Alfabetoari egurra

2012-10-01
Ez dakit nondik inportatuko zuen metodoa edo maistrak berak asmatua zen, baina guk makila batekin arbela joaz ikasi genuen alfabetoa hamar-dozena bat baserritako umeak biltzen gintuen auzoko eskolan. Horma osoa alderik alde okupatzen zuen arbelean letra larriz idazten zituen maistrak A, B, C, D etabar luzea ikasturte hasieran eta ume etorri berri bakoitzari makila bana ematen zigun (makila sendoak ziren) eta haiekin arbela egurtzen genuen bitartean ahots goraz bakoitzak bere letra ahoskatzen zuen edo deiadarka esaten. Eszena ederra da benetan, maistra deskuidatu orduko umeok makilarekin ondokoa jotzeko aukera ematen baitzuen edo gutxienez ondokoarekin endredatzeko. Tarteka, lekuz aldatu eta hurrengo letrarekin jarraitzen genuen. 
Beharbada ez da metodorik onena alfabetoa ikasteko, baina gutxienez umearen jarrera aktiboa bultzatzeko balio du eta tentsioa baretzeko ere bai, arbelai markatzeraino ematen baikenion. Gerora irakurle porrokatua izan naiz eta liburua esku batean dudala irakurtzen ari naizela beste eskua sumatu izan dut erritmo pausatu bat markatzen, umetako perkusioaren oihartzun moduan. 
Psikologoek dioten bezala, nortasunaren oinarrizko egitura bat eraikita genuela hasi ginen eskolan 6 urterekin eta eraikun-tza horretan etxekoen babesa, maitasuna 
eta laguntza izan genuen. Beharbada gaurko umeek dituzten kontrasteak falta izan zitzaizkigun.
Gazteleraz ez genuen ikasi. Komunera joateko “señorita, permiso para mear” esaten genuela dakit. Ez zait oso formula dotorea edo jasoa iruditzen, baina halaxe zen. Katonak gazteleraz genituen, baina hori irakurtzen ikasi eta geroko kontuak dira.
Egunean bitan egiten genuen joan-etorria (elurteetan salbu eta orduan bazkariarekin joatea festa bat izaten zen) eta oroitzapenik onenak ilunabarreko itzulerakoak ditut, bidean jolas eginez entretenitzen baikinen. Gogoan dut tarteka pixa nork gorago egin jolas egiten genuela eta neska batek irabazten zuela askotan. 6 urterekin jakin nuen nik sexu fuertea emakumeena dela.  
Ez dut traumarik gogoratzen. Badakit ikasturte bukaeran gelako azkenari neskek eskuz eta txukun asko egindako asto belarriak jarri eta bularrean ‘soy burro’ zuela baserriz baserri ibiltzen zutela. Gogoratzen dut berak sufritu egiten zuela eta bere amak gehiago. Nire traumak gero hasi ziren erdara baizik ez zekiten maistrekin hasi nintzenean. Nire memorian maistra horiek fisikoki ere traketsak dira, itsusiak esatea motz geratzea baita. Geroztik jende itsusiegiarekiko mesfidantza bat geratu zitzaidan, kostata gainditu nuena.  
Oroitzapen solte horietatik zer ondorio atera daitekeen? Gauza garbirik ez. Irakasleek eskolarekiko sinesmen itsua behar dute. Tximuek dantzan ikasten badute, gizakiek zer ez dute ikasiko!, diote beren baitarako. Nik beti sentitu izan dut didaktikaren eta pedagogiaren gainetik irakaslearen gizatasunak eta orekak duela garrantzia. Eta fisikoki ere ez daitezela izan behintzat ume bat beldurtzeko modukoak.