Alvaro Beñaran: Esaten duguna eta egiten duguna koherenteak izan behar dira, bestela zatiketa bat gertatzen da eskolaren eta bizitza errealaren artean

2014-07-01
‘Hezkuntzan zailtasunak: hezitzailearen erantzunak (emozioak, afektuak eta sentimenduak)’ ikastaroan 0-6 urteko hezitzaileen erreakzioak, emozioak eta printzipioak mahai gainean jarriko ditu Beñaranek.
 
 
Zer garrantzia daukate emozioek, afektuek eta sentimenduek Haur Hezkuntzako hezitzaileen lanean? 
Haur Hezkuntza profesio bat da baina, batez ere, bizitza da; eta horrela hartu behar dugu, ez bizitzatik aparte balego bezala. Gure lanak gure izatearekin zerikusia dauka, gure bizitza da, baina baita haurren izatearekin eta familiarenarekin ere. Horregatik aztertu egin behar dugu esaten duguna eta egiten duguna bat ote datozen, transmititu nahi ditugun baloreak eta gure jarrerak bat ote datozen. Perfekziorik ez dago, baina koherentzia bilatu behar dugu: esaten dugun hori egia izan behar da. Bestela eskizofrenia bat gertatzen da, eskolaren eta bizitza errealaren arteko zatiketa bat, hau da, haurrek jasotzen dute eskolan ikasten dena gauza bat dela eta bizitza erreala beste gauza bat dela. Saiatu behar dugu zatiketa hori gainditzen, eskolan bizi dugunaren eta handik kanpokoaren artean koherentzia egon dadila, eta ikasleek ikustea helduok transmititzen duguna egiazkoa dela.
Oso egokia da defendatzen ditugun printzipioen eta gure praktikaren arteko koherentzia bermatzen lagunduko diguten metodologiak aurkitzea,  eta metodologia horrek barnebildu behar ditu emozioak eta afektuak; bai haurrenak baina baita hezitzaileonak ere.
Jar zenezake printzipioen eta praktikaren arteko inkoherentzia horren erakusle den adibiderik? 
Guk haurrei esaten diegu elkar errespetatu behar dugula; iniziatiba edukitzea oso garrantzitsua dela bizitzan; norbere gogoak agertzea ona dela... Baina gero, askotan, ez ditugu euren nahiak errespetatzen eta gure nahietara edo beharretara moldatu behar izaten dute haurrek. Ez da egia haurren beharrak benetan errespetatzen ditugula, guk gure kezkak ditugu, gure betebeharrak, programak bete behar ditugu... eta haurren premien gainetik jartzen ditugu askotan. Beraz, haurrek zer jasotzen dute? Boterea duenaren arabera jokatzen dugula guztiok, eta ez dela egia bestea kontuan hartzen dela.
Urte askoan hezitzaileen lana behatzeko aukera izan dut eta baita neure lan propioa ere. Argi ikusi dut  haurrei  askotan ematen diegun erantzunak ez daukala zerikusi zuzenik haurrekin eurekin edo euren jokabidearekin, baizik eta geure buruarekin dutela erantzun horiek zerikusia, gure emozioekin; ez ditugu beraien alde, beraien mesedetan egiten gauzak, ez haur urdurien mesedetan, edo pasiboei laguntzeko... baizik eta guri balio digutelako egiten dugu, haurrek molesta ez dezaten, guk programarekin jarrai dezagun... hau da, gure mugei eta zailtasunei aterabidea emateko jokatzen dugu modu batera edo bestera.
Beste adibide bat jarriko dizut: oraindik oso tipikoa da, haur bati ez jotzeko esatea ipurdiko bat ematen diogun bitartean, edo “ez garrasi egin!” esanaz haurrei oihu egitea. Ez dut esan nahi haur batek garrasirik ez duela entzun behar baina desberdina da haur bati erantzun bat ematea hari laguntzeko edo erantzun bat ematea haur horri eraso egiteko, nahiz eta modu inkontzientean egin eraso. 
Nola egin diezaioke hezitzaileak haurrari eraso modu inkontzientean?
