastetxe osora zabaltzea izango da erronka nagusia. Urrutirago begira jarriz gero, zer ideia dituzue buruan?
Datorren ikasturtea oso garrantzitsua izango da hiru urteko migrazio prozesua amaituko dugulako. Urte kritikoa izango da, arazoak sortuko baitira, ziur, eta gure asmoa horiek ahalik eta azkarren identifikatzea eta konpontzea izango da. 2010an sistema osoaren migrazioa amaitua izan nahi dugu. Eta gero, zer? Bada, teknologia berrien esparruan oso urrutira begiratzerik ez dago, aldaketak etengabe gertatzen baitira.
“Hezkuntza Irekiaren aldeko Lurmutur Hiriko Aitorpena” izeneko dokumentuan hezkuntza baliabide irekien irismena eta eragina handiagotzeko hiru estrategia definitzen dira. Horietatik bigarrena azpimarratu nahi izan du Jokin Lacallek. Honela dio:
"Hezkuntza Baliabide Irekiak: bigarrenik, hezitzaile, egile eta erakundeei dei egiten diegu baliabideak modu irekian argitara ditzaten. Hezkuntzako baliabide ireki horiek lizentzia behar lukete edozein pertsonak erabili, berrikusi, itzuli, hobetu eta partekatu ahal izateko, modu idealean, lege arloko mugarik gabe, eskumen egoki baterako edo ondoriozko lanak partekatzeko sortzailearen eskakizuna besterik behar izan gabe. Baliabideak erabilera nahiz edizioa erraztuko duten formatuetan argitaratu beharko lirateke, eta plataforma tekniko ugarietara egokitzeko moduan. Eta, ahal denean, ezintasun fisikoak dituztenentzat eskuragarri egon beharko lukete; baita Interneterako sarbiderik ez dutenentzat ere."
Assa ikastola. LAPUEBLA DE LABARCA
Julen Zabala Lapuebla de Labarcako Assa ikastolako IKT dinamizatzailea da, eta Software librearen aldeko taldeko kidea. Duela urte batzuk hasi zen Julen software askea erabiltzen, baina Assa ikastolan duela bi urte hasi ziren software askearekin lanean. Ikastolan taldetxo bat sortu zuten, proposamena egin eta klaustroak babes osoa eskaini zion ekimenari. Hainbat aukera aztertzen eta frogak egiten hasi ziren orduan, eta emaitza onak ikusita, gaur arte horretan jarraitu dute.
Duela bi urte Assa ikastolan software askearekin lan egitearen alde sortu zuten taldetxoak, ikastolek eragile izateko duten ahalmenean sinesten du, hezkuntza askea eta irekia posible dela uste dute eta bide horretan, dependentzia teknologikoa kontrako faktore gisa ikusten dute.
Software askearen aldeko apustua zergatik egin zuten garbi du Julenek: “Inguruan dugun errealitateaz kontziente garelako eta zentzuz jokatzeko”. Zentzu horretan, egun bizi dugun egoera historikoa bereziki garrantzitsua dela uste du eta hainbat arrazoi aipatu ditu: “Alde batetik, iturri kodea ezagutuz, softwarea euskaratzeko aukera zabalagoa da. Gainera, software askearen inguruan gero eta baliabide eta erraztasun gehiago daude”. Gizartean ezagutza partekatzeari garrantzia ematen dion mugimendu edo filosofia berria zabaltzen ari dela dio Julenek eta horrek ez duela onartzen ezagutza merkantzia izatea. “Filosofia horrek zera aldarrikatzen du: ez dago gizarte askerik software askerik gabe. Izan ere, zilegi al da, akaso, DBH amaitu duen ikasle bati sistema eragileaz galdetu eta soilik Windows-a dagoela erantzuteak? Zer hezkuntza teknologiko dependiente ari gara bultzatzen? Pozik egongo dira Microsoftekoak...”, dio Julenek. Izan ere zailtasunak hor dira: “Hartzen dugun bidea edozein delarik ere, migrazioak kostu bat izango du. Zeren, estandarrak betetzeko eta elkar ulertzeko eginak dauden honetan, Windows-eko software gehienak ez ditu errespetatzen, berekiko dependentzia areagotuz. Horrez gain, lizentzien pisua geroz eta astunagoa izan daiteke ikastola askorentzat, txikientzat gehienbat”, azpimarratu du Julenek.
Horrekin ez dute esan nahi software askeak zailtasun edo arazo guztiak konponduko dituenik, ezta doan denik ere, baina bide bat edo bestea hartzea geure esku dagoela aldarrikatu nahi du Assa ikastolak. "Zuk sagar bat badaukazu eta nik beste bat, trukatuz gero, sagar bana izango dugu; baina zuk ideia bat badaukazu eta nik beste bat, trukatuz gero, bina ideia izango ditugu". Esaldi horretan oinarritutako filosofia jarraitzen dute Assa ikastolan, kidekotasunaren eta elkarbanatzearen filosofiak guztiontzat abantailak dakartzala uste dutelako. Lehen egitekoa, beraz, inguruko eragileak sentsibilizatzea izango da, etorkizunean hartu beharreko erabakiei zentzuz aurre egiteko oinarri filosofikoa izan dadin.
