Kosmodetektagailua ikasgelara

2010-01-03
Zientzia arloa sustatzeko asmoz, “Kosmodetektagailua ikasgelara” egitasmoa abian jarri du Donostiako KutxaGuneak Bizkaia eta Gipuzkoako sei ikastetxetan.
Horretarako, Frantziako Martseila unibertsitateko irakasle den JOSE BUSTO ekarri du tresna aurkeztera eta horrekin aritu behar diren irakasleak prestatzera. Hona hemen hark esandakoa.
 
 
Nola sortu da kosmodetektagailuaren ideia?
Jose Busto. Gero eta gazte gutxiagok ikasi nahi du zientzia arloa. Horrek, arazoak sortu ditu Europan.
Egoera horren aurrean, eta zientziak ilusioa eta gogo berria sor ditzan,  era errazean eta zientzia modu erakargarrian ikastetxeetara gerturatzeko ahalegina da kosmodetektagailua.
Zure ustez, zergatik ematen ari da zientziaren gaineko urruntze fenomeno hori?
Frantzian behintzat, Fisika, Mekanika, Elektrizitatea... XIX. mendeko oinarritan irakasten ari da. Hori ongi dago, baina amesteko, ikertzeko gogoa sortzeko, astrofisika, mekanika kuantikoa, unibertsoa eta abar eragingarriagoak dira, eta hori ez da irakasten zaila delakoan. Baina, gai horiei buruz oinarrizko ikasketa errazak egin litezke eta gazteak zulo beltzak direla, galaxiak... amestera gonbida genitzazke. 
Lan munduan sartzeko, gainera, aukera ugari eskaintzen dituzte zientziek, ezta?
Bai. Ikerketan aritzeko eskaintza ez da hain ugaria, baina lan mundurako bai. Fisikan, Kimikan, Matematikan... hutsune handia dago eta jende prestatua behar da. 
Zuen ahalegina, kosmodetektagailuaren aitzakia hartuta, gazteak zientzia mundura erakartzea da, beraz.
Hori da. Duela bost urte aurkeztu genuen ideia Martseilan. Garapen didaktoa egin dugu eta horrelako zazpi tresna banatu berriak ditugu Frantziako ikastetxeetan. Hemen, aldi berean, interesa agertu du KutxaGuneak eta tresna bat ekarri dugu.
Nola funtzionatzen du tresnak?
Lurraren atmosfera etengabe bonbardatzen duten oinarrizko partikula kargatuak (protoiak, elektroiak…) edo fotoiak dira, funtsean, izpi kosmikoak. Horiek, galaxiatik edo galaxiaz kanpotik etor daitezke, esate baterako eguzki-erupzioetatik, supernoba izarren eztandatik, neutroi-izarretatik edo zulo beltzetatik. 
Lurraren atmosferan barneratzen direnean, izpi kosmikoek partikula kosmikozko sortak sortzen dituzte, eta partikula horietatik sarkorrenak, muoiak, lurrazaleraino iristen dira.
Erradiazio kosmikoa —batez ere muoiak— detektatzeko eta aztertzeko balio duen gailu sinple bat da.
Nola garatuko da?
Hasieran, irakasleak prestatuko ditugu eta ikastetxe bakoitzak 3 aste jarraian izango du gailua. Zer eta nola ikertu zentroak aukeratzen du. Ondoren, denen emaitzak parteka litezke.
Hemen, batxilergoko sei ikastetxek hartuko dute parte esperientzian.