Disko bat, hamalau omenaldi txiki

2013-12-01
Imanol Urbietaren omenezko diskoa egin dute Euskal Herriko 14 musikari garaikidek, musikagile zarauztarraren kantuak berrasmatuz.
'Jon Braun', 'MacMikel', 'Ran Rover Ran'...  kantu herrikoi bihurtu dira, belaunaldi askotako neska-mutilentzat. Baina badute sortzaile bat: Imanol Urbieta (Zarautz, 1934). 'Txoria nintzela', 'Kalera, kalera' (Josu Txapartegi 'Txapas'-ekin egina), 'Astoa ­ikusi nuen', 'Behin betiko' 'Uztaiak gora'...  bada, askoren bizitzetako soinu-banda bihurtu dira. Horietatik hamahiru aukeratu dituzte gaur eguneko hainbat kantari eta musikarik eta euren moldez eman dituzte Urbietaren kantu "herrikoiak", Zarauzko sortzaileari omenaldi bana egiteko. Hamahiru abesti horiei Andoni Egañak sortu duen bat gehiturik, hamalau ­omenaldi txikiko diskoa osatu dute, Bakarrik eta Libre izenekoa.
 «Zenbat abesti egin dizkigun maitasunez ta ezti. Orain itzuli nahi genioke maitasuna abesti», hala dio Andoni Urbietaren idatzitako abestiak.  Eñaut Elorrietak, berriz, Bakarrik eta libre abesti ezagunaren bertsioa egin du; Mac Mikel-ena Mursegok, eta Gitarra bat abestiarena, berriz, Anarik. Pettik, Split 77k, Aiora Renteriak, ­Joseba Irazokik, Pariak Bai-ek, Su Ta Garrek, Fermin Muguruzak, Matxurak, Lou Topetek, Audiencek, Makala Jazz Funk Bandek, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere hartu dute parte diskoan.
Proiektua egiteko ideia aspalditik zuten buruan hainbat zarauztarrek, Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko Kultura zinegatoziak diskoaren aurkezpenean azaldu zuenez. 1990ean Mikel Laboaren omenez Euskal Herriko hainbat taldek grabatu zuten Txerokee diskoa dago Urbietaren ­omenezko honen sorburuan,hainbat gazte disko hari esker, Laboa beste modu batera ikusten hasi zirela ikusi baitzuen Berasaluzek. Azaldu zuenez, Zarauzko hainbat lagunekin behin baino gehiagotan Urbietak ere halakorik merezi zuela pentsatu zuten. Azkenik, Zarauzko Udalak proiektua gauzatzea erabaki zuen, ­eta iaz hasi ziren diskoari forma ematen. «Nekez eskertu diezaiokegu Manolori egin duen guztia; Hau keinu txiki bat besterik ez da», adierazi du Zarauzko Udaleko Kultura zinegotziak.
Mikel Kazalisek-Anestesia eta Negu Gorriak taldeetako kide izanak bere gain hartu zuen proiektua koordinatzearen eta diskoa ekoiztearen ardura. Lan hori "erronka handia" ­izan zela adierazi zuen diskoaren aurkezpenean. Abestien aukeraketa bereziki zaila izan baita, Urbietaren ondarea zabala dela-eta. "Ohore bat izan da lan hau egitea, Manolori diodan miresmen eta errespetuagatik", azaldu zuen Kazalisek. «Disko batean ez da ­inolaz ere kabitzen egin nahiko ge­nukeen guztia», gehitu zuen Berasaluzek. 
Urbietaren abestiak «gure haurtzaroko soinu banda» izan direla adierazi du Kazalisek, eta horietako asko kantu herrikoi bilakatu direla. Diskoan parte hartu duten musikari nahiz talde bakoitzak Urbietaren abestiak bereganatzen asmatu dute, eta ez soilik bereganatu, irauli ere egin dituzte, ­bakoitzak bere ukitua eman dio, ale bitxi eta ederrak sortuz.
Urbieta bera, «behin hasierako ­shocka pasata», emozioz beteta dago diskoarekin. Zenbat eta gehiago entzun orduan eta gehiago gustatu ei zaio sortzaileari. «Irri bat oparitu nahi genion Manolori, eta negarrez aritu dela badakigu. Baina pozez betetako negarra izan da», kontatu zuen Berasaluzek.
Haurrentzako abestiak egin ditu Urbietak batik bat, baina haurrentzako ez direnak ere baditu diskoak. Horregatik guztiagatik, Bakarrik eta libre ez da haurrentzako disko bat soilik, baizik eta hiru belaunaldi bilduko dituen lana. Bai gaur eguneko umeentzat, baina baita Urbietaren abestiekin hazi eta hezi diren aurreko belaunaldienetzat ere.  
 
 
Diskoaren izena: Bakarrik eta libre
Parte hartzaileak:
· 'Bakarrik eta libre'. Eñaut Elorrieta.
· 'Uztaiak gora'. Petti.
· 'Txiki, txiki, txikia'. Split 77 eta Aiora Renteria.
· 'Astoa ikusi nuen'. J.Irazoki.
· 'Behin betiko'. Pariak bai.
· 'Haizearen herrira'. Su Ta Gar.
· 'Gitarra bat'. Anari.
· 'Kalera, kalera'. F. Muguruza.
· 'Mac Mikel'. Mursego.
· 'Kalaberak'. Matxura.
· 'Txoria nintzela'. Lou Topet.
· '18 Serore'. Audience.
· 'Jon Braun'. Makala Jazz Funk Band.
· 'Manolo'. Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Andoni Egaña.
Koordinatzailea: Mikel Kazalis
Azalaren egilea: Jose Luis Zumeta
Argitaratzailea: Elkar.