Haurra gu zailtasunetan jartzen ari denean, besteei jotzen dienean, guri oihu egiten digunean, gurasoen aurrean beste haur batzuei horzka egiten dienean... hezitzailea gaizki sentitzen da, eta haur horri lagundu beharrean, kontraeraso egiten dio. Estuasunetan gaudenean haurrek gure kontra egiten dutela sentitzen dugu, eta guk geure burua defendatzeko beharra sentitzen dugu. Egoera horietan egiten duguna, beraz, ez da erantzun pedagogiko bat izaten, baizik eta kontraeraso bat.  Baina hau guztia ez da hezitzaileok kontzienteki egiten dugun ariketa.
6 urte bitarteko haur batek pentsa dezake zerbait nahita egitea irakaslearen kontra?
Ez. Lehenengo 6-7 urteetan haurrek ez dute helduak daukan pentsamenduaren modukoa, ez da pentsamendu intelektuala, ez baitaukate pentsamendu logikoa. Haien pentsamendua oso subjektiboa da, sentitzen dituzten emozio eta afektuetan oinarriturik dago. Ez dute objektiboki eta era logiko baten arabera pentsatzen; “hau egingo dut heldu honek horrela joka dezan...”, ez dute horrela pentsatzen; ikusten dute hezitzaile batek modu batean edo bestean jokatzen duela, eta beren nahia bideratzeko bidea bilatuko dute, baina mekanika oso subjektibo baten arabera, ez helduok dugun logikaren arabera.
Barneratu egin behar dugu haur txikiek oso modu subjektiboan pentsatzen dutela, eta beraz, ez dituztela gauzak egiten gu izorratzeko; hori ez da egia. Egiten dutenak izorratuko gaitu agian, baina ez dute horregatik egiten; baizik eta mekanismo horren bidez, helduarengandik zerbait jasoko dutelako ziur aski, erantzunen bat, arreta, emozioren bat, harremana, interesatzen zaien zerbait... eta horregatik errepikatzen dute ekintza hori. 
Beste ideia bat ere argi eduki behar dugu Haur Hezkuntzan gabiltzan hezitzaileok: haur batek ez du ekintza bat hezitzailearen pertsonaren kontra egiten. Haur bakoitzak daukan funtzionatzeko modua da, eta niri, heldu bezala, eta hezitzaile gisa daukadan lanagatik, haur horrek mekanismo hori nigan proiektatzea egokituko zait.
Afektuak, emozioak... aipatzen dituzu, baina horien gainean ez badugu lanketa bat, formazio bat egiten, ez ote dago senari bide emateko arriskua eta haur horiei profesional bezala ez erantzutekoa?
Maila profesionalean ezin dugu erantzun hori intuizioaren edo bat-batekotasunaren esku utzi. Horrek bereizten gaitu profesionalak eta gurasoak. Hezitzaileok ezin dugu “ateratzen zaidanaren arabera” jokatu, ze gauzak ondo doazenean agian funtzionatuko du jokaera horrek, baina gaizki doazenean, ziurrenik ez, eta kasu horietan gure profesionaltasuna behar dugu. 
Adibidez, zer egin dezakegu ondo erortzen ez zaizkigun umeekin? Aitortu egin behar dugu ez gaudela haur guztiekin gustura; batzuekin bai,  oso gustura gaude, eta erraza da lana egitea, baina beste batzuekin ez, eta haiekin lana egin behar dugu, eta batzuetan lan gogorra. Haur horiei profesionalki laguntzen saiatu behar dugu, nahiz eta ez atsegina egin; hori da gure egitekoa. Horretarako, egoera horietako bat-bateko erantzunak ez du balio, baina aurretik egin dugun lanak bai.
Nola jakin dezakegu emozio batzuk gureak direla eta ez haurrarenak?
Normalean ez dugu jakiten emozio horiek gureak direla eta ez haurrarenak, hau da, ez gara ohartzen nekaturik gaudelako jokatzen dugula modu batera edo bestera, edo haur bat gaizki erortzen zaigulako egiten dugula bata edo bestea; konturatu baldin bagara, dagoeneko hasi gara soluzio bat ezartzen. Hori da lehen urratsa. 
Bigarrena? Distantzia hartzea. Batzuen kasuan formazioak erakutsiko digu egoera horietatik distantzia hartzen, emozioek harrapatuta gaudenean zaila baita pentsatzea. Distantzia hartzeko sistema bat eduki behar dugu, eta pentsatu, “joño, nola egin dut hori?”. Beste batzuetan, kideekin hitz egiteak lagundu gaitzake esku artean dugun egoera kudeatzen; eta baita geure kabuz irakurtzeak ere, proiektuak aztertuz, idatziz.... Helburua distantzia emozional bat hartzea da. Emozio horiek gutxitu behar ditugu pentsamendua martxan jartzeko. Kapazak izan behar dugu egoerak aztertzeko. 
