Familia eta eskola. Bi instituzio konplexu.
Inor ez da jakinda jaiotzen. Ikasi, ikasi eta ikasi. Horixe da bizitza. Eta guraso izaten ere ikasi egiten da. Ez da betebehar erraza, eta asko dago jokoan: seme-alaben heziketa, hain zuzen. Izan ere, ez da nahikoa seme-alabak eskolara bidaltzearekin. Familia, orohar, sozializazio eragile oso garrantzitsua da haurrarentzat eta, beraz, zuzenean hartu behar du parte bere heziketan. Horregatik aipatzen da behin eta berriz gurasoek eta eskolak elkarlanean aritu behar dutela seme-alaben heziketa lanean. Nola baina? Bide horretan lanean ari diren hainbat proiektu ekarri ditugu orrialde hauetara, eta egungo hezkuntzako hiru sare nagusietako ordezkariek gurasoen eta eskolaren arteko harremanei buruz duten iritzia ere jaso dugu.
Gurasoen eta eskolaren arteko harremanak
Munduko hainbat tokitan egindako ikerketen arabera, gurasoak eta eskolako langileak elkarrekin aritzeak era guztietako emaitzak hobetzen ditu. Horregatik, bien arteko erlazioa eta kolaborazioa zaindu eta sustatu beharrekoak dira.
Familia oso instituzio konplexua da. Familia guztiak ia-ia desberdinak dira. Oso konposizio eta egoera anitzetakoak, gero eta anitzagoak, gainera.
Eskola ere, bestalde, instituzio gisa, oso konplexua da. Eskola bakoitzak bere berezitasunak ditu, bere antolaketa, bere ohiturak, bere proiektua…
Horrela ba, bi instituzio konplexuen arteko erlazioaz ari garela kontuan hartu behar dugu.
Erlazio ona beharrezkoa da
Zaila bezain interesgarria eta beharrezkoa da erlazio ona izatea arlo guztietako emaitzak hobetzea baldin bada helburua, behintzat. Ikastetxe bakoitzak erronka saihestezina du gurasoen eta langileen arteko erlazio onarena. Erlazio txarrak sortzen badira, arazoak ere izaten dira eta horrek komunikazioa eta kolaborazioa zailtzen ditu.
Beldurrak gainditu
Batzutan, familiak beldurra dio eskolari. Eta beste batzutan, eskolak beldurra die hainbat familiari. Gurasoek beren seme-alabei buruz zer esango dieten kezka dute. Eta, aldi berean, irakasleei gurasoek zer eskatuko ote dieten ere kezkatzen die. Epaitze mota bat egoten da tartean eta horrek beldurra sortzen du. Beldur horrek, defentsan jartzen ditu familiak eta defentsan irakasleak, defentsan eskola… Maiz, defentsa horiek ez dira konszienteak eta ez da jakiten zergatik gertatzen diren ere. Horrek, hausnarketarako bidea eman beharko liguke. Kolaborazioa, parte hartzea, elkarlana bidea izan liteke hori guztia gainditzeko.
Konplexutasuna erronka
Familia mota ugarirekin egiten dugu topo eskolan bertan. Familia aniztasun horrek aberastu egiten du, eta, aldi berean, zaildu. Hori kontuan, eskolaren eta irakasleen ikuspuntutik, aniztasun hori onartzen eta aurreiritzirik gabe tratatzen ikasi behar da. Hori baita funtsa, abiapuntua, errealitatea ezagutuz eta dagoenetik abiatuz eskolak dituen helburuetara bideratzeko aukera. Tarteka, aurreiritziak orokortzeko joera izaten da, familia bakoitza eta haur bakoitza desberdina dela ahaztuta.
Eskolak mugak ditu
Heziketa kontuan gehiegi jarrita dago ardura irakasleengan eta eskolan. Jakina da eskolak bakarrik ezin duela hezi. Izan ere, familia da heziketaren arduradun nagusia.
Eskolak hezitzen du, noski baietz! Baina neurri batean soilik. Parte garrantzitsuena familiari dagokio.
Ezin da ahaztu, bestalde, komunikabideek, aisialdiak, inguru sozialak eta abarrek ere badutela bere eragina ikasle bakoitzaren heziketan.
Familiak mugak ditu
Askotan, aitak eta amak biek lana egiten dute. Horrela izatea nahi dugu, hala sinisten dugu, eta, errealitatean hala da. Gurasoak nekatuta iristen dira etxera beren lanetatik, seme-alabekiko atentzio, dedikazio eta ondorio guztiekin. Gainera, askotan, guraso bakarra izaten da, egoera zailduz. Hezitzeko mugak nabarmenak dira.