Ikastolen egungo egoera erreala zein den aintzat hartuta, mailakako aldaketa egiteko proposamen zehatzak luzatu behar direla uste du Julenek; plataforma aldatu gabe, hasieran, Windows gainean software askeko aplikazioak erabiliz, eta bakoitzaren erritmo eta denborak errespetatuz, sareko zerbitzari eta sistema eragileak aldatzen joan.
Assa ikastolan prozesuaren lehen fasea amaitzear dago, egun erabiltzen duten software gehiena askea da, eta ikasleekin Ubuntu sistema eragile askea erabiltzen dute. OpenOffice-ekin oso ongi moldatu dira. Dagoeneko haien ordenagailu parkea mantentzen laguntzen dien enpresak Linux-en lan egiteko gaitasuna du eta laister, migrazioaren hurrengo faseari heltzeko moduan izango dira.
Julenek argi du, egungo sistema eragiletik aldentzeko ikastolen munduan egiten diren aplikazioak estandarretan oinarrituak izatea beharrezkoa dela. Pausu hori bereziki garrantzitsua izango da haren ustez Windows-ekin ditugun loturak askatzen hasteko.
San Bizente ikastola. OION
Oiongo San Bizente ikastolan duela hiru urte hasi ziren lanean software askearen inguruan eta David Sanchez ikastolako IKT dinamizatzaileak azaldu digunez, ikastolako ohiturak eta lan egiteko moduak filosofia berri horretara egokitzen ari dira pixkanaka. Hasieran aldaketari beldur apur bat bazioten ere, gaur egun oso pozik daude hartutako erabakiarekin.
San Bizente ikastolan software askearekin lanean hasi aurretik, tresna horien berri bazuten, baina zerbait arraroa zela pentsatzen zuten Davidek esan digunez: “ordaindu nahi ez dutenen softwarea edo programadore frikien kontua zela uste genuen”. Baina software askearen atzean ezkutatzen den filosofiak haien lan egiteko era zalantzan jartzen zuen behin eta berriz. “Zer ari gara egiten? Ikasle libreak hezten ari gara edo enpresa baten menpe izango diren bezeroak sortzen? Nola gustatuko litzaiguke izatea etorkizuneko gizartea? Galdera horiek ikastolan indarra hartzen zuten neurrian aldaketa garrantzitsua gertatu zen software askearen munduan: inguru grafiko indartsuak zituzten sistema eragileak agertu ziren. Era horretan, Ubuntu bezalako sistema bat erabiltzeko ez duzu programadore ero bat izan beharrik, oso erraza eta atsegina baita. Bestetik OpenOffice paketeak testuak, aurkezpenak eta kalkulu orriak erabiltzeko aukera ematen zigun aldaketarik nabaritu gabe; Firefox nabigatzailea erabiltzen genuen ordurako... Aldaketa egiteko prest geunden”, azaldu digu Davidek. Eta aukera egitearen arrazoiak galdetuta ez du zalantzarik: “Aukera hori egiteko arrazoiak? Bada, laburbilduz esan dezakegu software askea hezitzailea, eraikitzailea, anitza, legala eta etikoa delako egin genuela aldaketa”.
Helburua, edukiera informatikoekin batera, ikasleei elkarlanaren garrantzia transmititzea da. Azken finean hori da software askearen atzean dagoena, elkarlana eta partekatzeko filosofia. Aldaketa sakona da, baina poliki-poliki eginez gero ez du zertan traumarik sortu behar Daviden ustez: “Aplikazioekin hasi ginen, sistema eragilea aldatu gabe, izan ere Windows-en ere badaude askeak diren aplikazio ugari eta horiek erabiltzen hasi ginen; batik bat, OpenOffice (ofimatikarako), Firefox (nabigatzailea), Gimp (irudien trataerako) Audacity (audiogintzarako)... Urrats hori emateko urtebetez aritu ginen lanean. Behin aplikazio askeetara ohituta geundela, sistema eragilearen aldaketa egitea erraza izan zen. Ubuntu-ren distribuzioa ekipo guztietan instalatu genuen eta Debian-ena zerbitzarian”.
Prozesu horretan, bidean topatu duten oztoporik handiena haien beldurrak gainditzea izan da, gainerakoa uste zutena baino askoz errazagoa izan baita. Etorkizunera begira, berriz, Euskal Herriko hezkuntza komunitatean eraldaketa bultzatzea izango da erronka nagusia Davidek esan digunez: “Ez gaude bakarrik, beste ikastola batzuk ere prozesu horretan sartzen ari dira eta gure ustez gero eta gehiago izango dira etorkizun hurbilean elkartuko zaizkigunak. Ikastola berri horiei laguntza eskaintzea eta gainerakoak kontzientziatzea izango dira gure hurrengo helburuak”.
