Nairobitarra: mundua ezagutzeko bidea

2012-10-01
Itsasondoko (Gipuzkoa) ­haurrek mundua ezagutzeko aukera izan dute, Nairobitarraren bidez. Nairobitarra proiektua 1980an sortu zuten Tolosaldeko (Gipuzkoa) gazte batzuek. Ordutik, hiru autobus erabili dituzte ­munduan barrena ibiltzeko. Haien abenturen arrimuan, itsasondoar txikiek ere pixka bat gehiago ezagutu dute mundua.
 
 
Itsasondoko Herri Eskolan, ikasliburuak alde batera utzita, proiektuen bidez lan egiten hasi ziren joan den ­ikasturtean. Beste Eskola Txikiekin ­koordinatuta, haien metodologia bera erabiltzen dute: asmoa, beraz, proiektuen bidez ikastea da.
Hiru proiektu landu zituzten aurreko ikasturtean. Azkena, udaberriko ­oporren ondoren hasi zuten, Haur ­Hezkuntzako haur guztiak batuta, hain zuzen.
“Ikasturtea amaitzeko, denek elkarrekin egiteko proiektu bat proposatu nahi genuen”, azaldu dute Edurne Bidekieta Eskisabel, Jone Iturrioz Beraza eta Mª Rosario Etxeberria Arruabarrena Itsasondoko eskolako irakasleek. “Munduko haurrak, askotariko kulturak, aniztasuna, eta abar genituen buruan, eta hortik jo genuen”, gaineratu dute.
Hori guztia lantzeko, Nairobitarra bitarteko gisa hartzea bururatu zi­tzaien, eta hortik abiatu ziren mundua eta lekuak aztertzerakoan.
Lehenik, irakasleek Nairobitarra autobusa ekarri zuten gelara. Han, zor­tzi lurraldetako ipuinak daude: Saharakoak, Laponiakoak, Patagoniakoak, Andeetakoak, Himalaiakoak, Euskal Herrikoak, Alaskakoak eta Australiakoak.
Haurren eskura ipini zituzten ipuinak. Akordeoi gisa zabaltzen dira ipuinok, eta, horiek ikusi eta esperimentatu ondoren, haurrek beraiek sortu zituzten ipuinak, kolore, euskarri eta neurri beretan.
Ondoren, ipuinak kontatu zizkieten. Ipuin txiki horietako bakoitzean, herrialde horretako pertsonaia batek nola bizi diren kontatzen die haurrei, zer ohitura dituzten, nola janzten diren, zer-nolako etxeetan bizi diren, zer musika-tresna dituzten, non dauden kokatuta, zer geografia eta klima dituzten, ­eta abar. Azken batean, lurralde horretako ezaugarri nagusiak agertzen dituzte.
Ipuinak neska-mutilen interesen ­arabera sakondu dituztela kontatu diote hik hasiri irakasleek, nahiz eta ba­tzuetan besteetan baino nabarmenago ikusi den hori. “Noraino iritsiko ginen jakin gabe jarri ginen abian”, aitortu dute Bidekietak, Iturriozek eta Etxeberriak, eta metodologia horrekin ikasleak motibatuago ikusi dituztela diote. ­Etxetik egindako ekarpenak ere oso ­ugariak izan dira.
Gero, bidaiak egiteko erabili dituzten autobusetara eraman zituzten haurrak Nairobitarrako ipuinek. Izan ere, Nairobitarraren abentura hiru autobusek egindako bideen bidez gauzatu zen.
Interneten aurkitu dituzte autobusen ibilerak: lehenengo autobusa prestatu, eta 19 gazte Afrikara joan ziren, eta hiru hilabetez ibili ziren, Nairobira iritsi arte. Han, Kenyako gobernuari saldu zioten, etxera itzultzeko hegazkin-txartelak erosi ahal izateko. Bigarren autobusa, berriz, Europan eta Ameriketan ­ibili zen, eta hantxe utzi zuten. Hirugarrenak, azkenik, txatartegi batean bukatu zuen, munduan barrena ibili ondoren. Basamortuak, oihanak, errekak eta urruneko lurraldeak zeharkatu zituzten, eta abentura horiek guztiak Interneten bidez ere ezagutu dituzte haurrek.
Azkenean, munduko haurrak eta beste bizimodu batzuk ezagutzeko helburua zuen proiektua, hori baino zerbait gehiago bihurtu da, eta Nairobitarraren historia ezagutu dute: Nairobitarra ­bera zer den, eta zer egin zuten. Azkenean, tolosar horien historia izan da beste herrialde batzuk ezagutzeko bidea.
Atentzioa eman zieten herrialdeak
Guztira, HHko 24 haurrek hartu zuten parte proiektuan. Hiru urteko haurrentzat, batez ere, Euskal Herria eta ­Sahara izan dira herrialde erakargarrienak. Sahara oso berezia iruditu zitzaien, basamortuak erakarrita edo: ikasle ­baten ama marokoarra da, eta, adibidez, janzkeran antzekotasunak bilatu zi­tuzten. 
Ikasle zaharrenak, 4 eta 5 urtekoak, Andeek erakarri dituzte. Oro har, ordea, joko handiena Saharak eman du, kontrasteengatik, akaso.
Ekintza batzuk taldetan egin dituzte, eta guztiek elkarrekin beste batzuk. “Esaterako, guk nagusiekin ipuintxoak egin ditugu; norberak berea egin du, ­eta, buruz ikasi ondoren, beste ikasleei kontatu diete”, azaldu du Iturriozek. “Nik munduko mapa zuen autobus handi bat egin nuen 3 urtekoekin, eta, gero, pasabideko horman zintzilikatu genuen. Afrika iparraldean, Saharan, kokatu ginen, eta Euskal Herrian, berriz, gero. Laster hasi ziren beren kasa munduko beste leku batzuetako argazkiak ekartzen, inork eskatu gabe, etxeko norbait han dutelako edo... Mundua deskubritu dute”, adierazi du Bidekietak.
Mundu-globoa eraman zuten 4-5 urteko gelara, eta ikasle batek bere kabuz beste bat ekarri zuen. Munduko mapa handi bat ipini zuten horman, eta halaxe hasi ziren munduari, luze-zabalean, neurria hartzen.
Autobusen kontu hura deskubritu eta lantzen hasi zirenean, ikasleei eskatu zieten etxean aurkitutako informazioa ekartzeko. Argazki bitxiak ager­tzen hasi ziren, irakasleek halakorik espero ez bazuten ere: haur batek bere ­amonaren lagun batenak ekarri zituen, Nairobitarraren bidaia batean parte hartu zuelako; beste batek, amak utzitakoak... Eta, horrela, uste gabe, Itsasondoko neska-mutilek hurbil sumatu zuten Nairobitarra, eta gai izan ziren ­etxeetan gai horren inguruko elkarrizketak sortzeko. Nahi gabe ia, etxekoekin elkarlanean aritu ziren, etxeetatik ­ekarritako informazio, objektu eta abarren bidez.
Izan ere, etxekoek asko ikasi dute Nairobitarraz eta munduaz, eskolako ­txikienak gidari zituztela. Beste proiektuak batzuk egiten dituztenean, beharbada, gauza asko jakiten dituzte aurretik horien inguruan, baina Nairobitarra aurkikuntza bat izan da denentzat. Deigarria egin zaie errekak pasatzeko edo bizi­tzeko autobusa prestatu behar izan zutela entzutea. Gainera, gauza berriak ­ikasi dituzte beste herrialdeetako geografiaz, kulturaz eta abarrez.
 
