Palestina: hezkuntzaren garrantzia

2010-04-03
Martxoan, Euskal Herrian izan da Lana Khaskia palestinarra. Berarekin hitz egiteko aukera izan dugu hango hezkuntzaren gainean.
Garrantzi handia ematen diote palestinarrek ikasketei, ondorioz, arabiar herrien artean alfabetze maila altuena omen du Palestinak.
Arabiar lurraldeetan, bataz beste, %30eko analfabetismoa baldin bada, Palestinan %10ekoa omen da. Eta herritar gaztetxoen artean ez dago, jada, analfabetorik.
 
 
Azken mendeetako historia
Otomandar Inperioaren probintzia bihurtu zen 1515. urtean, Palestina izenarekin. Otomandarrak Lehen Mundu Gerran garaituak izan ondoren, Nazioen Elkarteak Britainia Handiari eman zion Palestinaren eta Transjordaniaren agintea.
1947an NBEak Palestinaren Zatiketa Plana onartu zuen, lurraldea bi estatutan banatzea ekarri zuena. Judu gutxiengoari lurraldearen ia %60 eman zitzaion. Azken horiek, plana onartu zuten, baina arabiarrek ez. 1948an, ordea, israeldar estatua sortu zen eta berehala, bost estatu arabiarren eta Israelen arteko gerra hasi zen. Amaitzean, Zisjordania eta ekialdeko Jerusalem Jordaniaren agindupean geratu ziren eta Gaza Egiptorenean. Ordurako Israelek “legezkoa” zena baino %26 lurralde gehiago okupatua zuen. Biztanleria arabiarraren %70 bere etxea uztera behartuak izan zen, errefuxiatu bihurtuz.
1967an, Sei Eguneko Gerran, Israelek Gaza eta Sinai penintsula kendu zizkion Egiptori, Zisjordania eta ekialdeko Jerusalem Jordaniari eta Golan Gainak Siriari. Egiptok 1979an, amore eman zuen Gazari buruzko bere eskaeran eta Jordaniak 1988an, gauza bera egin zuen Zisjordaniari buruzkoan. 1967tik, Zisjordania, ekialdeko Jerusalem eta Gaza Israelen okupazio militarpean daude.
1991n bake elkarrizketak hasi ziren, 1993an Osloko Akordioetan amaitu zirenak. Bertan, Gazan eta Zisjordaniaren zati batean estatu bat eraikitzea erabaki zen. Pixkanaka, Israel okupatutako lurraldeetatik irteten hasi zen, ardura Palestinako Aginte Nazionalari utzita. Hala ere, bake prozesua 2000. urtean zapuztu zen, Ariel Sharon, ehunka poliziak babestuta, Meskiten Zelaigunea bisitatu zuenean, biztanleriaren eta bertako Elizaren oposizioa mespretxatuz. Probokazio horrek bigarren intifada ekarri zuen.
Gaur egungo egoera
Gaur egun, oraindik, palestinarrak atzerritarrak dira beren lurrean bertan, Israelgo estatuak estatu librea eta subiranoa sortzeko aukera ukatzen dielako. Gazan eta Zisjordanian bizi diren ia lau milioi palestinarrek, Israelen bizi den ia milioiak eta errefuxiatuta bizi diren bost milioitik gorakoek, guztiek, beren bizimodua askatasunez aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dute.
Nolanahi ere, AEBek ematen dioten laguntzari esker, Israelek ez ditu Nazio Batuen ebazpenak betetzen. Izan ere, askotan eskatu diote 1967ko mugetatik alde egiteko eta okupatutako lurraldeetan finkatutako kolono juduen kokaguneak desegiteko.
 2001eko irailaren 11ren ostean, Ariel Sharonen gobernuak eraso militarra jarri zuen abian, Palestinako jendartearen oinarri ekonomiko, sozial eta politiko guztiak behin betiko suntsitzeko asmoz.
 Hala ere, herri palestinarra ez da makurtu, bere oinarrizko eskubideak behin eta berriro zapaltzen dituztela ikusten ohituta badago ere.
Hezkuntza Sistema
Palestinarrek garrantzi handia ematen diete ikasketei, baina zaila da baieztapen hori estatistiken bidez zenbatzea, errefuxiatu asko baita.
Bestalde, zientzialari eta tekniko gutxi egotea eragozpen handia da garapen ekonomikorako. Palestinako Hezkuntza Ministerioa ofizialki 1994an sortu zen eta haren lan nagusia zera da: okupazioaren ondorioz jasotako eskola publiko eta pribatuen sistema bateratzea. Adibidez, Zisjordaniako haurrek programa jordaniarrari jarraitzen diote eta derrigorrezko ikasketek bederatzi urte irauten dute; Gazakoek, berriz, programa egiptoarrari jarraitzen diete eta ikasketek hamar urte irauten dute.
Lana Khaskiaren esanetan, eskola gehienak mistoak dira, Gazako eskola batzuk izan ezik.
Munduan ez da gertatzen hain jende gutxiri hainbeste jurisdikzio desberdin ezartzea. Gaur egun, benetan, palestinarra izango den lege-corpusa  egin nahian ari dira lanean. Horrek, asko lagun lezake herriaren kohesioan, eta, Hezkuntza Sistema hobeto antolatzeko aukera eskainiko luke.
Oro har hartuta, nesken eskolaratze tasa lehen mailako irakaskuntzan mutilena adinakoa da; baina bigarren eta goi mailako irakaskuntzetan nesken eskolaratze tasa baxuagoa da. Lurraldeetako  unibertsitateak pribatuak dira, eta lizeo gehienak ere bai. Ministerioa lankidetza estuan aritzen da UNESCOrekin. Erakunde horrek aspalditik laguntzen dio, eskola-sistema arrazionalizatzeko eta eskolen eraikuntza finantzatu ahal izateko, eskola horiek ezinbestekoak izango baitira diasporatik datozen familientzat. Beste lehentasun oso garrantzitsu bat: eskola-programa komunak egitea, bereziki Palestinako historiari buruzkoa; izan ere, azken jakintzagai hori debekatuta egon baita urtetan.
Euskal Herritik begira
Gerra batean bi alderdiek 
nahiz egiten duten galdu, 
Palestinako gerra urtero 
egiten zaigu azaldu. 
Basamortuko lur idorretan 
odol errekak zabaldu. 
Gerran inor ez da salbu 
jende aberatsa salbu. 
Arrazoiaren printzipioak 
egin dituzte zapaldu: 
gerrarik inork ez du nahi baina 
bakerik inork nahi al du? (bis)
Agin Rezola Laburu bertsolariak ikasle garaian idatzi zuen.
Doinua: Munduan libre bizi izatea