Elkarlana da bidea
Sarritan, irakasleei iruditzen zaie familiek ez dutela nahikoa egiten eta familiei ere iruditzen zaie irakasleek ez dutela egin beharrekoa egiten.
Familiak mugak ditu eta eskolak ere mugak ditu. Bi instituzioek muga handiak dituzte hezitzeko garaian, haur bakoitzaren heziketa garatzerakoan... Eta errua, berez, ezin zaio inori bota. Bi aldeak, printzipioz, umea ongi hezitzea nahi dute. Hala izanda, zer egin liteke?
Irakasleak edota langileak, oro har, ongi egotea komeni da, errespetatuak sentitzea. Hezitzailea gero eta hobeto egonda, gurasoekin gero eta erlazio hobea izanda, ikasleak hobeto egongo dira eta etekin handiagoa aterako zaio heziketa prozesuari.
Eskolako irakaslea, jangelako langilea, garbitzailea, administraria, autobusetako profesionala... denak dira instituzio konplexu horren partaide, eta gurasoak ere bai. Horrez gain, eskolako langile asko guraso ere badira.
Horregatik, eskolaren eta familiaren artean egiten den banaketa ez da hain argia eta erreala. Nolabait esateko, denen egitekoa da neska-mutilen heziketa eta banaketa baino, elkarlana da bilatu behar dena.
Zer hobetzen da gurasoek eskolaren bizitzan parte hartzen badute?
Alde batetik, eragin positiboa du seme-alaben emaitzetan. Bai arlo akademikoan eta bai egokitze, motibazio, portaera, jarrera eta abarretan ere.
Alaba-semeek gurasoen parte hartzea eta interesa ikusten dutenean errendimenduan hobetzen dute, seguruagoak sentitzen dira eta horrek lagundu egiten die heziketa prozesuan.
Bestalde, parte hartzen duten heinean, gurasoek ere hobeto ezagutzen dute ikastetxea, dauden aukerak eta zailtasunak, harremanak egiten dituzte eta giroa hobetzen da. Horrekin, ez ezagutzeak beldurra sortzen duen bezala, ezagutzeak konfiantza eta jarrera baikorragoa sortzen du eskolarekiko.
Eskolak familien premiak hobeto ezagutzen dituztenez, gainera, motibatuagoak aritzen dira horiei erantzun nahian, eta, horrek guztiak aldeko eragina izaten du.
Nola erraztu familiaren eta eskolaren arteko parte hartzea
Bi aldeen arteko komunikazioa ezinbestekoa da. Komunikazioak bi norabideetan izan behar du. Hau da, familiak informazioa jaso behar du eskolatik (eskolak dituen eskaintzak, parte hartzea errazteko dauden aukerak, zer eta nola ikasten den, nola lagundu eskolan eta etxean...) eta eskolak jaso behar du familiatik (dituen beharrak, ametsak, proiektuak, gogoak eta kezkak, zertan parte hartzeko eta laguntzeko prest dagoen...).
Familia bakoitzaren egoera, itxaropenak, nahiak, eta mugak ezagutzea ere egoki litzateke, parte hartze prozesuan bidea errazteko.
Nola hobetu
Jarrera positiboa izatea komeni da. Egoera erreala ahalik eta ondoen ezagutzea litzateke abiapuntua. Diagnosia egin familiak eta eskolako langileak egiten ari direna ezagutzeko, bai etxean eta bai eskolan. Eta hori ezagututa, denok adostutako plana egitea komeni da heziketa prozesua hobe dadin.
Ez dago bidezidorrik, elkar ezagutzea da bidea, eta horretarako konfiantza giroa ezinbestekoa da.
Gurasoentzako tresnak
Asko dira gurasoek euren seme-alaben heziketan zuzenean parte hartu behar dutela uste duten pertsona, talde edota elkarteak. Hori dela eta, Euskal Herrian badira gurasoen lana errazteko helburuarekin lanean ari diren hainbat proiektu. Euren seme-alaben hezkuntzaren gaineko kezka duten gurasoek bultzatutakoak dira batzuk. Beste batzuk, berriz, guraso horiek izan ditzaketen premiei erantzuteko helburuarekin sortutakoak.
Jarraian, www.guraso.com webgunea, Gurasolandia haur eta helduentzako parkea, Egiteko prest! aldizkaria eta Gurasotegi egitasmoa ezagutuko ditugu.
GURASO.COM
Gaztea da oso www.guraso.com eta horrela definitzen du bere burua: gurasoen premiak asetzeko webgunea. 2008ko irailean, Txus Arrietak webgunearen ideia aurkeztu zien Arrasateko Udaleko euskara teknikariei, eta azken horiek, ideia interesgarria zelakoan, Goiena Komunikazio Zerbitzuengana eta Txatxilipurdi elkartearengana jo zuten webgunearen bideragarritasuna aztertzeko asmoz.
