Pikler Institutura: Bilbotik Budapesteko

2010-01-01

2009ko irailaren 7an, Bilboko Eskurtze Institutuko Haur Hezkuntza departamentuko sei irakaslek Budapesteko (Hungaria) Pikler Institutua izenez ezagutzen den umezurtz etxearen ataria gurutzatu genuen, gaztelaniaz egin den lehendabiziko ikastaroan parte hartzeko, ezinezkoa ematen zuena egia bihurtuz. Lerro hauen helburua esperientzia hori gure herrian zabaltzea da.

 
 
Eskurtze BHI, Bilboko Irala auzoan dagoen Bigarren Hezkuntzako ikastetxea da. Gure eskaintzen barruan, Lanbide Heziketako Haur Hezkuntzako Goi Mailako zikloa nabarmentzen da, eta, azken urteotan, buru-belarri gabiltza haurtzaroari buruzko ezagueran, hau da, 0 urtetik 3ra bitarteko umeari buruzkoan, sakontzeko lanetan.
Hori dela eta, hainbat proiektu egin ditugu, eta egiten ari gara, hainbat herrialderekin (Finlandia, Suedia, Italia, Estonia, Alemania…) elkarlanean. Eta. noski, gure inguruko haur eskola pribatu zein publikoekin,  ikastolekin eta beste zenbait pertsonarekin (Rosa Jové, Vicenç Arnaiz)  eta kolektiborekin (Adarra, Kiribil…) ere egin dugu lan. Testuinguru horretan kokatu behar dugu gure esperientziaren hasiera. 
Proiektu berriak bilatzeko asmoz eta Internetek eskaintzen digun informazioa aztertzen ari ginela egin genuen topo Emmi Pikler izenarekin. Ezaguna egin zitzaidan niri. Izan ere, Pikler eta Lóczy berbak psikomotrizitateari buruzko hitzaldi batean entzun nituen lehen aldiz. Kiribil elkarteko Montse Bilbaok, mugimendu libreari buruz esaten ari zena hobeto azaltzeko, umezurtz etxe batean grabatutako irudiak erakutsi zizkigunean, hain zuzen ere.
Irudi haiek izugarrizko zirrara sortu zuten nigan, eta haur txikien arretari buruz neukan ikuspegian 180 graduko aldaketa adierazi zuten. Irudiak Myrta Chokler argentinarraren Moverse en libertad dokumentaleko gaztelaniazko bertsiokoak ziren. 
Myrtaren hitzei ez nien gehiegi erreparatu; umeen eta hezitzaileen jarrera izan baitzen zur eta lur utzi ninduena: harmonia, oreka, poza, lasaitasuna, segurtasuna eta konfiantza nabaritzen ziren. Bai hezitzailearengan, eta baita haurrarengan ere. 
Hitzaldia amaitu zen, urteak pasatu ziren, eta ikusitako irudiek bizirik jarraitzen zuten nire gogoan. Eta, halako batean, Emmi Piklerri buruzko artikulu bat aurkitu genuen Infancia aldizkarian. Autonomía y cooperación en la vida cotidíana, hain zuzen. 
Artikulu horretan, nik ikusitakoa azaltzen eta kontzeptualizatzen zen, eta orduan erabaki nuen, erabaki genuen, hobeto esanda, bilatzen jarraitu behar genuela, Eskurtze BHIko Haur Hezkuntza departamentu osoa ari baikara horretan.
Horrela, Lóczy Institutuarekin harremanetan jartzea lortu genuen. Institutu horretako Eszter Mozes pedagogoarekin harremanetan jarri, eta e-mail bidez elkarri idazten hasi ginen. Eszter Mozesek gaztelaniaz hitz egiten du. Hasieran informazio pixka bat eskatzen genion, baina, helburu komunak geneuzkala ikusirik, abenduaren erdialdean, Mozesek Budapesteko egoitza bisitatzera gonbidatu gintuen. Denbora galdu barik, hegazkin txartelak erosi, eta Hungariako hiribururantz abiatu nintzen, ikastetxeko prestakuntza arduradun gisa. 
Ondorengo lerroetan Pikler pedagogiaren oinarrizko zenbait printzipio eta bisitatu dugun institutuaren historia apur bat azalduko dizkizuet.
Emmi Pikler
