Kronika

2010-04-03
 
 
Irakasleen lan baldintzak “kaskartu” nahi izatea egotzi diote
EILAS, ELA eta LAB sindikatuek Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuek jakinarazi dutenez, martxoaren 17an izan zuten bileran Hezkuntza Sailak irakasleen lan itunaren proposamena aurkeztu zuen. Horren bitartez, administrazioak irakasleen lan baldintzak murriztu eta hezkuntza kalitatea “eskastu” nahi duela salatu dute. Atzera pauso nabarmenenetarikoa ordezkapenen arloan antzeman dute. Ordezkoak diren irakasleen lan baldintzak ez direla gainontzeko irakasleenekin parekatzen jakinarazi dute sindikatuek. Horrez gain, irakasleei euskarazko prestakuntzan eskaintzen zaizkien aukerak hutsaren hurrengoak direla ere jakinarazi dute. Irakasleen euskalduntze programan, murrizketa «izugarriak» izango direla iragarri dute EILASek, 
ELAk eta LABek. 
 
Iparraldeko eskola publikoetako sei irakasle postu kendu nahi dituzte
Paueko Akademia Ikuskaritzak sei irakasle lanpostu kendu nahi ditu Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan datorren irailerako. Dagoeneko ohikoa bihurtu da udaberrian, eskoletako izen-emate prozeduraren ostean, guraso eta sindikatuek protesta egitea. Aurten, baina, lanpostu murrizketa handiagoa izanen dela salatzen dute sindikatuek. Egoera horren aurrean, guraso elkarteekin biltzen hasi dira dagoeneko Frantziako Hezkuntza agintariei presioa egiteko. 
“Euskararen Erakunde Publikoa hezkuntza elebiduna sustatzen hasi zenetik ez dugu horrelako presiorik ezagutu baina oraingoan, euskarazko lanpostu bat irekitzen den toki gehienetan frantsesezko bat kentzea proposatzen du Akademia Ikuskaritzak, elebiduntasunaren beharrak kontuan hartu gabe”, salatu du Katti Petrissans hezkuntza publikoko SNUipp sindikatuko ordezkariak. 
Mobilizazioak
Lanpostu murrizketa irizpide ekonomikoetan oinarritzen dela salatzen dute sindikatuek, kalitatearen kaltean. Erretretara doazen bi irakasletatik bakar baten lanpostua berritzen dute. Gelaka egon behar diren gutxieneko haur kopurua igo egiten da eta, eskola elebidunean euskara hautatu duten haurrek beren saila eduki arren, kurtso bateratuetan kopuru «jasanezinak» egoten direla salatzen dute sindikatuek. “Murrizketen ondorioz, eskola batzuetan, gelako 40 haur batuko dira tenore jakin batzuetan”. 
Sindikatuak guraso elkarteekin bildu dira egoera aztertu eta mobilizazioak antolatzeko. Besteak beste, Bardoze, Kanbo, Barkoxe, Amenduze-Unaso eta Uharte-Hiriko eskolak okupatu dituzte gurasoek. Horrela irakasle postuak galtzeko arriskuaren aurrean beren haserrea erakutsi nahi izan dute. 
 
Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute maiatzaren 15ean, Iruñean
“Nafarroan euskaraz bizi nahi duen orok, izan dezala horretarako aukera”, horixe baino ez dute eskatzen. Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea lelopean euskaldun guztien indarrak batu nahi ditu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Nafarroan euskarak bizi duen egoerarekin «kezkatuta» eta Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen «mespretxua» salatzeko asmoz, manifestazioa egingo du heldu den maiatzaren 15ean, Iruñean. 
Azken hogei urteetan, Nafarroan, herritarren ahaleginei esker euskal hiztunek gora egin dutela nabarmendu zuen Oskar Zapata Nafarroako Topaguneko kideak deitzaileen izenean. Besteak beste, Nafarroako Gobernuaren euskararen aurkako joera kritikatu egin zuen, azken aldian, kontrako jarrera hori bereziki bortitza dela nabarmenduz. “Gobernuaren jarrera era ezberdinetan antzematen da, euskarazko komunikabideei lizentzia eta diru laguntzak kenduz, hezkuntza sisteman euskara baztertuz edota euskara ikasi nahi dutenei diru laguntza urriak emanez”. Gertakari horiek guztiak aintzat hartuta, Nafarroan euskaraz bizitzea ezinezkoa dela salatu zuen.«Euskara ahal duen une eta gune guztietan itotzeko ahaleginak egiten ari da Gobernua». 
 
Atxikimenduak
Horrenbestez, honako eskubideak aldarrikatuko dituzte maiatzaren 15ean Iruñean egingo den manifestazioan: herritarrek euskaraz ikasteko duten eskubidea, salerosketak, publizitatea eta etiketak euskaraz jasotzeko eskubidea, administrazioarekin euskaraz egiteko eskubidea, euskarazko kultur sormenaz gozatzeko eskubidea, telebistaz, prentsaz, tokiko hedabideen bidez, irratiz zein Internetez informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea...
Ehundik gora euskaltzalek eta 45 talde inguruk (Administrazioan Euskaraz Taldea, AEK, Aizpea Euskara Elkartea, BERRIA, Euskal Herriak Bere Eskola, Emun, Xorroxin irratia, Ttipi Ttapa, IKA edota Sortzen-Ikasbatuaz...) azaldu diote dagoeneko atxikimendua manifestazioari.
 
Joan den martxoaren 30ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak
euskara eta gaztelania parekatuko dituen Oinarrizko Hezkuntzako curriculum dekretu berria. Halaber, Euskal Herria terminoaren erabilera "kontzeptu kultural eta linguistikora" mugatu du. Hurrengo ikasturtetik aurrera  Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako helburuak, edukiak eta ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak zehazten ditu curriculumak. Dekretu berriak aurreko legegintzaldian Tontxu Camposek (EA) gidatutako Hezkuntza Sailak onetsitakoa bertan behera uzten du, eta hala, euskara ez da irakas hizkuntza nagusia izango. 
Isabel Celaa Hezkuntza sailburuaren hitzetan euskarak eta gaztelaniak "arau hierarkia berdina" izango dute, hau da, parekatuta egongo dira. Gaineratu duenez, hizkuntza ofizialak arautzeko modu hori "indarrean dauden legeekin" bat dator. Dena den, dekretuaren sarrerak honakoa dio: “Euskarak lehentasuna izan beharko du hezkuntza eremuan; izan ere, hizkuntza ofizial horren ezagutza urriagoa da”. Euskarari “arreta berezia” emango zaiola esan du Hezkuntza sailburuak.