Zuk esana da, negatiboak garela euskaldunak genetikoki, urtetan bizi izan dugun mendekotasun egoeragatik. Bakazioetatik bueltan, aldarte positiboarekin ala negatiboarekin hasi zara lanean?
Negatiboa baino, ez-etik eraikitzen ohitutako jendea gara euskaldunak, zerbaiten kontra eraikitzen ohituta. Zerbaiten kontra eraikitzen ari denak, kontra egiteko motibo hori desagertzen zaionean, ez daki lehen esku izan eta berak berria eraikitzen. Baina hori akats historiko bat da. Gure izaera euskalduna eta euskal kultura eta euskal kutsua daukan edozeren kontra aritzen diren horiei “esker” gu beti haien kontra mugitu gara. Baina eraiki, positiboak eraikitzen du.
Eskolan, aurten zehazki, ez dut uste positiboan hasteko motibo asko dagoenik. Iparraldean ikastoletan eta eskoletan itxialdiak egiten aritu dira gurasoak; hemen ere, Tafallako ikastolan gela bakarra utzi dute 38 umerentzat; Isabel Zelaa, berriz, murrizketarik ez dela egon esaten saiatu da, eta hori esatea lotsagarri iruditzen zait, hezkuntza dagoen egoeran egonda, aurrekontua ez ugaritzea, berez, kenketa baita. Gauza batzuetan ondo iruditzen zait murriztea; hona, adibidez, 120 bat agenda iristen ziren urri bukaeran azal gogorreko eta sekulako detaileekin eginda, eta paketea askatu ere egin gabe gelditzen zen. Ongi etorri bedi krisia begiak irekitzen laguntzen digun neurrian.
Egoera horretan, irakasleak baikor izateko ze motibo du?
Hau, Goierri, eskola publikoa da izaeraz eta joeraz, baina ez da administrazio publikoarena, udalena eta enpresena da. Batxilerrean, lehenengo urtean, 21 ikasleko hiru talde dauzkagu, eta hori benetan sari bat da. Gizarteak –udal, enpresa eta gainerakoek– egiten duen ahaleginari zor diogu. Alde horretatik, pozik.
Gainerakoan, irakasle izatea pribilegio bat dela iruditzen zait, maila hauetan eta denetan. Funtzio erabat positiboa eta beharrezkoa ari zara burutzen. Gaurkotuta baldin badaukazu zure pentsamoldea gizartearen zerbitzura lanean ari zaren pertsona bat zara, eta zure gizarteari ahalik eta ekarpen onena egiteko aukera daukazu; noski, kale garbitzen ari denak ere aukera bera edukiko du, edo baserritarrak ere. Baina gure eragina zuzenean hurrengo gizartea eraikitzen saiatuko direnengan daukagu, eta hori luxu bat dela iruditzen zait. Pertsonekin ari gara tratuan. Hemen, 16 urteko pertsonak sartzen dira, gazte, eta horien nortasuna eraikitzeko ahalegin horretan mugarri garrantzitsuak izan gaitezke. Denok dakigu 16 urterekin gazte batek bere nortasuna gurasoen nortasunaren kontra eta irakasleon jarreraren eta esanahi dugun horren kontra eraiki ohi duela. Guk konflikto hori onartu egin behar dugu, pertsonen nortasun eraikitzaile bezala, eta horrela bideratu; orain, konfliktoa ulertzen badugu “ni Iñakiren kontrako” bezala, aukera erabat galtzen ari gara. Alde horretatik, nik oso positibotik hasi dut ikasturtea eta horrela etortzen naiz, oso gustura.
Hemen bertan estudiatu zenuen. Eta gero, zenbat urte daramatzazu Goierrin lanean?