Budapesten (Hungaria), Buda aldean, Lóczy izeneko kalearen 3. zenbakian dago Pikler Institutua. Haur jaioberrietatik hasi eta 3-4 urte bitarteko umeak hartzen ditu.
1946an, Hungariako gobernuak Emmi Pikler kontratatu zuen Budapesteko umezurztegi bat zuzentzeko. Pikler doktorea 1902. urtean jaiotako pediatra hungariar bat zen. Vienan (Austria) jaio bazen ere, bere bizitzako urte gehienak Budapesten igaro zituen. Unibertsitateko ikasketak Austriako hiriburuan egin zituen, eta han, Pirquet doktorearen klinikan lanean zebilela, bere praktika profesionalaren oinarrizko printzipioak izango zirenak aurkitu zituen:
* Motrizitate librea: egoera sozial eta kultural ezberdinetako umeak aztertu ondoren, mugimendu askean hezitako umeek istripu larri gutxiago izaten zituztela konturatu zen. Are gehiago, ume horien mugimenduak askoz ere orekatuagoak, seguruagoak eta garatuagoak zirela.
* Zainketa uneak: motrizitate librean hazteko, ezinbestekoa zen umeari giro fisiko eta afektibo segurua eskaintzea. Puntu horretan, ezinbestekotzat ikusten ditu Piklerrek zainketa uneak. 
Higiene eta elikadura uneetan, besteak beste, hezitzaileak harreman pribilegiatua eraiki behar du umearekin. Horretarako, ezinbestekoa da denbora nahikoa izatea umearen behar fisiko zein afektiboak asetzeko. 
Une berezi horiek emango diote umeari segurtasuna, ondoren, libreki eta modu autonomoan mugitzeko. Hezitzaileak urregorrizko denbora eskainiko dio, garrantzitsua dela erakutsiko dio, harengan, umearen gaitasunetan, konfiantza osoa duela erakutsiko dio.
* Umea bere buruaz eta inguruaz ohar dadin ahalbidetzea: helburu hori lortzeko, garrantzitsua da gertakarien erregulartasuna. Piklerrek zainketen koreografia bat garatu zuen, eta pedagogia horretan lan egiten duten hezitzaile guztiek era berean jokatzen dute ume guztiekin. Noski, ume bakoitzak behar duena jasoko du.
Budapestera itzuli aurretik, Pikler doktorea bereak bezalako ideia aurrerakoiak zituen  pedagogo batekin ezkondu zen, eta haur bat izan zuten. Izan zuten alaba Vienan aurkitutako printzipioetan heztea erabaki zuten, eta emaitza onak ikusirik, beraien lanean aplikatzeari ekin zioten.
Pikler judua zen, eta XX. mendeko 30eko hamarkadan Hungariako gobernuak juduekin zerabilkien politika zela eta, ezinezkoa zen harentzat klinika, ospitale eta beste zenbait erakundetan lan egitea. Horregatik, familia pediatra lanetan aritu zen urte askoan. Familia horiekin, alabarekin jarraitutako printzipioak probatu nahi izan zituen: umea gai izango da, bere kabuz uzten dugun heinean, bere garapen erritmoa errespetatzen dugun heinean, gehiago eta hobeto ikasteko –esertzen, zutik jartzen, ibiltzen, jolasten, berba egiten, hausnartzen…–. Piklerrek lelo bat izan zuen beti: “Izan konfiantza umeak bere kabuz garatzeko duen ahalmenean”. Eta lelo horrekin hasi zuen bere ibilbidea Lóczyn.
Pixkanaka, Pikler oso pediatra famatua egin zen, eta gero eta familia gehiagorekin egiten zuen lan. Lehenago aipatu dugunez, 1946. urtean Hungariako gobernuak umezurtz etxe bat zabaltzea erabaki zuen –gerraren ondorioz edo tuberkulosiak jota hil zirelako gurasorik gabe gelditu ziren haurrentzat– , eta Emmi Piklerri eskaini zion zuzendari kargua.
Garai hartako gobernua komunista zen, eta Pikler bera ere komunista ezaguna zen. Eskaintza onartu zuen unean hasi zen Lóczy Institutuaren historia. 
 