Nairobitarrara bisitan
Laugarren Nairobitarra Tolosan bizi da, suhiltzaile-parkearen aurrez aurre, abentura hasteko zain. Munduarekin ­amets egiten erakutsi zieten autobus haien ondorengoa ezagutzera joan ­ziren haurrak jaiegun eta igandeetan beren etxekoekin. Ongi ezagutu zuten kanpotik. Irakasleek jakin zuten bazela laugarren Nairobitarra barrutik ezagu­tzeko aukera, eta harremanetan jarri ziren Josu Iztuetarekin, zenbait astez eskolan ezagutu zituzten abentura haien guztien arimetako batekin. Hala, hi­tzordua egin zuten autobusa barrutik ­ezagutzeko eta Iztuetarekin hitz-aspertua egiteko.
“Irteera mundiala izan zen”, gogoratu du Iturriozek, “ezustekoa izan zen denontzat”. Iztuetak aho zabalik eta harrotasunez entzun zituen Nairobitarrako autobusei buruz haurrei egin zizkien galderen erantzunak: “Autobusen matrikulak eta guzti zekizkiten”, gogoratu du harrotasunez, eskuarekin haurren altuera adierazten duen bitartean.
Haurrek, berriz, bertatik bertara ­ikusi ahal izan zuten abentura haietako protagonistetako bat, eta zuzenean entzun ahal izan zituzten haren hitzak. Nairobitarraren blogean topatu zituzten abentura ia ezinezko haietan sortu zitzaizkien galderen erantzunak eman zizkien Iztuetak; bidean autobusa sar­tzen ez zen zubi batekin topo egin zutenean, nola pasatu ziren haren azpitik, nola egokitu zuten autobusa han bizi­tzeko, non egiten zuten lo, eta abar. Haurren begietara hain magikoak ziruditen kontu haiek guztiak, zehaztasun guztiak, jakin ahal izan zituzten. Oso ­egun berezia izan zen haurrentzat, dudarik gabe.
Ez zen han amaitu, ordea, abenturazaleen arteko harremana. Handik egun batzuetara, Iztueta bisitan joan zitzaien ezustean eskolara. Eskolan bertan kontatu zioten zer egin zuten: han zeuden lanak erakutsi zizkioten, eta jada etxera eraman zituztenen argazkiak ikusi ahal izan zituen.
Proiektuaren nondik norakoen oso azterketa baikorra egin dute Bidekietak, Etxeberriak eta Iturriozek. Nairobitarra gaia hartu zuten, baina, hortik ­abiatuta, geografia landu dute aldi berean, lurralde askotako ezaugarriak ­ezagutu dituzte, eta, gainera, baliagarria izan da proiektua esparru horretako hiztegia ezagutzeko, haurrek duten adina eta gaitasunak kontuan izanda ­eta haietan oinarrituta, noski. Haurrak aipatutako xehetasun guztiekin geratu dira, eta baliagarria izan da balioak lan­tzeko ere: guk ditugun gauzak ez izan arren, duten apurrarekin zeinen zoriontsu diren ikusi dute, eta abar.
Asko ikasteaz gain, oso ongi pasatu dute. Nairobitarra, beraz, baliagarri gertatu zaie gauza piloa egiteko. Era berean, adin askotako haurrak nahastu ­izanak oso aukera aberatsak eskaini dizkie. Haurrak proiektuaren parte sentitu dira, eta etxetik gauzak ekartzeko ekimena erakutsi dute.
Egindako lanak izan du oihartzuna eskolako hormetatik harago, Itsasondoko etxe guztietara iristen den herriko aldizkariak ikasleek egindako lana jaso baitzuen. Orain, herritar guztiek pixka bat gehiago dakite Nairobitarraz eta, ­bide batez, munduaz, herriko eskolako txikienei esker.•