Txiki izatearen abantailak

2014-03-01

“Eskola bat txikia ez bada, ez da eskola”, halaxe adierazi zien Francesco Tonucci pedagogo ­italiarrak Gipuzkoako Eskola Txikietako irakasleei, urtarrilaren 27an eta 28an eman zizkien ­prestakuntza-saioetan. Euskal Herriko egoeratik abiatuta eta esperientzia pertsonalean ­oinarrituta, gaur egungo gizarteko haurren beharrei erantzungo ­dieten eskolak zer gako izan beharko lituzkeen azaldu zuen, eta eskola txikiek izan ditzaketen hainbat onura aipatu zituen.

 
 
Zoriontasuna izan ote daiteke gaur egungo hezkuntzaren xedea? Hausnarketa horrekin abiatu zuen Tonuccik saioa, eta azken urteotan hezkuntzak izan duen bilakaera ekarri zuen gogora. Haren esanetan, soilik gutxi batzuentzat zen eskola lehen, eta soilik erdi- edo goi-mailako familietako haurrek, etxetik prestatuta zetozenek, egiten zuten aurrera: “Familia horiek etxeko prestakuntzaren osagarritasuna bilatzen zuten eskolan, eta, beraz, eskola ez zen oinarrizko prestakuntzarako tokia”. 
Tonuccik azaldu zuenez, iraultza gertatu zen hezkuntzaren alorrean 60ko hamarraldian, eta 14 urte arte eskola doan ematea lortu zen hainbat herrialde demokratikotan: eskola berbera guztientzat. Pedagogoaren iritziz, sekulako lorpena izan da hori maila politikoan, baina akats ­izugarria egin da hasieratik: “Gutxi batzuentzat pentsatutako eskola eskaini zaie guztiei, eta, horren ondorioz, gehiengoak porrot egiten du. ­Izan ere, etxekoaren osagarri izango zen hezkuntza eskaintzen jarraitu da, kontuan izan gabe haur asko oinarrizko hezkuntzarik gabe iristen direla eskolara”.
Uneotan hezkuntza-sistemak duen erronka nagusia ikasle guztientzako balioko duen eskola eskaintzea da, Tonucciren ustez, eta “mirari hori” eskola txikietan posible dela dio. 
Nola egin guztientzako balio duen eskola?
Eskolak, lehen-lehenik, aurrez familiek egiten zuten lana bere gain hartu behar duela eta haurrei oinarri kulturalak eskaini behar dizkiela dio Tonuccik. Haren hitzetan, derrigorrezko eskolak ezin die inolaz ere ­errua familiei bota, eta, beraz, guztientzako baliagarri izango den eskola sortu behar du, baita zailtasun handiagoak izan ditzakeen haurrarentzat edota inolako borondaterik gabe doanarentzat ere. Horrexegatik, haurrak ez die zertan irakasleei jarraitu, baizik eta alderantziz: “Eskolan giro egokia sortzea dagokie irakasleei. Haurrek liburuak izan behar dituzte, musika entzuteko aukera, ingurune lasaia, eta abar”.
Guztientzako baliagarri izan daitekeela uste duen eskola horren oinarri filosofikoa entzumena da, Tonucciren irudiko: “Tradizioan, haurren egitekoa irakasleei entzutea izan da eskolan, haiek baitziren zekitenak. Orain, ordea, badakigu hori ez dela egia eta haurrek haurtzaroan bizitza osoan baino gehiago ikas dezaketela. Beraz, irakasleok zer proposamen egin ditzakegu haurrek euren kabuz ikas dezaten?”.
Aniztasuna onartzea eta egoki kudeatzea da guztientzako balioko duen eskola batean kontuan izan beharreko beste gakoetako bat, Tonu­cciren arabera. Izan ere, irakaskuntza egoki batean, eskolan dakitenarekin sartzen utzi beharko litzaieke ­ikasleei, eta etxetik edo kaletik hartutako hori eskolara eramaten uzteak aniztasuna onartzea esan nahi du: “Aniztasuna onartzen dugu aniztasun hori behar dugulako, taldeak ez baitu zentzurik guztiak berdinak badira. Taldean era askotako jendea bada, talde hori autonomoagoa eta boteretsuagoa izango da”. 
Haur baten gaitasunak onartzeak haurrari falta duen hori berreskuratzen eta zoriontsu izaten lagun diezaiokeela dio pedagogoak. Hark dioenez, ikasle bakoitza bere alorrean, berak gustuko duenean eta pasioz egiten duen horretan onena izatea izan behar dute helburu irakas­leek. “Pentsatzeko modu horretan, edukiek ez dute interesik; balio duena haurrek edukiak proposatzea da. Beraz, guk bermatu behar duguna metodoa da. Irakasleak baliabideak haurren eskura jartzen ditu, eta lagundu egiten die, baina ez die esaten hau bai eta hori ez”.
 
