Baina mutilek pixa eserita egin dezakete? Maskulinitateaz gogoeta bat

2013-12-01
 
 
Lehenengo galderak
Hezitzaile gehienoi egokitu zaigu ume txikiei komunera laguntzea, eta behin eta berriro ikusi dugu neskek eserita egiten ikasi dutela eta mutilek, berriz, zutik. Mutilek, distantzia laburretik eta punteria onez isuri arren, mila mikrotanta txiki bidaltzen dituzte ontziaren puntu guztietara, baita bonbaren ura heltzen ez den lekuetara ere. Irakasleok disgustua hartzen dugu maiz, gero jokaera horrek ­emango digun lanaren aurrean.
Baina ez da soilik umeek etxetik ekartzen duten zerbait; maisu-maistra ugarik (gehienek?) eserita/zutik dikotomian irakasten diete pixa egiten haien ikasleei. 
Zergatik? Zertarako? Harridura-aurpegiak agertzen dira maiz galdera horien aurrean, hainbat irakasleri lehenengo aldiz planteatuko balitzaizkie bezala. Batzuek, berriz, egin izan dute topo gaiarekin, eta esperientzia interesgarriak partekatzen dituzte. Besteak beste, mutil txiki batzuen ­erresistentzia gaindiezina pixa eserita egiteko, eta baita ama batzuen protestak ere jakin dutenean haien seme txikiak eseri egiten direla eskolako komunean. 
Komun publikoak generoa eraikitzeko gailuak dira
Komun publikoak eta etxeko komunak ez dira berdinak. Beatriz Preciado filosofoak komun publikoen inguruan duela urte batzuk egin zuen analisian , ederto azaldu zuen gorputzaren zaborra kudeatzeko espazioak izateaz gain, generoa zelatatzeko kabinak ere badirela: 
Komun bakoitzaren atean, zeinu bakar moduan, genero interpelazio bat: maskulinoa ala femeninoa, andreak ala jaunak, kapela ala pamela, bibotea edo loretxoa, komunera generoa berregitera sartu beharko bagenu bezala, gernuaz eta kakaz libratzera bainoago. […]. Inporta duen bakarra GENEROA da.
Izan ere, Preciadok azaltzen duenez, emakumeen komunetan, adibidez, beste erabiltzaile batek adierazi ahal dizu –zure genero-seinaleak ­ebaluatuta, nahiko emakume itxura ez baduzu– lekuz erratu zarela eta dagokizun lekura bidali (poliziaren laguntzarekin, beharrezkoa baldin bada). 
Komun publikoetan, emakumeek eserita egiten dituzte bi funtzioak, biak esparru pribatuan. Esparru publikoa ispiluarena da, non emakumeek generoa elkarrekin  atontzen duten. Gizonen komunetan, berriz, bi funtzioak (genitala eta uzkikoa) bananduta daude: pixa esparru publikoan egiten dute; kaka, aldiz, pribatuki, uzkia begiradatik babestu ­behar dute eta. 
Gizonen komun publikoak, bestalde, konplizitatea eta sexua esperimentatzeko lekuak ere izan dira eta badira, emakumeen komunak ez bezala, baina, Preciadoren ustez, pixa zutik egitea maskulinitate heterosexualaren performance eraikitzaileenetarikoa da, genero sortzailea. ­Ekintza kultural bat, non begirada kolektiboa ezinbestekoa den gizon moduan ezagutua izateko: “gizartekoitasun-lotura partekatuak sortzen baititu, hori publikoki egitean, gizon moduan ezagutzen direnen artean”. Filosofoak dioenaren ildotik, “hondakin organikoak kanporatzeko une bakoitzak balio du generoa erreproduzitzeko abagune moduan”.
Ume transexualak eta komunen ­erabilera 
Aurrekoaren adibide argia da Coy Mathisen kasua. Sei urteko ume estatubatuar transexuala da, zakilarekin jaioa eta bere burua neskatzat duena. Noiz egin du jauzi gaiak komunikabideetara? Umearen eskolako zuzendariak neskentzako komunak ­erabiltzen jarraitzea debekatu ondoren, haren gurasoek gaia auzitegira ­eraman dutenean, haien alabaren eskubideak urratzen ari zela ulertuta .
Andaluzian ere fiskaltzak erabaki du ikertzea zein trataera jaso duten hiru ume transexualek (sei, zortzi eta bederatzi urtekoek) haien ikastetxeetan. Aztertzen ari da, hain zuzen, ea ikastetxe horietan gurasoen eskaerei jaramon egin dieten, alegia, umeak haiek aukeratutako izenekin gelan ­izendatuak izateko, haien identitatearen araberako arropa edo uniformea janzteko eta identitate horrekin lotutako komuna erabiltzeko .