Gure emozioek nola eragiten digute haurrekin lan egiteko orduan?
Adibidez, asko jotzen duen haur bat baldin badaukagu gelan, dinamika hausten duena, besteen jolasak hausten dituena... askotan hezitzaileak gelako punta batetik bestera garrasika bukatzen du. Horrelako zenbait kasutan, hezitzaileak dio haurrak garrasi hori behar duela, baina benetan hori behar du? ala hezitzailea bera dago ezinean, minduta, eta kolpeak bueltatzen dizkio haurrari –nahiz eta ez izan fisikoak–? Noski, haur horrek egiten duen hori –hautsi, jo...– ez da egin behar, baina gai ote gara haur hori eta haren ekintzak bereizteko? Jar al genezake muga bat bere izatearen eta egin duen horren artean? Seriotasuna agertu behar dugu, baina ekintzaren aurrean.
Estrategia ona da egin duena, ekintza bera, eta haurra bereiztea. 
Ezin dugu haurra gaiztotzat hartu, baizik eta egin duen gauza desegoki hori izango da onartuko ez duguna, ez haurra bera; eta ekintza hori egiten duenean serio ikusiko gaitu, haserre... baina bere pertsona salbu utziko dugu, eta ekintza horrekiko desadostasuna markaturik, harreman normala eduki ahal izango dugu haur horrekin. Horrez gain, berehala erakutsi behar diogu haurrari lortu nahi duen hori —gure atentzioa, besteekiko harremana, zerbait konkretua...— beste modu batean lortzen; eman konfiantza eta baliabideak ez jotzeko, ez  hausteko; seguru badakiela beste modu batean egiten gauzak. Baina kontrara, beti garrasika zuzentzen bagatzaizkio,  haur horrek ospe bat hartzen du. 
Hezitzailearen lanaren behaketari garrantzi handia ematen diozu; zertan laguntzen du?
Nik uste dut oso garrantzitsua izango litzatekeela mekanismo bezala noizbehinka gure lanaren behaketa egitea. Behaketa kanpoko profesional batek egin dezake, baina azterketa hori egiturazkoa izatea komeni da, delikatua baita; zentro bateko profesionalek, irakasleak eta zentroak,  nahi izan behar dute euren lana behatzea. Bestetik, konfiantzazko lankideren bati ere eska diezaiokegu gure lana begiratzeko. Eta, horrez gain, autobehaketa egin daiteke. 
Askotan erantzunak nahi ditugu hezitzaileok... unean-unean zer egin behar dugun esaten diguten teoriak eta metodoak... baliagarriak dira?
“...zer egin behar dut?”,  edo gisa horretako galderek, psikomotrizitatearen ikuspegitik, mugatu egiten dute erantzuna. “Haur honek jo egiten du, horzka egiten du, zer egin behar dut?”, galdetzen dugunean haur horren zailtasunetan ari gara oinarritzen, zailtasunetan dagoenean pentsatzen baitugu zer erantzun eman. 
Eta hor zaila da. Egon badaude erantzunak, baina kontua haur horren beste aurpegi bat ikustea da. Horrelako galdera zehatzak egiten dituztenean hezitzaileek, nik txantxetan galdetzen diet ea haur horrek denbora guztian jotzen duen, denbora guztian horzka egiten duen, minuturo...? Egiten dituen gauza guztiak okerrak dira? Kalamidade hutsa da? Ezaugarri bakarrarekin sailkatzen badugu haurra, ume horrek egiten dituen beste gauza asko estaliko ditugu. Bestelako gauza batzuei begiratzeak laguntzen du gure erantzuna bilatzeko garaian: Zer gauza egiten du haur horrek gustura? zer gustatzen zaio? noiz egoten da lasai?... Bada indartu gauza horiek, baina ez indartu gauza horiek beldurra diozulako eta molesta ez dezan, baizik eta benetan lagundu nahi diozulako eta benetan garrantzia eman nahi diozulako haur horri, bere balioak ikusteko eta erakusteko: “Gauza egokiak ere egiten dituzu; nik ikusi dut; badezakezu...”, eta gero esan egin behar zaio: “Ikusi duzu nola egon zaren azken hamar minututan jo gabe? Nik ikusi dut, eta ikusi dut primeran egon zarela. Ez zaude gustura orain? Ni bai, eta besteak ere bai”.