Adin guztietako haurrak batera: deliberamenduz edo ­halabeharrez?
Diferentziarik egin gabe guztiei ­irekita ez dagoen eskola bat eskola ez den moduan, txikia ez den eskola bat ere ezin dela eskola izan dio Tonu­ccik. Izan ere, txikitasunean soilik da posible komunitate-izaera gordetzea. Baina, haren ustez, eskola guztientzako modukoa izan dadin ez da nahikoa hori soilik; urrats bat aurrera egin behar dela dio, gelak kentzeko, adinaren araberako sailkapenak sai­hesteko eta irakasgaiak ezabatzeko. “Ikasgela toki abstraktua da. Bizitza errealean, gainera, inoiz eta inon ez da jendea adinaren arabera sailkatzen. Irakasgaiak zatikatuta ematen dituzten eskolak ere irrigarriak dira, eta ez dute errealitatearekin zeriku­sirik”. 
Eskoletatik gelak eta irakasgaiak kendu eta lantegiak sortzea proposatzen du Tonuccik: plastikako lantegia, hizkuntzetako lantegia, matematikako lantegia, sukaldaritzakoa, eta abar. Eta adin guztietako haurrak nahasian lantegi batetik bestera pasatzen joatea, bakoitzaren interesen ­arabera. “Horixe da zientzialariek ­edota artisauek egiten dutena. Beraz, goi-mailetan horrela funtzionatzen bada, haurrekin ere zergatik ez jokatu berdin?”. Pedagogoaren aburuz, eskola txikiek beste eskolek ez bezalako abantailak dituzte horrela funtzionatzeko, baina zalantza egiten du zenbait eskola txikitan adin guztiak batera, areto handietan eta irakasgairik gabe kontzientziaz eta deliberamenduz edota halabeharrak aginduta egoten ote diren.
Nola jorratu hainbat alor?
Eskola txikietako irakasleekin ­egindako saioan, guztientzat balioko duen eskolak izan beharko lituzkeen hainbat ezaugarri eman zituen Francesco Tonuccik, eta, horretarako, hezkuntza-sistemaren barneko hain­bat alor nola jorratu azaldu zuen:
1. Jolasa: pedagogo italiarrak azaldu zuenez, haurrek hezkuntzarako eskubidea izateaz gain, jolaserako eskubidea ere badute. Haren ustez, beraz, ikaskuntzak eta jolasak pisu berbera izan behar lukete, nahiz eta sarritan eskolak jolasari denbora guztia jaten dion: “Zientziak erakusten digu pertsonen ikaskuntza-prozesurik esanguratsuenak eta garrantzitsuenak jolasean gertatzen direla. Horrexegatik, oso garrantzitsua da jolasa errespetatzea”. Hortaz, haurrek ongi eta aske jolas dezaten interesa eduki beharko luke eskolak, Tonucciren ustez, haurrek eurek esaten baitute jolasean gauza interesgarriak gertatzen zaizkiela, baina eskolako lanetan ezetz. 
2. Gertuko esperientzia konplexuak: haurren burmuinaren bideari jarraituz eta gertuko errealitatetik abiatuta ikasi behar dela aipatzen du Tonuccik, eta, sarritan, haurrei eskura euren adinerako, ustez, egokiak diren edukiak jartzen bazaizkie ere, kontrakoa egin behar dela, gertuko esperientzia konplexuak eskaini. Izan ere, pedagogoak dioenez, burmuinak espezializazioan egiten du lan: “Haurrei esperientzia konplexuak eskaini behar zaizkie, konplexutasun horren barruan haurrak euren kabuz mugi daitezen eta errealitate horrekin harremanean ikas dezaten”.
3. Irakurketa:  Tonucciren hitzetan, irakurtzea ez da hizkiak deszifratzea; aitzitik, irakurtzen ikasteko, entzuten jakin behar da lehenik, eta hiru proposamen egiten ditu entzumena lantzeko:
a) Herriko liburu-denda lantegi bat balitz bezala erabiltzea: “Lantegira joan eta nola antolatuta dagoen ikusi, liburuak aztertu, bertan irakurri, eta abar. Baina liburu-dendara behin joatea ez da nahikoa izango, maiztasunarekin joango gara hara. Lehenik, liburutegia ezagutuko dugu, liburuzainarekin hitz egingo dugu… Eta, gero, agian liburu bat erostera itzuliko gara. Haur bakoitzak berak gustuko duen liburua aukera dezala. Gero, nahi izanez gero, gelan liburuak dioena aurkez dezake ikaskideen aurrean. Aitzitik, inoiz ere ez diegu guztiei liburu berbera irakurtzeko aginduko, eta ez diegu esango irakurritako liburuaren gainean fitxak egiteko ere”.