24tik 56ra, 32 urte. 14 urterekin hasi nintzen hemen estudiatzen, 70ean, elektrizitateko maestria egiten. Gure belaunaldi denari bidean tokatu zaigu irakasleren bat oso euskaltzalea zena, egoera irauli nahi zuena. Hau lapiko bat irakiten zen, gu ikasleok parte hartzen saiatzen ginen, eta guraso elkarte bat zegoen buru, elementu batzuk oso interesanteak zituena, eta haiekin asko ikasi genuen. Egundoko aldaketa izan zen. Guretzat mundua alderantziz bueltaka jartzea izan zen.
5 urterekin, Gabiriko eskolan hasi nintzen, eta Leongo maisua nuen nik. Berak ez zekien tutik euskaraz eta nik ez nekien tutik erdaraz. 14 urteak arte zenbat sufritu genuen! Dena buruz ikasten: lagos, golfos, volcanes, cordilleras… eta guri berdin zitzaigun volcán esan edo cordillera esan, ze ez genuen bereizten, dena memoriaz ikasten genuen. Hutsune hura oraindik ez dut berreskuratu. Oker eta ohitura txarrez ikasitako zera hura, ulertu gabe ikasitako hura, la letra con sangre entra hura ez dut oraindik behar bezala gainditu.
Etxeko girotik eskolako girora, aldaketa oso handia izango zen garai hartan, ezta?
Traumatikoa izan zen. Etxeko jendea, orokorrean, maisu, apaiza eta medikuen lagunak ziren, itxura batean behintzat; edo kontra ez zuten egiten behintzat. Haiek gizartean zeukaten pisua gogorra zen. Guretzat egundoko oxigenatua izan zen Gabiritik hona etorri, eta hemengo irakasleak, estiloa, gazteak, bizarra, hika hitz egitea, euskaraz hitz egitea, klase gutxi batzuk euskaraz ematea… Hori guretzat ikaragarrizko salbazioa zen. Gauzak ulertu egiten genituen, ez ikasi behar zirelako ikasi… Ordura arte berdin zitzaigun Hungaria Bukarest, eta Errumania Budapest esan, edo alderantziz. Berdin zion.
Txikitako irakasle hark eraginik izan du zure irakasle lanean?
Nik ikasleei esaten diet, irakasle on batekin ikaragarri ikas liteke, eta txar batekin, beste hainbeste. Zer ez duzun izan nahi eta izan behar, hori ere ikas dezakezu irakasle txar batekin. Eta on batekin, bestelako adibideak. Guretzat oso txarra izan zen hura, eta hutsune bat gelditzen zaizu ikasteko metodo erabat desastre, antolatu gabe horrengatik. Txikitatik nahiko birjin daukazunean ikasteko sistema, burua hutsik eta garbi, dena perzeptibo zaudenean jasotzen duzun eredu horrek hutsune handi samarra uzten dizu. Eta, orain, saiatzen naiz justu kontrakoa egiten.
Leongo maisu haren garaitik, aldatu da irakaslearen rola, beraz.
Ni ez nintzateke eskola batera irakastera bakarrik etorriko. Gaur, irakasteko nik baino gehiago dakiten bitarteko asko dauzkagu, teknologiak, Google, liburuak… eta eskura dauzkate gazteek. Ze adibide, ze argazki eduki behar dute aurrean errespetuari buruz, pazientziari buruz, egoten jakiteari buruz, entzuten jakiteari buruz… Erreferente bat da aurrean eduki behar dutena. Ez luke irakasleak existitu behar, hezitzaileak existitu behar luke bakarrik. Baserritarra baserritarra da, ez da baserriko langilea. Ez da joan eta behiari eta ardiari jana bota eta alde egiten duena; behiari jana botatzen dio, behiaren begiradari begiratzen dio, tristea daukan ala ez, tristea baldin badauka belarria ukitzen dio, tenperatura ondo daukan ala ez… Hori dena egiten duena da baserritarra. Historikoki tokatu zaion iraunkortasuna eta burujabetza jokatzen ari da, eta autoestimua ere bai, berea eta abereena. Eta guk, zorionez, pertsonak dauzkagu. Eta pertsona horrek, gure aurrean bizi duen lasaitasuna edo estutasuna edo gozamena, begiradatik interpretatzen jakin egin behar dugu. Irakasle izanda, maila hauetan, ezin gara konformatu eta gelditu. Ez luke existitu behar maila hauetan irakasleak, maila hauetan hezitzaileak egon behar luke.