Diocesanas ikastetxea. GASTEIZ
Diocesanas ikastetxean, duela lau urte egin zuten software askearen aldeko apusturik garrantzitsuena Aitor López de Aberasturi, irakaslea eta Dinux proiektuaren arduradunak azaldu digunez. Orduan, DBHko eta Batxilergoko ikasleak informatika geletan OpenOffice erabiltzen eta Dinux euskarazko sistema eragilea eta euskarazko programak jasotzen zituen sistema garatzen hasi ziren.
Software askea erabiltzen hasteko arrazoi nagusiak bi izan ziren: alde batetik Diocesanaseko etorkizuneko apustu bat izan zen, eta, bestetik, software askeak euskarari ematen zion aukera aprobetxatu nahi zuten. Software askeak eskaintzen dituen abantailak baliatu nahi dituzte Aitorrek esan digunez: “Gure ikastetxeetan ordenagailu baten aurrean euskaraz edo gaztelaniaz ari gaitezke, gure sistemak oso seguruak dira, ez dugu birusik jasotzen, ez dugu urtero lizentziarik ordaindu behar, eta batez ere kopiatzeko, elkarbanatzeko, aldatzeko askatasuna dugu”.
Ikastetxe osora zabaldu dute software librea. Alde batetik, Diocesanaseko lau zentroetako Mediateketan eta DBHko eta Batxilergoko informatika geletan Dinux sistema eragilea instalatu dute, eta zentroetako beste ordenagailuetan jabedun-softwarea instalatuta izateaz gain, software askea ere badute. Administrazioak dena den, ez du biderik errazten Aitorren iritziz: “Euskal Herriko administrazio publikoek jabedun-softwarea besterik ez dute erabiltzen eta urtero sekulako dirutza gastatzen dute lizentzietan. Europako hainbat erakunde software askea erabiltzen hasi dira dagoeneko. Extremadurako gobernuan software askea erabiltzen dute soilik eta hemen oraindik hori zer den ere ez dakigu. Etorkizunean software askea erabiliko dugu, hori argi daukat, baina administrazioek aurrerapausoak egin beharko lituzkete lehenbailehen”.
Dinux webgunetik haien sistema eragilea doan deskargatu eta froga dezakezue: http://www.dinux.org.
Politeknika Txorierri ikastetxea. DERIO
Lanbide Heziketan ere bada esperientziarik. Derioko Politeknika Txorierri Ikastetxean, esaterako, duela hamar urte hasi ziren software askea erabiltzen Josu Orbe IKT sustatzaileak azaldu digunez. Garai hartan idazmahaiko aplikazioen garapena oraindik software pribatiboaren menpe zegoen, baina zerbitzarietan gauza politak egin zitezkeen software librea erabilita.
Lizentzien kostua eta une hartan Telekomunikazio eta Informatikako Goi Mailako Ziklo berriaren garapenerako, bai ikasleen eta bai irakasleen formaziorako, onuragarri izango zela. Horiek izan ziren Politeknika Txorierri ikastetxeak software askearen aldeko apustua egitearen arrazoiak. Richard Stallman-i jarraituz, beste arrazoi etiko eta moralik badela azpimarratu du Josu Orbek, baina une hartan pragmatismoa eta gerorako ikuspena izan ziren arrazoi nagusiak.
Teknologia aldetik eraginkortasuna eta efizientzia bultzatu nahi dituzte software askea erabiliz, baina, ikastetxea izanik beste gai batzuk ere jorratu behar dituzte. Adibidez, hainbat formaturen arteko konpatibilitateak lantzea, lizentzien ezagutza eta ikuspuntu etikoa eta kritikoa lantzea, zenbait sistema ikasteko aukera izatea, eta partekatzea balio moduan hartzea.
Hamar urteotan gorabehera handiak eta zalantza asko izan dituzte baina aurrera egin dute. Zerbitzarietan Moodle e-learning plataforma abian dute 2005etik, idazmahaietan Firefox, OpenOffice eta beste aplikazio batzuk instalatu dituzte eta gela batzuetan Ubuntu GNU/Linux sistema eragilea instalatu dute. Erabiltzaileen formazioa kontuan hartu behar izan dute, migrazioaren arazorik handiena ohiturak aldatzea izaten delako maiz.
Aurrera begira, software askea zerbitzu gehiagotan eta gela gehiagotan sartu nahi dute eta argi dute adi egon behar dutela, informatikaren munduan denbora laburrean aldaketa ugari gertatzen delako. Dena den, Josuk azaldu digunez, Lanbide Heziketan, askotan, oso zaila egiten zaie aplikazio profesional pribatiboak ordezkatzea, horiek izango baitira ikasleek, gerora, lantokietan aurkituko dituztenak.