Euskararen iraupenaren misterioa

2014-03-01

“Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria” zioen Koldo Mitxelenak, eta misterio hori oinarri hartuta, eta euskarak ­inguruko hizkuntzekin duen ­bizikidetzaren gainean ­hausnartzeko helburuarekin osatu da euskararen inguruko Badu Bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketa. 2012ko udazkenean Donostiako San Telmon inauguratu ostean, eta Baiona zein Gasteiz bisitatu ondoren, Bilboko Alhondegian da otsailaren 24tik maiatzaren 4ra bitartean. 

 
 
Hizkuntza batek iraungo du, hiztunik badu, erabiltzen bada, bizia bada, lurralderik badu… badu eta bada. Euskarak irauteko baldintzak bete dituelako iraun du gaur egunera arte, baina etorkizunera begira, ze bide dauka euskarak?
Euskararen iraupena ardatz hartuta, mundu eleanitza eta hizkuntzen arteko bizikidetzaren inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko gune izateko sortu zen erakusketa Donostiako San Telmo Museoaren eta Etxepare Institutuaren arteko lankidetzatik, Joxean Muñoz komisario eginkizunetan zuela.
Donostian, Baionan eta Gasteizen bere ibilbidea egin ostean, Bilboko Alhondegian izango da otsailaren 24tik maiatzaren 4ra bitartean. Doakoa da sarrera, eta eskola zein hizkuntza eskolentzako bisita-gidatu bereziak egingo dira, horiek ere doan.
Izaera aldakorreko erakusketa da, bisitarien ekarpenek zein egunez 
eguneko gertaerek aberastuko dutena. Ezohikoa ere bada; hitz egin daiteke, idatzi, iritzia eman, kritika egin, argazkiak atera eta bideoak grabatu eta partekatu… bisitari bakoitzak euskarari norbere kolorea emanez. 
Horrexegatik, Badu Bada erakusketak Bilbon izango duen espazioan, hainbat esparruri lotutako jarduerak gauzatuko dira: zientzia eta teknologia, arte biziak, sorkuntza literiarioa, gazteak, hiri-espazioa, hizkuntza bateko dialektoen arteko eta hizkuntza horren eta beste batzuen arteko elkarbizitza...
 
Erakusketaren guneak eta aukerak
Hamar gune ditu erakusketak: (A)hotsak; Kodeak; Hizkuntza bizia; Euskara mundu eleanitzean; Euskararen iraupena; Euskararen herria; Erabili, maitatu, ikasi, irakatsi; Gozatu, jolastu; Hizkuntzen elkarbizitza; eta Agurra(k). 
Bestalde, “Badubadatzen” izeneko saila ere badu eta honen baitan hainbat jarduera antolatuko dira: hitzaldiak, solasaldiak, tailerrak, bisita gidatuak idazle, bertsolari, aktoreekin, etab.
Euskaldunei nahiz euskaldun ez direnei dago zuzendua erakusketa. Hori dela eta, lau hizkuntzatan osatu dute –euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez–.