b) Haurrei gelan bertan liburuak irakurtzea: “Irakasleak berak ere irakur dezake liburua, edo kanpoko norbait gonbida daiteke (gurasoak, aitona-amonak, herriko ezagunak…). Ez da nahikoa, ordea, soilik ipuinak irakurtzea. Liburu osoak irakurri behar dira, egunez egun, telenobelak balira bezala, haurraren interesa pizteko. Gera daitezela haurrak hurrengo egunean liburuarekin jarraitzeko irrikaz”.
c) Lehen Hezkuntzako haurrak gonbidatzea Haur Hezkuntzakoei irakurtzera: “Haurrek eurek baino haur zaharragoei arreta handiz entzun ohi diete, eta benetan esperientzia bikaina izaten da”.
4. Idazketa: Tonuccik dioenaren arabera, Haur Hezkuntzan ez da pasatu behar denbora asko eskuarekin idazten ikasteko ariketak egiten; eskua margotuz, josiz, moztuz, buztinarekin ibiliz, eta abar hezten baita, ez, ordea, helburu jakin bat lortzera (idazten ikastea) bideratuz edota hizkiak kopiatuz. “Hortaz, nola proposatu idazketa? Galdera garrantzitsua da, haurrak zentzua aurkitu beharko baitio idazteari, horretara anima dadin. Haurrak zertarako idatzi behar du? Komuni­katzeko. Beraz, haurrak konturatu beharko du idazteak komunikatzeko balio diola”. 
5. Zientzia: “Zein da haurren zientzia?”, galdera horixe egiten du Tonuccik, eta erantzun hauxe ematen dio: baratze, sukaldea, zeramikako lantegia… Prozesu konplexu horien barruan haurrek teoria zientifikoak aurki ditzaketela dio pedagogoak: “Interesgarria izan liteke animaliak haztea, bizitza duen edozerekin eta naturarekin harreman estua izatea, horixe izango baita haurren zientzia-iturria”.
6. Sukaldaritza: janariarekin loturiko zenbait arazo tarteko, janariarekin erlazionatutako alorrak hezkuntzaren barnean txertatzea proposatzen du Tonuccik, eta eguneko unerik garrantzitsuena bazkaria izatea. Gaur egungo jangelen kontra dago pedagogoa, ez baitu ulertzen toki berean 100-200 lagunek nola jan dezaketen. Errealitatearekin zerikusirik ez duen toki arraro bat iruditzen zaio, baina nola ezabatu jangela? “Nahikoa litzateke sukaldaritzako lantegi gisara hartu eta gelan bertan jatea. Ikasleek eurek jar dezakete mahaia; nahi duten janaritik nahi duten beste hartu, eta elkar zerbitzatu. Frogatuta dago sistema horren bidez janari gutxiago botatzen dela zaborretara, errieta eta iskanbila gutxiago izaten direla, ontzi gutxiago apurtzen direla, eta abar. Beste aukera bat noizbehinka bazkaria haurrek eurek prestatzea izan liteke, jakiak eurek erostea, eurek kozinatzea eta jan ondorenean balioespena egitea”.
7. Marrazketa: marrazkiak egiteak komunikatzeko, adierazteko eta barneko sentipenak kanporatzeko balio duela dio Tonuccik, eta, haurrak nahi duen eran adierazteko eskubidea duen arren, sarritan marrazkiak egitea edo margotzea denbora galtzeko modutzat hartzen dela eskoletan eta ez zaiola ematen behar besteko garrantzirik. “Norma­lean, zenbait lan agintzen dizkiegu haurrei, eta, gainerakoek baino lehenago amaituz gero, marrazki bat egiteko esaten diegu; gero, ez diogu kasurik egiten marrazkiari. Haurra konturatu egiten da guretzat marrazkia ez dela garrantzitsua. Beraz, ez du arretarik jartzen egiten ari den horretan, eta sekulako pena da hori, zeren, marrazkiarekin bestelako zereginekin bezainbeste gaitasun eta trebetasun lantzen baiti­tugu”.