Eta adin txikiagoetan?
Txikiagoetan oraindik nabarmenagoa ikusten dut nik. Gorago, training-ak eta orientatzaileak daude, zer egin behar duten esan, eta apoioko pertsona bezala lan egiten dutenak, pertsona bakoitza beretik eraikitzen joan dadin. Nik uste dut hezkuntzaren txipa aldatu dela, eta aldatzen joan beharra daukagula. Jendeak esaten du gaurko gazteek ez daukatela nortasunik; nortasuna ardurak hartzen zoazen neurrian doa eraikitzen, eta gaur ze aukera dauzka gazte batek?
Bertsolari izatea eta irakasle izatea oso ondo ezkontzen dira. Zein da bertsolaritzak eskolari –edo hezkuntzari- egin diezaiokeen ekarpena?
Nik ez daukat ihes egiterik horri. Ezin dut bat etxean utzi eta bestearekin etorri. Bertsolaritzak hezkuntzari eman diezaiokeena uste dut dela hizkuntzaren sailkapen bat, tonu berdean erabili nahi duzunean hizkuntza, edo tonu aseptiko batean, edo tonu marroian, edo tonu grisean, tristura, beltzean… Hiztegia ordenatzeko aukera eta beharra ematen dizkizu bertsolaritzak. Hizkuntza ordenarazten dizu, eta zeuri konturarazten dizu sinfonierraren ze kaxoi daukazun hutsik. Hizkuntza erabiltzeko garaian jakin behar da aurrean daukazun publikoa zer nolakoa den, talde bat eta bestea ez dira sekula berdinak, eta irakasle bat eta bestea ere ez. Malgu jokatu behar da.
Ez dut nahi, ezta ere, bertsolaritza inork har dezan panazea gisara, ez dut inbidia gehiago elikatu nahi. Gabirian eta hemengo herri txikietan, betitik euskaraz bizi diren eta egin duten horiek ez dira bertsolariak, baina bertsotan bezain airoso egiten dute ziri-joko adar-jotze horretan, horra noa ni. Gaurko gizarteko euskaldunak non ikasten du adar-jotze ziri-sartze horretan?
Ez dut uste bertsolaritzak beste aukerek daukaten baino balio edo dirdira gehiago daukanik, ez, landu egin behar dira antzerkia eta beste aukerak ere jendea motibatzeko euskara erabiltzera, balioko hizkuntza bezala. Iruditzen zait askok konpromisozko hizkuntza bezala erabiltzen duela euskara. Kuadrillan erabat erdaraz egiten dute gurasoek, halaxe ohitu direlako, eta hortxe senti-tzen dira eroso eta gustura, eta gero umeek euskara ikas dezaten nahi dute eta haiei hala egin behar diete. Baina bere ohituraz, erdarak ematen dio erosotasuna, eta hori da gure gerra. Hori nola gainditu liteke? Hezkuntzan asko egin liteke, baina asko egin liteke erakarriz, jendea hizkuntza batean gustura sentiaraziz, eta polit eginez. Baina momentuko freskura horrekin eta gauza berriak sortuz.
Filosofia, eta hiritartasunaz gain, euskarako irakaslea zara. Hemen, Goierriko eskolan, soziologia berezia biltzen da: familia euskaldunetako seme-alabak batetik; familia erdaldunetakoak izanagatik, txikitatik euskaraz alfabetaturiko gazteak bestetik; eta, azkenik, duela gutxi atzerritik etorritakoak, euskaraz eta euskal kulturaz deus gutxi dakitenak. Nola gerturatzen zara guztiengana?