Egoitz Larrañaga Txatxilipurdi elkarteko kidea da eta berak azaldu duenez “Guraso.com egitasmoa bizi dugun garaiotako ondorio zuzena da”. Hau da, “amatasuna eta aitatasuna egungo gizarte berdinago honetara ekartzeko saioa”. Txatxilipurdi elkartearen ustez, guraso berriek seme-alaben heziketan aurkituko dituzten arazoak askotarikoak izaten dira.
Azken batean, ustezko xamurtasunaren ordez gizarte honetan nagusi den estresak eraginda zailtasunak biderkatu egiten dira: haurdunaldi eta erditze zailak izaten dira, haurtzaindegiak eta haur eskolak gainezka daude, lana eta gurasotasuna uztartzea oso zaila da, heziketan joera berritzaileak daude etengabe, bikote banaketaren alternatiba mingarria presente dago, guraso adinduxeak ugaritzen ari dira…
Horiek guztiak kontutan izanda, “web gunearen helburu nagusia, gurasoentzako baliabideak eskaintzea da, informazio ezberdina biltzea eta familien eskura ipintzea”. Izan ere, gurasoek heldulekuak behar dituztela uste dute ekimena kudeatzen duten eragileek: “Gizarte post-moderno eta berdinago honetako eredu berriak jarri behar zaizkie: foroa zabaldu, esperientziak trukatu, informazio zehatza eta berezitua eman eta hartu...”, azaldu du Larrañagak. Bestalde, umeen heziketaren inguruko informazio asko dagoela uste duten arren, sarritan hutsala izaten dela diote. Eta informazio hori euskaraz topatzea, ia ezinezkoa dela. “Zalantzarik gabe, gurasoentzako euskarazko informazio webgunea falta zen”. Orain, www.guraso.com-en, gurasoak subjekto aktibo izan daitezke, beren txokoa dute, eta beraien gauzez hitz egin dezakete. Azken finean, web gunearen erronka familia kontzeptua gaur eguneko begiekin ikusarazi eta hedatzea dela dio Larrañagak.
Guraso.com ekimenean parte hartzen duen Arrasateko Txatxilipurdi Haur eta Gazte ekintza elkarteak eskarmentu handia du aisialdian. Eta gainerako hezkuntza eremuetan bezalaxe, gurasoek aisialdian ere parte hartze zuzenagoa izan beharko luketela uste dute. “Gurasoak, gaur egun, subjektu pasibo bilakatu dira kasu askotan. Eta egoera horri buelta ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu”, azaldu du. Azken finean, haurrek, hein handi batean familiartean jasotzen dituzten balioak bereganatzen dituzte, eta Txatxilipurdiko kideen ustez askotan ez gara horren garrantziaz ohartzen.
GURASOLANDIA
Aisialdian, hala nola, egunerokotasunean, gurasoen papera eta jarrera ezinbestekoa dela uste dute Txatxilipurdi elkartean, eta argi daukate gurasoekin lan egin beharra dagoela. “Gure funtzio eta helburua haur eta gazteengan euskararen erabilera sustatzea da, eta gurasoen bitartez gure helburuetara zuzen-zuzenean irits gaitezke. Izan ere, behin eta berriz errepikatzen da haurren hizkuntza ohituretan zerikusi zuzena dutela gurasoen hizkuntza ohiturek”.
Helburu hori betetzeko asmoz, eta bide batez webgunea ezagutarazteko joan den azaroaren 15ean Gurasolandia familientzako jolas parkea antolatu zuten. Haur eta helduen arteko aisialdi harremana eta euskararen erabilera sustatzeko gunea bilakatu zen Arrasaten (Gipuzkoa) jarritako parkea. Hainbat ekintza eta tailer antolatu ziztuzten; familiartean jolastu, kantatu, gozatu eta kontatu ahal izateko, besteak beste. “Hizkuntzaren transmisioa egiteko parada izan zen”.
Normalean, horrelako parkeetan begira egoten den helduak parte hartzea zen Gurasolandiaren helburua. Familiako helduak jaialdiko protagonista bilakatzea, hain zuzen. Dena den, parkea, nagusiki, gurasoei zuzenduta egon bazen ere haurren parte hartzea garrantzitsua izan zen. Aitak, amak, amonak, izebak, aititak, gertuko lagunak... edozeinek har zezakeen parte. Haurrek ezin baitzuten jaialdira bakarrik gerturatu.
