Animaliek lagundutako esku-hartzeak

2014-07-01
Animaliek ez dituzte pertsonak epaitzen, beti modu berean gerturatzen dira haiengana: Buruko gaixotasunak dituzten pertsonei, ezgaitasunak dituztenei edo gizartetik at geratzeko arriskuan daudenei animalien bidez laguntzen die Bocalan Biak Bat elkarteak.  
 
 
Zer da Bocalan Biak bat?
Bocalan fundazioaren Euskal Herriko delegazioa da, Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta Irrien Lagunen Gizartegintza elkartearen parte da.
Animalien laguntzaz, ezgaitasunen  bat edota gizartetik at geratzeko arriskua duten pertsonen integrazioan laguntzea da helburua. Animaliek lagundutako terapia eta animaliek lagundutako hezkuntza-proiektuak egiten ditugu eta laguntza-txakurrak hezten ditugu, ezgaitasunak dituzten pertsonei laguntzeko.
 
Zein animaliarekin egiten duzue lan?
Gehienbat txakurrekin, baina baita baserriko animaliekin ere, astoekin eta zaldiekin esate baterako. Baserria eta bere eremua ere erabiltzen ditugu elementu terapeutiko eta hezkutza eremu bezala. 
Nortzuk egiten duzue lan Bocalan-en? Zer profesional profil dago?
Talde multidiziplinarretan lan egiten dugu; psikologoak, txakur hezitzaileak, albaitariak, gizarte hezitzaileak, haur hezkuntzako teknikariak, logopedak,etab.
Eta zeintzuk dira Bocalanek eskaintzen dituen zerbitzuen “hartzaileak”?
Ezgaitasunen bat duten pertsonekin egiten dugu lan, haur, gazte zein heldu. Haurren kasuan, autismoa, Down sindromea, gaixotasun arraroak edota garun paralisia dutenekin aritzen gara. Alzheimerra eta dementzia ezberdinak dituzten helduekin 
ere lan egiten dugu eguneko zentroetan, eta gizartetik at geratzeko arriskua duten gazteekin ere jarduten dugu baserri eskola batean. 
Bestalde hezkuntza  eta aisialdi inklusibora begira ere egiten ditugu proiektuak eta proiektu horietan, nahi duen orok parte har dezake.
Nola lagun dezakete animaliek hezkuntza-prozesuetan?
Animaliek ez dituzte pertsonak epaitzen, beti modu berean gerturatzen dira haiengana. Zentzumen anitzei zuzenduriko estimuluak, uneoro “gauzak” eskatzen ari dira, “etorri hona”, “eraman hau”, etab. Lasai egoten, erlaxatzen laguntzen dute animaliek, eta haien eta pertsonen artean sortzen den interakzioak onura izugarriak ditu. Txakurren kasuan, adibidez, txakurrak modu espezifiko batean entrenatuta daude, eta interakzio sozialetan arazoak dituztenengana heltzen laguntzen digute, beraiengana hurbiltzen. 
Nola egituratu duzue ikastaroa? Zeri emango diozue garrantzia? 
Ikastaroan animaliek lagundutako esku-hartzeak zer diren argi geratzea nahiko genuke, eta horretarako teoria eta praktika uztartuko ditugu. Txakurrak eramango ditugu eta hainbat kasu praktiko azalduko dizkiegu bertaratutakoei, beraiek saioak diseina ditzaten. Ondoren, saio horiek praktikan jarriko ditugu “roll playing” biartez. 
Hartzaileen profilaren arabera egokituko ditugu saioak, hezkuntza arloko profesioanalak badira, hezkuntza-proiektuetan jarriko dugu indarra, eta osasun arlokoak badira, hainbat terapia landuko ditugu.