Oso maila polita dakar jendeak ulermen aldetik. Zuk esan duzun horri guztiari erantsi behar zaio Sakana. Hasi Bakaikutik eta Altsasuraino, eta Bakaikuko eta Altsasuko errealitatea ez dira bat. Hori ere hemen biltzen da. Ulermen mailan oso euskara polita dakar jendeak. Gero arazoa da adierazkortasunean. Nola gerturatu? Ni saiatzen naiz ahal den adibide gehien jartzen, Lazkao Txikirenak, Antonio kalekoarenak…
Ezagutzen dute Lazkao Txiki?
Bai, askok ezagutzen dute. Haientzako marrazki bizidunetako existitu ez den asmatutako pertsonaia bat da. Flipatu egiten dute ni harekin bertsotan ibilitakoa naizela esatean, eta anekdotak kontatzen hasten naizenean, ondo pasatzen dute, eta ulertzen dute, eta gustura egoten dira. Ni haiengana euskaraz hurbiltzeko bide bakarra da. Baina ez dut intentatu ere egiten euskaraz txiste bat konta dezaten, ezin dela kontatu iruditzen zaie. Ni hizketan entzunda, eta haren anekdotak eta pasadizoak kontatzen, sinetsiko dute badaitekeela.
Umorea eta hikak ematen digun aldeko haizea baliatu dezagun jendeak euskaraz egin dezan. Nik hori baliatzen dut. Niri “zintzaizkidake” edo zuhaitzak egiten aritzea… Ba begira, zer esatea nahi duzu, hemen urtetan eta mendetan euskaraz egin duenak “zintzaizkidake” ez dakit behin ere esan duen, eta euskaraz bakarrik bizi izan da jende hori. Ez noa zuhaitzak eta subjektua… ez, nahiago dut praktikan, entzun, egin, erabilarazi eta gero, umorea landu. Umorea landu ahal den freskoena, eta bat batekoena.
Hausnartzea, pentsaraztea… pertsonaren heziketan ezinbesteko diren ezaugarriak ditu bertsolaritzak. Eskolak horrelako balio horien inguruan huts egiten duela esaten da maiz. Bertsolaritza ez da panazea, baina baditu ezaugarri hezitzaileak, ezta?
Bertsolaritzak berniz bat ematen dio pertsonari. Pentsaraztetik batik bat, eta umoretik ere bai, eta euskara sakontzetik ere bai. Laguntzen dizu besterena entzun eta indartzen; bertsoa aditzen ari denak antzeman egiten dio pertsonari entzuten ari den ala ez. Politikoen debateak dira horren eredu kontrakoa: bat hizketan ari denean bestea ia sekula ez da egoten entzuten, eta bestearena ia entzun ere egin gabe plasta botatzen dio. Trenaren bi gurpilak bezala, elkarren parean joan daitezke, baina ez dira sekula elkarrengana hurbilduko.
Umorea aipatu duzu. Beharrezkoa da hezkuntzan?
Umorerik ez daukan pertsona ez da hezkuntzarako. Umorerik gabeko pertsonak, sentitzen dut, igual motiboak izango ditu umorerik ez edukitzeko, baina normal bizi den pertsona batek umorea eduki behar du, eta bereziki, irakaskuntzan ari den pertsona batek umore handia eduki behar du. Eta sormena. Askotan esaten dut, irakasle batentzat suerte handi bat litzatekeela kurtso biz behin lapur txintxoa etorriko balitz eta disko gogorra harrapatuko balu, eta, orduan, sortu egin behar. Betiko adibideak, betiko txisteak… albo batera utzi beharra izatea ona litzateke. Nik galdetzen diet errepikatzen ari direnei, tarteka, ezer berririk entzuten duten nire adibideetan… esaten diet gustatuko litzaidakeela %70a errepikatu gabea ematea.
