Bi erreformen erdian

2012-10-01

Espainiak hezkuntza sistema zentralizatuko du Werten legearekin, eta Hollande ere erreforma prestatzen ari da. Kanpotik hartutako erabakiek Euskal Herriko hezkuntzan eragingo dute, beste behin.

 
 
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak —hau da, hego euskal herritarrok aurten eta ziurrenik hurrengo urtean aukeratuko ditugun geure ordezkariek— zeresan gutxiago izango dute datorren urtetik aurrera gure lurraldeko ikastetxeetan. Edukietan nahiz egituretan aldaketa handiak ­egingo ditu Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak, eta eskola porrota saihestera bideraturiko hezkuntza erreforma baten izenean sistema zentralizatu eta homogeneizatu ­egingo du. Edukietan nahiz egituretan bilatzen du PPren gobernuak zentralizazioa eta homogeneizazioa.
Wertek erreformaren aurreproiektua aurkeztu zuen egun berean entzun ziren Euskal Herriko hezkuntza eragile asko eta askoren protestak eta kexuak, dimisio eskaerak, nahiz desobedientzia oihuak. PP eta UPN bakar-bakarrik gelditu dira Werten proposamena onartu dutenen aldean. Halaxe esan zuen Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak: “EAEn Espainiako hezkuntza nazionalaren pisu gehiago egotea, ona da”. Beste aldean, erreformaren kontra, gehiengoak bat egin du.
Lau aldaketa nagusi ezarriko ditu Wertek. Batetik, curriculumari loturikoa: aurrerantzean Madrilek erabakiko du curriculumaren %65; bigarrenik, eskolen egituretan aldaketak egingo ditu: zuzendariek ahalmen handiagoa izango dute, eta eskola-kontseiluek ­txikiagoa;  azterketak izango dira sistemaren oinarri, eta errebalida nazionalak berreskuratuko dira. Azkenik,  DBHko laugarren urtea aldatu egingo dute, eta 15 urtekin aukeratu beharko dute ikasleek Batxilergoa edo Lanbide Heziketa egin.
Baina Wertena ez da Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen erreforma bakarra. François Hollande presidentea ere Frantziako hezkuntza sistema birpentsatzen ari da, eta horren ondorioek eragina izango dute Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako eskoletan. 
Hollanderen erreformaz ez dira Raxoiren erreformaz adina informazio zabaldu, baina, antza denez, Sarkozyren proposamenak baino progresistagoak egin nahi ditu. Hasteko eta behin, hezkuntzari garrantzia eman, eta baliabideak eta lanpostuak ugaritzen hasi da Hollande. Haatik, ikusteke dago bere erreformak euskal hezkuntzari eta euskal curriculumari ekarpen baikorrik egingo al dion, Hollandek ez baitu apenas hitzik egin Euskal Herriaren izaite nazionalaz.
Bi estatuek proposaturiko hezkun-tza erreformek zazpi lurraldeei eragingo diete zuzenki; hau da, Euskal Herriko haur eta gaztetxo guztiei. Barrutik, Euskal Herritik, kontrakoa eragiten ez bada, kanpotik —Espainiatik eta Fran-tziatik— gero eta gehiago eragin dezakete euskal herritar guzti-guztion hezkuntzan. Ikasturte esanguratsua izan liteke, beraz, hasi berri dugun hau. Hegoaldean, ahotsak batu dituzte sindikatu eta eragileek Werten proposamenaren aurka, baina ekintzak ere elkarrekin egin eta pentsatzeko  premia egongo da. Baita Iparraldean ere, Hollanderi argi eta garbi esateko zer nolako heziketa nahi duten euskal herritarrek.