Nor gara gu?

2013-12-01
Aniztasuna kudeatzen hasteko, non kokatzen garen erabakitzea garrantzitsu deritzogu; akaso “gu” eta “beraiek” bereizi eta horien artean zubiak eraikitzeko lana hartu baino, ez ote da hobe denok “gu” izatea? 
 
 
Aniztasuna benetan gai konplexua da, batez ere nola kudeatu ez dakigunean. Baina aniztasuna errealitatea da, gaur egungo hezkuntza-sistemak —ikastetxe guztiek, irakasle bakoitzak— kalitatean oinarritu nahi badu bizkarra eman ezin dion errealitate bat.
Aniztasunaren aurrean kokatzeko hainbat modu daude. Bizkarra 
ematea izan daiteke bat, eskolaren benetako funtzioan sinesten duen edonork onartu ezin duen modua, ordea. Beste bat zubiak eraiki nahi ­izatea izan liteke,  “gu” eta “beraiek”“elkartzeko” zubiak eraikitzea.  Baina, nor da “gu”? Eta nor “beraiek”? Gu-tarren artean ez al dago aniztasunik? Akaso ez al gara gu denok anitzak? Jatorriz, ideologiaz, erlijioz, hizkuntzaz, kulturaz, baina baita zaletasunez, gaitasunez, adinez, ohiturez, izaeraz... Akaso “gu” eta “beraiek” bereizi eta horien artean zubiak eraikitzeko lana hartu baino, ez ote da hobe denok “gu” izatea, bakoitza bere ezaugarriekin, gaitasunekin, ahalmenekin, nahiekin...? Aniztasuna kudeatzen hasteko, non kokatzen garen erabakitzea garrantzitsu deritzogu, eta hitzez soilik ez, benetan inklusiboak izan nahi badugu, ezin dugu “gu” eta “beraiek” dikotomiatik abiatu. 
Horrek ez du esan nahi aniztasunaren konplexutasuna aitortzen ez dugunik, inondik ere. Ikaragarria da ikasle bat, bi, hiru... ikasturte erdian atzerritik etortzeak sortzen dituen zailtasunak. Baina “aniztasuna aberasgarria da” gisako leloetan gelditzeak ere ez du asko laguntzen. Baliabideak, formazioa, pertsonala, pertsonala, formazioa eta baliabideak behar dituzte ikastetxeek egoera horiek ondo kudeatzeko, ikasle bakoitzak eman dezakeen onena eman ahal izateko; eta ez soilik programak.
Aniztasunak hezkuntza-sistemaren oinarri asko kolokan jarri ditu. Ikastetxeak prestatuak al daude,  gela bakoitzean duten errealitateari erantzuteko? Ala ikaslearen —etorkinaren, itsuaren, gurpildun aulkian doanaren— bizkar uzten du? 
Irakasleek —irakasle bakoitzak— bal al dute aski formazio beren geletan —bakoitzaren gelan— duten errealitateari erantzuteko?