Jendearekiko feed-backa ere garrantzitsua da. Zuk badakizu noiz bota duzun jendearen gustuko zerbait, erreakzioa berehalaxe jasotzen duzu. Nik uste dut hezkuntzan hanka-sartze handiena izan litekeela momentuko hori pasatzen uztea; irailaren 5ean hasi zara, eta ebaluazioa daukazu urriaren 17an, eta urriaren 17an irteten duena bakarrik kontuan izatea. Ikaslea momentuan benetan egiten ari dena ez da baloratzen. Iruditzen zait bertsolaritzak dauzkan bat-bateko ezaugarri horiek hezkuntzan gehiago txertatu beharko liratekeela. Izan ere, ez dira bertsolaritzarenak bakarrik diren ezaugarriak. [Antonio] Cancelo kooperatibistak esaten zuen, tabernako barran lanean, urtebetez edo bi urtez, aritutako gazte tituludunak nahi zituela.
Zergatik esaten zuen hori?
Gazte horrek, azkenerako, ikasten du atean sartzen dena zer estilotakoa den, zer egitera datorren, pazientzia ikaragarri eduki behar du… Psikologia pixka bat. Eta iruditzen zait irakasleak ere hori egin behar duela. Orain dena formulak dira. Tutorea izateko titulazioa, orientatzailea, psikologoa, irakasle soila… Eta hezitzaile integral hori nola lortzen da horrela? Titulu denak lortzeko astirik eta aukerarik ez daukazu. Esperientziak ze balio du? Ikaslea ezagutu gabe klaseak ematen ari denak balio du klaseak emateko? Bere betekizuna ondo betetzen ari da? Baliteke ikasleak irakaslearekiko ezer, hurbiltasunik edo enpatiarik edo sinpatiarik ez badu sentitzen, ikasitakoa maila berean barneratuko du, edo interes berdina piztuko dio? Nik uste dut pertsona, oraindik ere, teknika eta teknologia guztien gainetik dagoela, eta titulu guztien gainetik. Eta eskarmentua eta konfiantza eman beharko genizkioke ikasleari, dagokiona garatzeko aukera. Eta, batik bat, pertsonarekin daukan tratu hori aberasteko aukera, eta erantzunak emateko aukera. Asmatuko du edo ez du. Azkenean, ebaluatzen duguna kontzeptualki selektibitatean da, gizarterako balio duen ala ez non lortzen da? Azkenean, helburua gizarteratzea da, gizarte duin eta justu, eta orekatu bat eraikitzea. Zer egiten dugu lizentziatu tiranoz, fatxaz, misoginoz betetako gizarte batean? Non gelditzen dira gizartean integratzeko baloreak?
Transmisioarena da Bertsozale Elkartearen zutabeetako bat. Hezkuntzan behin eta berriz entzuten da transmisioan eten bat dagoela. Zuenean, ordea, funtzionatzen duela dirudi.
Bertsolaritza, bolada batean, autentikotasunaren zigilua zeraman pertsonaren dohain zerutiarra izan da. Bertso eskolak sortu zirenean sekulako erresistentziak egon ziren, eta, oraindik ere, entzuten da bertsolari gazteak denak igualak direla eta denek igual kantatzen dutela, eta denak zozo batzuk direla. Gu geu ere, bertsotan hasi ginenean, 20 urte ez genituen edukiko, eta Telleria, Mendizabal, Lizaso eta ni Ereñozun bertsotan izan ginen. Saioa egin, eta bazkaritarakoan, aitona batek esan zigun, “zuek al zarete bertsolariak?”, “beno, bertsotan aritu gara”; “Txirrita zaharrak harrapatu bazintuzte, zuzitu egingo zintuzten laurok”. Harentzat, Txirrita hil zenez geroztik, ez zegoen bertsolaririk. Baina hori naturala da. Transmisioa egiteko garaian erresistentzia handiak egon ziren. Zorionez, Amurizak, kartzelan egon zenean, eduki zuen astia bertsolaritzaz hausnarketa egiteko, eta jarri zuen dohain aparteko eta berezia omen zen hori ikasteko formatuan. Eta hortxe eman genion buelta. Eta hor buelta emateaz gain, asmatu genuen erakunde bat sortzen eta hezkuntzan sartzen.
