Eskolako garaiak

2010-04-03
 
 
Ordiziako San Ignazio ikastetxean eman nituen nire lehen pausoak. Ikastetxe txikia zen, ikasle gutxikoa, eta hainbat mailatako haurrak gela bakarrean geunden. Ondoren, 7 urterekin, Urdaneta ikastetxera eraman gintuzten, eta han jarraitu nuen institutura joan arte.
Oso oroitzapen onak ditut; garai hartako gelakide asko nire lagun minak dira gaur egun. Guztira, 25 ume inguru ginen, bi gelatan banatuta. 3. mailatik 6. mailara arte, andereño bera izaten genuen ikasgai guztietarako (Soinketarako izan ezik). Nire andereñoak Ines zuen izena, eta garai hartatik, eskulanetako eskola orduak oroitzen ditut; josten ere ikasten genuen, ni ez nintzen oso trebea, eta, pazientzia gutxi dudanez –zerbait ateratzen ez zaidanean batez ere–, errietatxoren bat edo beste jaso behar izaten nuen lanean jarraitzeko.
Ikasle ona nintzen, berritsuegia agian, baina oso ondo moldatzen nintzen denekin, ikasleekin, irakasleekin, Joxe Mari atezainarekin, Ines sukaldariarekin... Dena gainditzen nuen, eta baita nota onak atera ere! Baina, ume gehienentzat bezala, niretzat ere unerik gogokoena atsedena zen... Iujuuu! Patiora! Ezin genuen eskolatik irten, baina beti egiten genuen tranpatxoren bat, Juanitaren gozoki dendara joateko. Gero, futbolean, sokasaltoan, esku pilotan... ibiltzen ginen. Pentsatu garai hartan ez zegoela ez PSPrik, ez sakelakorik... Zorionez! Batzuetan, eskolak amaitu ondoren, hantxe geratzen ginen, "konkurtsoak” (lehiaketak) egiteko. Bakoitzak zekiena egiten zuen, eta nik, normalean, antzerkiak eta playback-ak egiten nituen (agertokia txikitatik gustatu izan zait).
Irakasle batekin asko oroitzen naiz; Ana Rosa Zubeldia zuen izena, oso gazte zela hil zen, istripuz. Nabarmena zen lana gustuko zuela. Gurekin antzerkiak eta antzekoak prestatzen zituen kultur asterako; erabat inplikatzen zen. Kultur astea zen, niretzat, ikasturteko asterik onena! Aste horretan, gela bakoitzak, prestatutakoa taularatzen zuen. Nik, noski, beti parte hartzen nuen antzezlanetan; behin, opera bat ere egin genuen: Aida. Eta niri Aidaren papera eman zidaten. Hura zen emozioa! Gustura ikusiko nuke orain! Kar-kar-kar.
Seigarren mailatik aurrera, etxeko lanak ugaritu egin ziren, eta gehiago ikasi beharra iritsi zen. Nire ikasgai gogokoenak Literatura eta Gizartea ziren. Baina Matematikan, Kimikan eta gainerakoetan ere oso ondo moldatzen nintzen. Izugarri gustatzen zitzaidan laborategira joatea, saltsatan ibiltzea; azken finean! 
Ziur baten bat ahaztuko dudala, baina musu bat bidali nahi diet garai hartako nire irakasleei: Martari, Don Angeli, Javi Arrietari, Jose Luisi, Anari, Triniri... denei.
Ez dakit nola dagoen gaur egungo hezkuntza sistema, baina badakit garai hartakoa ona zela. Errespetu handia zegoen irakasleenganako, eta hori guztiz beharrezkoa dela iruditzen zait. Amak beti esaten zidan andereñoa nire "eskolako ama" zela, eta uste dut hori gaur egun galtzen ari dela; gizabiderik, errespeturik eta konfiantzarik gabe, irakasleak ezin du bere lana egin. Baditut hezkuntzan lan egiten duten lagunak, eta, haiek kontatutakoaren arabera, guraso askok berehala defendatzen dituzte umeak, irakasleei errespetua galduta. Zer egingo dute, bada, gero umeek?
Amaitzeko, musu handi bat bidali nahi diet urte horietan nirekin ibili ziren gelakide guztiei; eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet urte horietaz ditudan oroitzapen on guztiengatik. Haiei esker izan baita. Musu bat.