Zugarramurdiko sorginen etxea

2010-01-03

Nafarroak eta Lapurdik muga egiten duten lekuan, hortxe dago Zugarramurdi (Nafarroa), eta han daude Zugarramurdiko leize ezagunak. Herriaren bazter batean, 400 bat metrora. Joan den uztailaren 20az geroztik, baina, Zugarramurdira hurbiltzen denak leize ezagunak ez ezik, Sorginen Etxea ere bisita dezake. Algara, kantu, dantza, festa, erritmo bizi eta giro jatorreko 2 edo 3 eguneko egonaldiak egin daitezke han, Urtxintxa eskolaren eskutik. 

 
 
Zugarramurdiko Sorginen Etxeko egitasmoak lau ezaugarri nagusi ditu.  Ipuinetan eta jolasetan oinarritzen den egonaldia da, mundu fantastiko batera bidaia egiteko aukera paregabea eskaintzen du, adimen emozionala lantzen da eta nortasuna eraikitzeko jarduerak antolatzen dituzte. Eta, horrekin guztiarekin batera, haurrei sorginak edo aztiak garai bateko sendagile eta pertsona arruntak zirela azaltzen zaie; bizitzeko era askea, alaia eta jostagarria zuten pertsona normalak zirela, hain justu. Non? Graxiana aterpetxean, Zugarramurdiko leizeetatik gertu-gertu.
Ikasleentzako eskaintza
Egonaldiak bereziki prestatuta daude Haur Hezkuntzako (4-5 urte) eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Bi eguneko egonaldia egin nahi izanez gero, ondorengo programa dute prestatuta Sorginen Etxean Urtxintxa eskolako arduradunek:
Haur taldeari harrera egiten zaio, eta harrera horretan aurkezpenak egiten dira. Memento horretan irakasle, ikasle, begirale eta aterpeko langileen arteko harreman sarea definitzen da, eta sare hori alaia eta konfiantzazkoa izan dadin saiatzen dira. Modu horretan, haurrari segurtasuna ematen zaio, eta etxean bezala egoteko aukera eskaintzen diote. Bizikidetza egokia izateko, aurkezpenen ondoren taldeak egin eta arauak azaltzen dira. Haurrak lekura moldatzeko, logelak antolatu eta ingurua ezagutzea ere beharrezkoa izango da. Inguru berri horretan atsedenaldiaz gozatu ondoren, sorgin jolas batzuk egingo dituzte, mundu fantastikoari lekua emanez eta haurrak mundu horretako partaide eginez.
Ipuinak
Egonaldian zehar, Zugarramurdiko kobazulora bisita egingo dute haurrek. Eta han, kobazuloak berak eskaintzen duen giroaz baliatuz, ipuin bat kontatuko diete. Lehen Hezkuntzako 3tik 6ra bitarteko mailetako ikasleekin pista jolas bidez osatuko da ipuina. Txikien taldearekin (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1-2 mailak), ordea, sentimenduen txokoa ipuina erabiliko da. Horrela, nola pasatzen ari diren ikusi eta zein sentimendu azaleratzen dituzten jakiteko. Ipuinaren helburua ipuineko pertsonaiei gertatzen zaizkien egoerekin bat egitea da. Zentzumenetan barrena bidaiatu eta gorputzaren kontzientzia izatea, besteak beste. Ipuinak ispilu funtzioa betetzen du, eta, haurrak, bere burua eta ingurunea ispiluan islatuta ikusten ditu. Gainera, emozioei hitza jartzen ikasten du: beldurra, kezka, euforia… Txikienen kasuan, ipuinak konponbidea dakar, baina handienen kasuan konponbidea denon artean bilatu beharko da.