Lehengo bertsolariek galdetzen zuten, “horren bertsoa zer duk, kupelekoa ala harkaitzekoa?”. Alegia, harkaitzetik irteten du benetako iturriak, eta bestea deposituan dagoen ura da, etxean ariketa asko egiten dituzu, eta, gero, plast botatzen duzu. Baina harkaitzetik jaiotzen den hura, behin jaiotzen da eta badoa, eta berriz jaiotzen segitzen du, ez da almazenaturiko jakintza pilo baten kalkoa.
Hor irakaslearenak ere badu antzekotasunik..
Bai ba. Irakaslea zer da, kupelatik ari dena, ala urtero, aldiro berritzen ari dena? Aldiro berdin eta aldiro berri. Hori da lehengo bertsolariek galdetzen zutena.
Guk uste genuen irakaslearen funtzio bat zela bertsolaritza irakastea, baina ikusi dugu irakaslea jende aurrean bertsotan ez dela jarriko. Bertsotan aritzeko, irakasleak prest egon behar du jolas horretan sartzeko, eta errekurtsoak eduki behar ditu onartzeko ez dela jainkoa, eta pozik egon ikasleek irakaslea gainditu dutelako. Baina ez da horrela, ohitzen ditugu ikasle denak estandarizatuta, guk baino gutxiago dakitela sinetsaraziz.
Zuek nola asmatu duzue transmisio-lanean?
Guk transmisioa egiten asmatzen dugu bertsotako ohituratik. Bertsotan, hamar mila lagunen aurrean ari zara, eta ondokoak halako erantzun bat eman eta hamar mila lagun doblatuta barrez hasten direnean edo txaloka, eta zuk ez dakizu zer erantzun eta erantzun behar duzu 40 segundo baino lehen, bada, kakalarri horrek ematen dizu gero gelara joan eta egoten jakite bat. Ikaragarria da. Transmisioa horrek gauzatzen du: zuk bizi izan dituzun estutasun horiek erakusten dizute zure ondoren datorren gazteari alanbretik eroriko dela erakusten eta ikusarazten. Alanbretik erori beharra daukala, erortzea zer den jakin, altxatzen asmatu, eta han mantentzen ikasiko duela.
Alanbrean ibiltzea da bertsolariarena, eta irakaslearen kasuan ere berdin da: ez dakizu eroriko zaren ala ez. Irakasle batek ere ariketa horiek egin behar ditu. Ikasleak pertsonak direla gogoratu, baina irakasleak eurak ere bai, ez direla jainko. Bitarteko tekniko-teknologikoei garrantzia erabatekoa ematen badiezu, igual industria estiloko baserriak eraikiko ditugu, eta eskolan ere gero eta produktibitate handiagoko gelak izan ditzakegu, baina humanoa zokoratuta.
Eskolan ere produktuari, emaitzari, gehiegi begiratzen zaio?
Matematikako irakasleak buruketa jartzen die, eta, “emaitza hau da”, esaten die. Nik ezin diet Filosofian esan, “emaitza hau da”. Irakasle askok bere gaian horretara jotzen du, emaitzara. Eta erantzunetan ez bada azaltzen zuk eman duzuna, hau resta bestea resta, bestea gaizki… Baina, zein da bertso ona? Eta zergatik? Positibotik baloratu beste erremediorik gabe gelditzen zara bertsotan, bertsoaren alde ona bilatzera jo behar duzu. Zure helburua zein da? Jende horrek bertsotan disfrutatzea? Ba, positibotik eraikitzen hasi beharra daukazu, bestela, jai daukazu.
Eta irakasleak, hasi boligrafoaren koloretik, eta ohitura negatibo hori daukagu. Txartel gorria nonahi...
Ea, ondo pasatzeko, zer ari da ikasten gaur egungo gaztea? Hori galdetu beharko genuke. Orain dela 80 urte, elizak eta kristautasunak zeukan indarrarekin, mundua sufritzeko eta zerua baldin bazen disfrutatzeko, ulertuko nuke, baina, orain, zerk eragiten du gero eta akademizistago izatea?