Umorearen atzetik egon izan da negarrik

2009-02-01
 
 
Ezagutzen nauzuen gehienok telebistan ikusteaz ezagutuko nauzue, telebistan umorea egiteaz hain zuzen ere. Eta zuekin telebistaren bitartez edo aurrez aurre nagoen bakoitzean umorez edo umoreari buruz hitz egiten dudanez, gaur eman didaten aukera gauza serioago bati buruz hitz egiteko aprobetxatu nahi dut. Barka nire hitzekin barre egitea espero bazenuten, baina gaur nire barrua apur bat hustu behar dut.
Azken urteetan moda berri bat sortu da ikastetxeetan. Duen izen ingelesa, behintzat, berria da gure artean, baina ez hainbeste gertaera bera: bullying-az ari naiz. Emakumeen aurkako erasoekin gertatzen den bezala, adin gutxikoen arteko erasoak beti gertatu dira. Nik ere, jasan nuen halakorik ikastola garaian, eta lotsa handiz esan behar dut, noizbait, erasotzaile ere izan nintzela. Ez nuke esango haurtzaro zoriongabea izan nuenik, baina bai ez zela behar bezain zoriontsua izan, neurri batean jasan izan nituen iseka eta erasoengatik.
Zorionez, betidanik gertatzen den arren, gaur egun behar duen garrantzia ematen ari zaio gaiari, baina, oraindik ere, batzuek halako gertakariren bat entzutean haurren arteko gauzak direla esan dezakete, garrantzirik gabekoak direlakoan. Nik, ordea, ez nuen horrela sentitu, ez dut horrela sentitzen eta ziur nago, garai hartan gertatutakoa nire izaeran eragina izan zuela, betirako. Haurren artean horrelakoak gertatzen direnean hezitzaileen (irakasleen eta gurasoen) porrotaren aurrean aurki gaitezke, inguruan gauden heldu guztien porrotaren aurrean; ez ikusiarena egiteagatik, garrantzia ez emateagatik, edo gure seme alabak besteekiko errespetuan ez hezteagatik.
Gure haurrek, gure seme-alabek erasoak jasatea nahi al dugu? Traumaz beteta haztea nahi al dugu? Eta zer irudituko litzaiguke gure haurrak erasotzaileak izatea? Eskola garaiak, garai zoriontsua behar luke, jolasteko eta ikasteko garaia. Beraz, erne egon gaitezen, jakin dezagun gure haurrak erasotuak edo erasotzaileak diren, eta bila ditzagun konponbideak, lasaitasunez, luze hitz eginez. Haurrak besterik ez dira, baina biharko helduek gaurko haurren heziketa izango dute oinarri. Eta, gure haurrei, erasoak jasaten badituzte, ahal den maitasun guztia eskaini beharko genieke, eta egoera horiek saihes daitezkela eta, batez ere, gainditzen direla azaldu. Gertuago beste adibiderik aurkitzen ez baduzue, nire kasua kontatu. Bai, nire egoeran izatea oso gogorra eta tristea izan daiteke, baina, aizue, egon lasai, hori ere sahiestu eta gainditu daiteke eta. Besarkada bat, eta begiratu beti aurrera!