Institutuaren lehen urratsak
Ordura arte familiekin egindako lana erakunde batean abian jartzean, Piklerrek eta haren lankideek argi zeukaten amaren eta umearen arteko harremana ezin zela berregin erakunde batean. Hala ere, uste zuten posible zela umearen garapen fisiko eta psikologiko sanoa eta orekatua ahalbidetuko zuen giroa sortzea.
Piklerrek ordura arte familiekin praktikan jarritako printzipioak erakunde batean aplikatzea erabaki zuen; umezurtz etxean hezitako umeek etxeetan hezitakoek bezalako bizi baldintzak izatea zuen helburu. Hau da, haurrak garapen egokia izateko behar-beharrezkoak ziren baldintza fisikoak zein afektiboak izatea.
Garrantzitsua zen familiaren funtzioak umezurztegi barruan betetzea, eta, horregatik, ume bakoitzaren beharretatik abiatuta, ahalik eta zaintzaile gutxien jarri zituen haurren inguruan. Horrela, umezurtz etxera heltzen zen unetik alde egiteko ordura arte, ahalik eta pertsona gutxien izango zituen hezitzaile lanetan.
Umeekin zeuden hezitzaile guztiek koreografia edo erritual berari jarraitzen zioten. Horregatik, institutuan garrantzi izugarria zuen zaintzaileen prestakuntzak. Piklerrek kaleratu egin zituen hasierako langileak, ez baitzuten haren lan egiteko modua onartzen. Neska gazteak kontratatu zituen, eta institutuan bertan prestatu. Gaur egun ere antzeko antolamendua izaten jarraitzen dute. Hezitzaileek pedagogo eta psikologo talde baten laguntza dute, eta behaketak, informazio trukaketak, datuen azterketak… izugarrizko garrantzia dute eguneroko lanean.
Hainbat azterketaren emaitzak
1964. urtean Hungariako zientziaren akademiak umezurtz etxean zeuden umeak aztertu ostean, ondorioztatu zuen Lóczyn hezitako umeek ez zituztela ume instituzionalizatuek zituzten ezaugarriak (René Spitz).
1968. urtean, UNESCOk Lóczyn hezitako ehun gazte aztertu zituen, eta psikologikoki eta afektiboki garapen eta jarrera normala zutela egiaztatu zuen. Ikerketa horren ondoren, Lóczy Institutua ezaguna egin zen mundu osoan.
Gaur egun, nazioarteko 14 Pikler elkarte daude mundu osoan. Frantziarrak 25 urte bete ditu dagoeneko. Bartzelonan Pikler Heinsterberg elkartea dago, eta Euskal Herrian oraintxe ari gara lehendabiziko urratsak ematen.
1970. urtean, zuzendari Judit Falk zela, Lóczy Institutua Hungariako Institutu Metodologiko bilakatu zen, eta hogeita zortzi urtean lan hori bete du, hau da, hungariar umezurtz etxe eta haur eskolen aholkularitza lana bete du. 
Gaur egun, 0 urtetik 3ra bitarteko umeak hartzen dituzten Hungariako haurtzaindegiak Piklerren printzipioetan oinarritzen dira, eta nahiko ondo funtzionatzen dutela esan beharra dago.
1989. urtean institutu metodologikoa izateari utzi zion, eta Pikler Fundazioa sortu zen. Egun, Anna Tardos da fundazioko zuzendaria. Pikler hil eta hiru urtera hartu zuen fundazio izena, eta, ordutik, Emmi Pikler Institutua izenez ezagutzen da. Emmi Pikler Budapesten hil zen, 1984an.
Gure bisita
Irailaren 7tik 11ra Kataluniako eta Euskal Herriko 14 lagunek –horietatik 6 Bilboko Eskurtze ikastetxekoak– Lóczy Institutuan gaztelaniaz egin den lehendabiziko ikastaroan parte hartzeko aukera izan dugu. Askoren ustez, hau izan da profesionalki izan duten esperientziarik onenetarikoa. Zerbait mugitu zaigu barruan, benetako altxor bat aurkitu dugula sentitzen dugu: taldeko lana, umearekiko begirunea, errespetua eta konfiantza bultzatzen dituen pedagogia bat topatu dugu. Pertsona bere osotasunean eraldatzen duen pedagogia. Bai umea eta bai berarekin lan egiten duen hezitzailea, biak eraldatzen ditu.
Hunkituta heldu gara, baina emozioak ez gaitu itsutzen. Lan handia dugu aurretik, bizitakoa hausnartu behar dugu, apurka-apurka jasotako mezuak gure barnean egituratzen joan. Baina bidea aurkitu dugulakoan gaude, edo, gutxienez, bide hori markatzen duen iparrorratza. 
Datorren irailean berriro itzuliko gara, baina ordura arte Eskurtze BHIko langileok gure prestakuntza proiektuekin jarraitzeko asmoa dugu, eta, horien barruan, Pikler Pedagogiak izugarrizko garrantzia izango du; gai horretan espezialistak direnekin ikasteko aukera izango dugu, gainera. 
Guztiok zaudete gonbidatuta, noski. Lan hau guztion artean egin behar baitugu, ez dago beste erarik.