Haur bakoitzarekiko komunikazio zuzena proposatzen duzu zuk.
Bai, eta hala hartu behar da.  Ez dugu sintomara joan behar, baizik eta haur horri nola lagun diezaiokegun pentsatu behar dugu, zer indartu genezakeen bestea gutxitzeko. Badakigu asko jotzen duen umeak zerbait daukalako jotzen duela, beraz saiatu behar dugu gelan gutxienez ondo sentiarazten hezitzailearekin. Baina ez dago errezetarik. Printzipioak bai, adibidez aipatu ditudan printzipio horiek niretzako oso garrantzitsuak dira: ez joan sintomara; ez bilatu soluzioa gatazka-uneetan; bilatu harreman egokiak sortzeko momentuak, berak uler dezan bere ondoan gaudela; hartu distantzia... 
Haur Hezkuntzako adinetan buruan izan behar dugu haurra zerbait bilatzen ari dela bere portaerarekin; izan harreman bat, atentzioa, begirada... Zer bilatzen ari den saiatu behar dugu ulertzen, eta horri erantzun bat ematen saiatu, arauarekin batera, batak ez baitu bestea kentzen. Ikusi behar du araua laguntzeko jarrerarekin batera doala, osagarriak direla. 
Haurraren jarrera ulertzeko, hezitzaile bakoitzak bere burua ere ondo ezagutu behar du, ezta?
Bai. Nik horregatik ematen diot halako garrantzia formazio pertsonalari. Irakurtzeak asko laguntzen du, baina norberetik pasatu behar ditugu jasotzen ditugun teoriak eta  metodoak, ez da ariketa kognitibo bat soilik, pertsona osoa ukitu behar du formazioak, bizi egin behar da. 
Hezkuntzan oso inportantea da norbere printzipioak mahai gainean jartzea, zertan sinesten dugun hausnartzea, zer helburu ditugun, eta, horren arabera, etorriko dira zehaztapenak, metodoak eta teoriak. Printzipio horiek haurrekin ez ezik, euren familiekin eta gure lankideekin ere praktikan jarri behar ditugu, koherente izan behar dugu beste behin. Bestela eskola leku artifizial bat bilakatzen da, bizitza errealetik erabat aparte dagoena eta batere eraginik ez daukana haurraren garapenean eta balioetan. 
Urte asko daramatzazu hezitzaileak formatzen. Gero eta distantzia handiagoa dago esaten dugunetik egiten dugunera?
Ez da erraza esaten. Denetik ikusten dut. Badaude euren esanaren eta praktikaren artean koherentzia handia egon dadin lan egiten duten hezitzaileak. Baina gizartean ere aldaketa eman da. Politikariak dira inkoherentziaren adibide argiena; gauza bat 
esaten dute, beste bat egin, ez dute barkamenik eskatzen, eta eskatzen badute ondo gelditzeagatik egiten dute... Zertarako ari gara orduan eskolan bestelako balio batzuk lantzen? Haurrak berehala konturatzen dira zerk daukan prestigioa gizarte batean eta zerk ez. Horregatik oso garrantzitsua da hezitzaileak koherenteak izatea benetan sinesten dugun printzipioekiko. Horrez gain, hezitzaileok argi izan behar dugu haurra dela gure helburua, eta ez haren familia, hezkuntzan ez baikara familia-terapeutak. Familiarekin lan egiten badugu ere,  haurragatik izango da, haurra da helburua. 
Urte hauetan honako aldaketa hau ikusi dut: eskolan bizitza sartu da, gero eta gehiago. Lehen ikasteko zentroak ziren batez ere, baina orain haurrek, oso txikitatik,  ordu pila bat pasatzen dituzte eskolan, bertan ikasten dute jaten, lo egiten... eta zama emozional handia daukaten haur horiekin lan egiten duten hezitzaileek. Behar horiei erantzuteko formazio handia behar dute hezitzaileek, baina mugak ere ezarri behar dituzte, hainbat lan ez baitira eurenak; eurak ez dira familien haurtzainak.