Zu zeu izan. Bazen Behin Clown

2010-01-03

Haur eta gaztetxoek ikastetxeetan jasaten dituzten erasoei buruzko antzezlana taularatzen ari da une honetan Bazen Behin Clown taldea. Duela bost urte, 2004an,  hasi zuten ibilbide bateratua antzerkiko, hezkuntzako eta psikologiako hainbat kidek. Helburu zehatz baten inguruan bildu ziren guztiak: clown filosofiak berezkoak dituen umoretik eta inozentziatik abiatuta, mezu sozialez betetako antzezlanak jorratzea. Eta horretan ari dira.

 
 
Flipo (Peio Arnaez), Bruno (Joseba Roldan), Paladita (Irene Alkiza) eta Josefina (Mari Jose Landaburu) ikaskideak eta lagunak dira.  Jolas orduan elkarrekin ibiltzea atsegin dute, baina oso desberdinak dira eta liskarrak sortzen dira beraien artean jolastokira irteten diren bakoitzean. Zu zeu izan antzezlaneko protagonistak dira laurak. Horixe da, une honetan, Bazen Behin Clown taldeak eskuartean duen proiektua. Bullying-ari buruz hitz egiten du, ikastetxe bateko jolastokian gertatzen diren hainbat pasadizoren bitartez. Lau ikasle horien jarrerak ikusten dira taula gainean, baita beraien arteko harremana nolakoa den ere. 
Mehatxuak egitea, norbait kikiltzen saiatzea edota fisikoki, emozionalki zein intelektualki eraso egitea ez dira jarrera mesedegarriak. Albokoa menperatu eta gu gainetik jartzea dute helburu; zertarako, baina? Ikuskizun horrekin elkarrekiko errespetuak duen garrantzia azpimarratu nahi du Bazen Behin Clown taldeak. Mezu argi bat helarazi nahi digu: gure artean desberdinak izan arren, desberdintasun horiek errespetatuz, askoz hobeto joango zaigu bizitzan eta harremanetan.
Besteen lekuan jartzen ikasteko
Eta ba al dago hori ikasteko modu hoberik antzerkira joatea baino? Bazen Behin Clown taldeko kideen ustez, antzerkiak horretarako aukera paregabea eskaintzen du. “Antzerkia, heziketan, ikasleen komunikatzeko ahalmena –igorle zein hartzaile moduan– garatzeko teknika pedagogikoen ataletako bat da. Halaber, hezkuntzaren alderdi kognitiboak zein afektiboak, psikomotorrak, artistikoak eta sozialak uztartzen ditu. Eta, gainera, curriculumeko edozein gai lantzeko parada eskaintzen du”. 
Bereziki gizakiei dagozkien gaiak eta zeharkako gaiak lantzeko erabiltzen da antzerkia. Izan ere, Bazen Behin Clown taldeko kideen ustez, “beste pertsona bat izateko edo beste pertsona baten lekuan jartzeko aukera paregabea eskaintzen du”. Zuzeneko bizipenaren bitartez,  beste ikuspegi bat, beste rol bat, beste pertsonaia bat lantzeko aukera ezin hobea da beraientzat. 
Horregatik, eta antzerkiak baliabide pedagogiko gisa eskaintzen dituen aukera guztiak kontuan hartuta, garrantzitsua iruditzen zaie antzerkira joatea, batik bat, ekintza ludikoa dela gogorarazteko; gozatzeko, imajinazioari hegan egiten uzteko eta sentitzeko, besteak beste. Euren antzezlanak ikasteko ez ezik, ongi pasatzeko ere balio duela diote. 
Unitate didaktikoa
Ikasi eta ondo pasatu, beraz. Antzerkira joan, ordubeteko emanaldia ikusi eta eskolara itzuli. Baina nahikoa al da hori? Bazen Behin Clown taldeko kideek eskola jazarpenaren gaia ikasgelan lantzeko aukera baliatu nahi dute, eta horretarako prestatu dute Zu zeu izan lanaren unitate didaktikoa. “Hasierako ideia Kataluniatik hartu genuen”, azaldu du Saenz de Ojerrek. Haren hitzetan gauza jakina da hezkuntzan eta beste arlo batzuetan han apur bat aurrerago doazela. “Hango talde batek baino gehiagok prestatzen ditu antzezlanak eskoletan zeharkako gaiak lantzeko. Gure taldean pedagogia, psikologia eta irakasle ikasketak egindako pertsonak gaudenez, egindako antzezlanen inguruko unitate didaktikoak sortzea bururatu zitzaigun”. Lehenik eta behin, aurretik taularatutako lanen unitate didaktikoak prestatu zituzten. Zu zeu izan lanaren kasuan, berriz, hasieratik ikusi zuten unitate didaktiko bat prestatzeko beharra. “Haur eta nerabeentzat bereziki sortzen dugun lehen lana da, eta eskoletan lantzeko oso aproposa iruditu zitzaigun. Hortaz, unitate didaktiko bat eskaintzea ere garrantzitsua zela pentsatu genuen”.  Unitate didaktikoa Mentxu Arrieta, Itziar Saenz de Ojer eta Cristina Nogalesek egin dute, eta www.bazenbehinclown.com webgunean eskura daiteke. 
Taldearen sorrera
Duela bost urte inguru, clown ikastaro baten ostean sortu zen taldea. Peio Arnaez taldeko zuzendariak eman zuen ikastaro hura Donostiako Lugaritz kultur etxean. Ikastaldia amaitu egin zen, baina zenbait ikaslek clown munduan murgiltzen jarraitu nahi izan zuten. Eta Itziar Saenz de Ojer taldekideetako batek azaldu digunez, halaxe jakinarazi zioten Peio Arnaez irakasleari. “Uste dut taldea osatzeko ideia ikastaro amaierako bazkarian jaio zela”, gogoratu du. “Uda pasatzen utzi eta hurrengo ikasturtean lokal batean elkartzen hasi ginen”. Eta ikasturte bukaerarako, 2005eko maiatzerako, lehendabiziko lana estreinatu zuten: Eta zergatik ez? Ordutik aurrera ia etenik gabe jarraitu dute lanean eta hurrengo lanak sortu dituzte: Txakur ezkutua (2007), Oraingoan bai (2008) eta Zu zeu izan (2009). Dena den, izan dira zenbait baja, eta jende berria gehitu zaio taldeari. “Guztiek, taldeari eskainitako denboraz gain, beste lan edo zereginen bat dute, eta inplikazioak, beraz, ezin du beti erabatekoa izan”, azaldu du. Hori dela eta, antzezlan bakoitzean jende batek edo bestek hartu du parte. Memento honetan, taldekideak honako hauek dira, nahiz eta denak ez egon modu aktiboan lanean: Peio Arnaez, Mentxu Arrieta, Joseba Roldan, Mari Jose Landaburu, Irene Alkiza, Cristina Nogales, Itziar Larrinaga, Itziar Saenz de Ojer eta Xabier Zupiria.
Behar teknikoak
Atsegin bazaizu eta zure ikastetxera eraman nahi baduzu ideia, hona hemen kontuan hartu beharreko zenbait elementu: 
- Antzezlana 6 urtetik gorako haurrentzat da aproposa.
- Agertokiak 6 metroko zabalera eta 5 metroko luzera eduki behar ditu.
- Musika ipintzeko gailua beharrezkoa da (CD).
- Lanak 60 minutuko iraupena du.
- Harremanak: 
657728540 / 649497393 edo 
bazenbehinclown@gmail.com