Komunaren erabilpen generikoari garrantzi handia aitortzen diote hezkuntza-komunitatearen partaide guztiek, ikusten dugunez. Badago hemen zer hausnartu: queer mugimenduak emakume/gizon binarismoa (alegia, bi generoen arteko dikotomia) arbuiatzen du, eta baita une oro nork bere burua generikoki sailkatzeko beharra ere. Argi dago, baina, eskoletan komun berezituak ­edukitzeak gaur egun sailkapen hori egitea eskatzen duela.
Eta etxeko eta eskolako komunetan? 
Publikoak ez diren komunetan, esparru bakarra dago denontzat, eta bi funtzioak egiteko lekuak ez daude berezituta ez emakumeen ez gizonen kasuan: etxe gehienetan eta eskola askotan ontzi bakarra dago pixa eta kaka egiteko. Hala ere, pixatoki publikoetan bezala egiten dute pixa gizonek, nahiz eta etxean zakiletik konketara distantzia askoz handiagoa izan. Etxeko  komunean pixa zutik egiteak esan nahi du halabeharrez gizonek espazio hori zikinduko dutela, asko ala gutxi. Ez zait ahaztu ­ikastaro batean ikusi nuen esperimentu bat: ur botila txiki bat (zurrupatzeko gailua zuena) urdinez tindatutako urez betetzea eta, komun-ontzira zuzenduta, pubisaren altueratik hustea. Ur urdinari esker, han geunden guztiok hauteman genuen gernuaren kolore argiarekin zailagoa dena: zipriztin txikiak noraino heltzen ziren.
Eta, hala ere, jarraitzen dugu mutil txikiei zutik egiten irakasten, komun publikoetan egiten den bezala (tabernan, museoan, akaso lanean…), eta ez diegu irakasten komun arruntetara egokitzen (etxekora, hain zuzen, non askoz gehiagotan egingo duten, ziur aski).
Nondik erresistentzia? Maskulinitatearen gakoa
Nondik datoz mutil txiki batzuen erresistentzia handia eta guraso batzuen protesta eserita egitearen inguruan? Maskulinitate hegemonikoarekin duen lotura nabarmena da. Eserita egitea emakumeen ezaugarria da, eta “emakumeen gauzak” edo gauzak “emakumeen antzera” egiteak prestigio galera ekartzen die gizonei (estatus baxuagokoa delako gure gizartean). Aldi berean, “maritxutzeko” arriskuarekin erlazionatzen dute: nahikoa gizon ez agertzearekin ­eta gay izatearekin. 
Badago, gainera, beste elementu bat, argiki sumatzen dena, maskulinitate konbentzionalaren imaginarioarekin lotua. Esertzea makurtzea da, menperatua eta otzana izatea, ondorioei erreparatzea, arauetara egokitzea, garbiketa kontuan izatea… Zutik egitea harroa da, indartsua, ­etxekotu gabea eta arduragabea izatea, arauen gainetik egotea, garbiketa baztertzea…; matxoa (edo “betiko” matxoa) izatea, hain zuzen. Hori guztia sumatzen da gizon batzuen kexan, gaia sarean eztabaidatzen denean: “Hori bakarrik falta zitzaigun. Emakumeek dena nahi dute, are gizonok bukaeraraino umiliatu eta gure maskulinitatea erabat desagerrarazi”. Badirudi zutik egitea dela, hain zuzen, gizontasunaren azkeneko gotorlekua.
(Hemen azaldu behar dut ez dudala ezer harroa izatearen kontra; norberak ikusiko du zer jarrera aukeratzen duen. Bai uste dut, berriz, bizi-jarrerak eta komunean pixa egiteko moduak ez daukatela lotura zuzenik edo ez dutela zertan izan). 
Maskulinitate hegemonikoa horrelako erritoetan gorpuzten da. Guraso eta irakasle batzuk (baita amak eta maistrak ere) maskulinitate horren zaindariak dira, hainbat (in)kontzientzia mailatan, darabilgun arloan beste arlo batzuetan bezalaxe. Horrela jarraitu ahal izango dute mutilek zutik egiten, jokaera horrek zenbat zikintzen duen arduratu gabe. Ez dago sobera gogoratzea, bestalde, emakumeak direla oraindik gehienetan zikinkeria hori garbitzen dutenak.
