143: Zientifikotasunaz eta elkarlanaz

2010-01-01

Hezkuntzaren gainean hartu beharreko erabakiek zientifikotasuna behar dute. Gainera, elkarlana sustatu eta indartu behar da hezkuntzako eragileen artean. Bi ideia, bi ikuspuntu.

 
 
EAEko Hezkuntza Sailburua Isabel Celaá kezkatuta agertu da komunitate horretako eskola eta ikastoletan gertatzen ariko litzatekeen adoktrinatzearen gainean. Adoktrinamendu hori nazionalismoaren aldera egiten ariko lirateke, gainera.
Antza, lan hori egiteko bitartekoak Euskal Curriculuma eta euskara eskola hizkuntza gisa lirateke, gaingiroki.
Haren aburuz, Euskal Herria izan bada, izate kultural gisa. Errealitatea baita badela komunitate bat euskaraz hitz egiten duena eta kultura euskalduna duena. Hortik aurrera, Euskal Herria ez da existitzen, ez da juridiko-administratiboki antolatutako erakundea, ez da, beraz, herria.
Eta hori egitate zientifikoa da.
Ez omen du onartuko zientifikoa ez den ezer lantzea eskoletan. Eta horretarako, curriculuma lupaz begiratu, eta behar dituen zuzenketa eta ezabatzeak egingo omen dizkio.
Zientifikoki sakontzen jarraituz, hizkuntza eta kultura bera izanik zer dela eta egon litekeen hiru administrazio eta bi estaturen menpe azaldu beharko litzateke ere eskoletan… zientifikotasunaren bideari jarraiki, bederen. 
Eskolako hizkuntzaren gaiari, eta hizkuntzaren gaiari orokorrean, heldu dio, baita ere. Kasu horretan ez dago garbi zein argudioz. Izan ere, zientifikoki oinarritutako ikerketek, esperientziek eta soziolinguistikan, psikolinguistikan eta beste hainbat diziplinetan adituak direnek garbi esan dute hizkuntza gutxituak hizkuntza nagusiarekin berdintasunera helduko bada zer den eskolan egin beharko litzatekeena, gutxienez.
Gainera, komunitate horretan bertan, urrutiago joan gabe, eskolarako hizkuntza ereduen 30 urteko ibilbideak erakutsi dute nahikoa nondik bai eta nondik ez jo beharko litzatekeen susmatzeko.
Gogora dezagun, legea beteko bada, EAEko gazteek derrigorrezko eskolaldia amaitzen dutenean bi hizkuntza ofizialak, gutxitua eta nagusia, menderatu behar dituztela. Eta hori, zientifikoa ez baizik betebeharrekoa dela. 
Azaldu dituen argudio, asmo, proposamen eta dena delakoen artean ez dirudi hizkuntzen lorpen maila ebaluatzeko egitasmorik dagoenik, ezta ikasleek zein mailatan lortu beharko duten hizkuntza bakoitza ezartzea. Eta horrela, hizkuntza helburuak ipini gabe eta ebaluazioak egin gabe zaila ikusten da bide zientifikoari heltzea. 
Elkarlana da sarri aipatu duen beste kontzeptu bat. Behin eta berriz adierazi duenez, hezkuntzako eragile eta partaide guztiekin lan egin nahi du. 
Nekez jorra litekeen beste bidea izango da hori. Gogora dezagun EAEko hezkuntza eragile nagusienek, EHIGE, Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz eta Kristau Eskola, adierazi diotela jendarteari ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko zer egin beharko litzatekeen eta zer egiteko prest dauden. Eta, oraingoz, sailburuaren eta eragileen ibilbideak elkarrengandik urrun daude.