Irakaskuntza 2.0

2010-07-01

Belaunaldi berriko ikasle eta irakasleak gara, bigarrena gehiago, beharbada. Horregatik teknologien erabilera da gure eguneroko bizitza, bai lagun giroan gaudenean baita lanean ere, noski. Elkarrekin egiten dugu lan, baina batak Donostian eta besteak Eibarren. Telefonoaren erabilera ondo dago, baina azkar deskubritu genituen sareak eskaintzen dituen aukerak, telefonoaren erabilera ia guztiz alboratuz. 

 
 
Dokumentu berdinekin egiten dugu lan, hobeto esanda dokumentu berekin. E-postan atxikitutako artxiboen kaosa aspaldi utzi genuen alde batera; ez dakizue zenbat denbora irabazi dugun. Biltzea eta berreskuratzea ezin ditugu ordenagailu batera edo bitara lotu, horiek eskuratzeko aukera edonon eta edonoiz izan behar dugu, horregatik erabat fidatzen gara Internetek eskaintzen dizkigun aukerekin.  
Biak irakaskuntzan aritzen gara, bata unibertsitatean eta bestea euskaltegian, eta bide batez, Kosmodisea proiektuan murgilduta gaude; lau urtez Gipuzkoako eskolekin eta irakasleekin teknologia berriak eta ekintzailetasuna lantzen. Esperientzia irabazi dugu eta errealitatea ikertzeko aukera ere eman digu. Hainbat iturritatik edan dugu gure eskolen eta irakasleen teknologien gaineko ezagutza zein den deskubrituz. Eta horren aurrean zerbait egin behar dugula pentsatzen dugu; orokorrean, irakasleek teknologia berrien arloan duten ezagutza nahiko apala baita. 
Unibertsitatean irakasle berrien prestakuntzara dedikatzen da Lorea. Hain zuzen ere, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriak ikasgaia ematen du, eta etorkizunean irakasle izango diren neurrian, teknologia berriekin irakats dezaten eta horien ikaskuntzan eta aplikazioan inplika daitezen bilatzen du. Itsasok, euskaltegian, irakasle esperientzia berriak bizi ditu. Besteak beste, euskara on-line ikasteko modu berriak aztertzen. Gure buruarekin eta gure ikasleekin teknologia berrien gainean solasteko eta lanean integratzeko ahaleginetan gabiltza. Guretzat dituen mesedeak besteek ere ikus ditzaten nahi baitugu! 
Gaur egungo ikasleez ari garenean natibo digitalak direla entzuten dugu. Hain zuzen ere teknologiaz inguratuta bizi dira eta horien erabilpen masiboa egiten dute: sare sozialak, musika eta filmeak jaisteko programak, komunikazio bide berriak... Baina teknologia hori norberaren mesederako eta ikasteko erabiltzea beste gauza bat da. Guztiek ezagutzen dituzte testu prozesatzaileak edo Interneten bilaketak egiteko hainbat nabigatzaileren existentzia. Baina garrantzitsuena konpetentzia teknologikoak bereganatzen ikastea da, hau da, gailu eta aukera horietatik ikas dezatela, gero euren lanean ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzeko. Ikasle horiek gela batean kokatzen dira, irakasle batekin lanean egongo dira, funtsean hori ez da aldatzen. Baina gogora ekar dezagun, orain momentu honetan eragin eta zoramena sortzen duen eskola 2.0 programa. Ikasleek ordenagailu bat dute ikasteko, baina jakina da bakarrik ez dutela ikasiko eta gidaritza bat behar dutela, irakaslearen beharra izaten jarraituko dutela, alegia. 
Garbi dago eskola 2.0 delakoak irakaskuntza 2.0 izenekora eraman gaitzakeela, baina horrelakorik gertatzen al da? Gure esperientziaren arabera ez gehiegi. Eta are gehiago, hutsune handia ikusten dugula esan behar dugu. Horregatik pentsatu genuen ikastaro hau eskaintzea. Ikasleekin lan egiterako hainbat aukera aurkeztuko dizkizuegu; eta baita horiek eskaintzen eta bideratzen lagundu ere. Beti ere, hizkuntza erraz batean, ulertzen dituzten aukerak, eta modu onenean egokitzen direnak aukeratuz, curriculumean tartea eginez eta beste gaietara ere zabaltzeko asmoz, elkarlana eta elkar eraikitzea sustatuz. 
Eskoletan dauden irakasleei edo jakinmina duen edonori zuzenduta dago guk hemen proposatzen dugun ikastaroa. Web 2.0aren inguruko sarrera bat egitea dugu helburu, eta eskaintzen dizkigun aukera anitzak, ez guztiak, modu erraz eta dibertigarrian gure irakasleei irakastea. Ikastaroan izena ematen duten pertsonen inplikazioa eta parte hartzea nahi ditugu, teoria ondo dago, baina jakin badakigu ikasi, benetan, praktikatzen eta parte hartzen ikasten dela. Hortaz, praktikarekin ulertuko dugu zer den web 2.0a. Teknologiak sortzen duen beldurra alde batera uzten saiatuko gara. Horretarako, aplikazioez hitz egiten dugunean zertaz ari garen jakingo dugu eta hori kontuan izanda gure testuinguruan (lanean) izan ditzaketen erabilerak aztertuko ditugu, konplexua den edo ez pentsatzen jarri aurretik.  
Irakasleak Interneten topa daitezkeen baliabideak, edo eurek erabiltzen dituztenak gelan erabiltzera hurbil daitezen izango da helburu nagusia. Aukera ugari dago horretarako, baina gure asmoa bi tresnetan zentratzea litzateke: wikiak eta plataforma birtualak erabiltzea. Irakaskuntzaren esparruaz hitz egiten dugunean, kontua ez da tresna horiek gelara eramatea, soilik, gainerako lankideekin ere tresna horiek erabiliz lan egiteko aukerak bultzatzea eta sustatzea baizik. Hain zuzen ere, egunero egiten ditugun lanak errazteko erabiltzea. Egia da, ere berean, ikastarotik ez garela guztiz jakitun irtengo, Internet etengabe aldatzen ari delako eta jarraipena gertutik egin behar zaiolako. Gu horretan gabiltza etengabe, egonkortasuna eta emaitzak aztertu behar dira tresnak baloratzeko unean, eta horiek erabilgarriak ez direnean beste aukera batzuk bilatu. 
Garbi dago ikasleekin lan egin behar dela, eta irakasleei horretarako bidea erraztu nahi diegu ikastaroan. Irakasleek baliabide berriak baldin badituzte, beste irakasleekin elkarrekintza prozesuak sortuko direla jakina da, eta horrek bilakatzen ditu tresna horiek aberasgarriak eta errealak. Azken batean, bi pertsonen arteko elkarrekintzak pertsona bakar batenak baino aberasgarriagoak izango direlako. Aberasgarritasun hori ikasleek ere antzemango dute Internetek elkarlanerako eskaintzen dituen baliabideak handiak baitira. Eta gainera, hainbat konpetentzia eskuratzeko lagungarriak dira; ez soilik digitala, baita linguistikoa, matematikoa, ikasten ikastekoa... ere.  
Indibidualizazioaren aurrean, elkarrekin eta modu kooperatiboan egiten den lana bultzatu behar da irakasleen artean; gai berdinak edo desberdinak irakatsi.  Izan ere, web 2.0a elkarrekin lan egitean oinarrizten da, hori da bere funtsa eta lan egiteko modua. Denok denon artean lana egitea, hain zuzen.