Egun osoan euskarazko jostailuen gunea, marrazketa gunea, psikomotrizitate gunea, aurpegi margoketa, aerobitoia, karaokea, ipuin-kontaketa, euskarazko abesti eta jolasak, txapa tailerra, teknologia berrien gunea, hankapaloak, ludoteka, dantzaldia....izan ziren. “Haur eta helduen parte hartzea esanguratsua izan zen”, azaldu du Larrañagak. “Kasu askotan, hezitzaileak gurasoak eurak izan ziren”.
EGITEKO PREST!
2001eko neguan ekin zion Lea-Artibaiko mankomunitateak (Amoroto, Berriatua, Etxebarri, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markiña Xemein, Mendexa, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar) gurasoentzako egiteko prest! euskara hutsezko aldizkaria kaleratzeari. Hasieran hiru hilabetetik behin argitaratzen zen, eta orain, urtean bitan. Orotara 3.500 familiak jasotzen dute aldizkaria.
Lea Artibaiko ume eta gazteen gurasoei zuzendutako proiektua da egiteko prest!, eta formazio topaketa batzuetan guraso talde batek proposatutako izena darama. Hain zuzen ere, Lea-Artibaiko drogen prebentziorako zerbitzutik jaio zen proiektua. Bertan ikusi zuten gurasoekin lan egiteko beharra. Besteak beste, prebentzioari dagokionean. Elisabet Burgoa Lea-Artibaiko Amankomunazgoko gizarte zerbitzuen arduradun teknikoaren hitzetan “familiak ezin du inoren eskuetan laga berak egin behar duena eta egin dezakeena”.
Funtsean, gurasoei prebentzio eta heziketa lanean laguntzeko sortu zen aldizkaria. Gurasoekin formakuntza egiteaz gain, aurrera pausuak emateko beharra ikusi zuten 2001ean eta horrela “etxean” lasai irakurtzeko material erakargarria sortzea pentsatu zuten. “Gurasoen formakuntza saioetan ematen genuen edukiez beteta eta etortzen ez ziren gurasoek ere eskura izan zezaten”.
Izan ere, Burgoaren hitzetan familiak ez du aurretik inon ikasten zer eta nola hezi, nolako printzipioetan oinarrituta, zein hezkuntza eredu eskaini…Hainbat urtez Lea-Artibaiko mankomunitateak antolatuta gurasoen topaketetan argi eta garbi ikusi zuten gurasoek tresna, baliabide eta aholku falta dutela, besteak beste. “Hutsune bat zegoen, beraz, eta hutsune hori, nolabait arau, laguntza edota irizpide batzuk emanaz, betetzen laguntzea da asmoa”.
GURASOTEGI
Duela pare bat urte abiatu zen Gurasotegi egitasmoa Pasai Antxoko (Gipuzkoa) talde txiki batek bultzatuta. Pixkanaka familia gehiago joan zaizkio gehitzen eta une honetan Lezo, Pasaia eta Oiartzungo 18 familia dabiltza egitasmoaren inguruan. Etxean euskaraz egiten duten familiak; horixe baita egitasmora hurbiltzeko ezinbesteko baldintzetako bat. Izan ere, Gurasotegiko jarduera guztietan euskara besterik ez dute erabiltzen.
Seme-alaben hezkuntzaren gainean duten kezkak mugituta bildu dira familia horiek Gurasotegi ekimenaren ingurura. Beraiek ere hezitzaile diren moduan, zalantza ugari dituztelako. Zalantza horiek besteekin partekatu, eta denon artean aurrera egiteko bideak bilatzen saiatzen dira. Euren burua hobeto prestatzen.
Besteak beste, honako galderen inguruan hausnartzen dute: Nola lagundu seme-alabei beren sentimenduei aurre egiten? Zigorraz beste, zein bide daude?; Nola sustatu haurren burujabetasuna?; Nola erabili goratzea?
Gurasoek gurasoentzat antolatutako ekimena da Gurasotegi. Eurak antolatzen dira eta eurak dira mugimendua aurrera daramatenak. Argi dutelako gurasoak direla euren seme-alaben hezitzaile nagusiak.
Egiteko horrek merezi du Gurasotegiko lagunen hitzetan “gorespena eta antolaketa autonomoa”. Gurasoek euren burua jantzi eta prestatu behar dutela uste dute. Beti ere, beraien baitan oinarrituta, beraien ardurapean, beraien irizpideekin, beraien erritmoan.
Gurasotegiko kideentzat, “etxeko heziketak badu bere eremu propioa, beste hezkuntza eremuekin batera daitekeena, noski, baina ez ezinbestean eskola erakundeen menpe edo esaneko”. Azken batean, etxeko hezkuntzaren muina pertsonen arteko harremanen kalitatea zaintzea da. Beraz, gurasoek behar duten prestakuntza ez da teorikoa edo teknikoa izango; esperientziala eta praktikoa baizik.