Emakumeek ere zutik egin dute
Naturala da generoen arteko desberdintasuna gaurko komunez baliatzeko orduan? Barruko arropa erabiltzeko ohitura, behintzat, nahiko berria da klase baxuen artean. Jose Antonio Azpiazu historialariak Euskal Herrian garai bateko arroparen ­eta higienearen inguruko usadioak azaltzen ditu, eta baita hamarkada gutxi batzuetan nola aldatu diren ere: “Orain dela 150-200 urteko kuleroak oso bitxiak ziren. Gerrian itxiak, eta aluaren parean irekiak […] Txiza egiteko ez zuten kuleroa kentzen emakumeek. Gure amonek zutik egiten zuten txiza” .
Kulerorik gabe ibiltzea eta soroan edo kortan gonaren azpian hankak ­apur bat irekitzea pixa egiteko, hori nik neuk ikusi dut duela 30 urte Kantabrian bertan adineko emakumeen artean. Ez daukat erreferentziarik nola egiten duten oraindik nekazaritza tradizionala lantzen duten beste gizarte batzuetan, baina ez ninduke harrituko antzeko ohiturek irauteak. 
Horrekin esan nahi dut, gaurko komunak sortu eta hedatu baino ­lehen, pixa egiteko moduak ez zirela gaur egunekoak. Gaurko ohiturak ­eraikuntza sozialak dira, gailuen eta esparruen diseinu jakin batzuei egokituak; ez dira beti horrelakoak izan, eta, aurrerantzean ere, desberdinak izan daitezke. 
Eta bai, komun-ontziaren barruan pixa eserita egiteko, mutil txikiek ikasketa-prozesu labur bat egin behar dute, zakila beherantz bideratzeko, adibidez. Baina neskek ere ­behar dute ikasketa-prozesu bat, ­ekintza ez da “naturalagoa” haien artean; izan ere, haiei ere irakatsi behar zaie ipurdia eta bagina ondo zentratuta jartzen, likidoa ez kanporatzeko.
Ipuin-liburu baten adibidea: “Nik ­eserita egiten dut. Eta zer?”
Europako herrialde batzuetan, ­Alemanian edo Eskandinavian, adibidez, gure artean baino hedatuago dago gizonen artean pixa eserita egiteko usadioa. Kanpaina batzuk abian jarri dituzte, gainera, erabilera hori ­leku publikoetan zabaltzeko, eta ­etxeko komunetan ere oharrak jartzen dituzte etxekoei gogorarazteko eta bisitei mesedea eskatzeko. 
Gure gizartean urrun gaude adibide horietatik. Gaia tratatzen duen ­ipuin-liburu bat aipatu nahi dut adibide moduan: Nik eserita egiten dut. Eta zer?, Arantza Iturberena (Donostia, 2001). Liburua “Eta zer?” sailekoa da; sail horren protagonistek “ezohikoak” diren ezaugarriak dauzkate, ­eta gure gizartean aurrera ateratzen ­ikasten dute. Aniztasunaren aldeko saila dela esan dezakegu.
Istorioa honako hau da: Josuk, protagonistak, eserita egiten du pixa; amak bezala eta ez aitak bezala, beraz. Izan ere, aitak “komunetik metro erdira, eta, normalean, erdia komunetik kanpo”, amaren disgusturako.
Eskolan konturatzen direnean, ia ume guztiek barre egiten diote Josuri nesken moduan egiteagatik, eta berak gaizki pasatzen du. Gurasoengandik ez du aholkurik jasotzen, baina amarengandik mezu anbibalente hau hartua zuen jada: “Josu, maitea, niri oso ondo iruditzen zait eserita ­egitea, baina ez al zenuke hobe aitak bezala egiten ikastea?”
Ipuinaren bukaeran, Josuk “konpromisozko” konponbidea aurkituko du: zutik egiten ikasi du, eta, berak dioenez, “eskolan edota jende gehiago dagoen tokietan bakarrik egiten dut zutik. Bakarrik nagoenean eta etxean, eserita egiten jarraitzen dut”.
Ipuina umearen honako hitz hauekin bukatzen da: “Nik, orain, aitak bezala egiten dut pixa eskolan, eta amak bezala etxean. Eta pentsatu, asko pentsatzen dut nik ere. Eserita hobeto pentsatzen da, gainera, eta, batez ere, gutxiago zikintzen da”.
Laburbilduz: umeak nahiago du eseri, eta arrazoi onak dauzka horretarako, baina erabaki du eskolan plantak egitea eta esparru publikoan mutil konbentzionalengandik espero den bezala jokatzea. Non gelditzen da “eta zer?” kontua orduan? Non, “ezohiko” berezitasunaren defentsa? Horren handia al da presioa mutilen gainean, ezen protagonistak ezin baitu arau hori baztertu ezta fantasiaren munduan ere, sailaren formatuak horrela eskatu arren? Maskulinitate hegemonikoa, zelako zama.