Bizitzaren aurrean, betaurreko moreak. Nerabeak eta hezkidetza: nola jarri zaintza erdigunean

2014-07-01
Zeintzuk dira hezitzaileon beharrak? Pozik al goaz lanera? Eta neska-mutilek zein behar dituzte? Zer dakarte motxilan? Lubakietatik irtenda, elkar zaintzea posible al da? Galdera horietatik abiatuta, hezkidetzaren, sexuen hezkuntzaren, harreman horizontalen nahiz tratu onen inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko gakoak eskaintzen dituzte Edurne Mendizabal Tolosa eta Axi Baglietto Gabilondo Arremanitz Kooperatibako kideek ikasleekin, irakasleekin zein gurasoekin egiten dituzten saioetan.
 
 
Pertsonak bere osotasunean askatasunez garatu ahal izatea lortu nahi dute hezkidetzaren bidez Arremanitzeko kideek. Eta pertsonaren osotasunaz hitz egitean, haren adimenaz, gorputzaz, emozioez, dimentsio sozialaz… ari dira. Xede horrekin, elkarren arteko tratu onak eta bata bestearen zaintza jartzen dituzte euren praktikaren erdigunean. Tratu txarrei aurre egiteko modurik eraginkorrena txikitatik tratu onak sustatzea dela uste dute, bata bestearenganako arreta, zaintza, ulerkortasuna, babesa, konfiantza… bultzatzea. 
Hezkidetza eta tratu onak sustatzeko, eskolaren bitartez, nerabeekin lanean hasi ziren orain dela dozena urte inguru. Baina segituan konturatu ziren horrekin ez zela nahikoa, beste adin-tarte batzuetara ez ezik, beste sektore zenbaitetara ere zabaldu behar zutela proiektua. Horrexegatik, gaur egun, LH6an hasten dute egitasmoa eskoletan eta Batxilergora arteko ibilbidea egiten dute; baina horrez gain, irakasleekin, gurasoekin nahiz herriko hainbat talderekin ere lantzen dute gaia. Azken batean, komunitate osoarekin egiten dute lan, modu integralean, ahal den heinean tokian tokiko sareak eratuz: “Argi izan dugu proiektua eskolan modu isolatuan lantzearekin ez dela nahikoa, kalera, auzora, herrira ateratzea ere ezinbestekoa dela. Ez gara ez guraso, ez irakasle, ez lagun. Beste figura bat gara eta, gazteentzat ez ezik, komunitateko partaide guztientzat baliabide izatea da gure helburua”. 
Gizonezkoak eta emakumezkoak: mundua bitan banatuta dago eta gaur egungo paradigma indartsuenetako bat da gainera banaketa hori. “Jendartea sexista da oraindik”, esperientziaz diote hori Mendizabalek eta Bagliettok. Nerabeak jendarte horren ispilu dira euren esanetan, eta zenbait alderditan muturreko jarrerak hartzen dituzte. Horietako bat da sexualitatea eta genero-rolen gaia. Ikasgeletara sartu orduko ikusten dute hori Arremanitzeko kideek. Saioa hasi aurretik mahaiak bazterreratu eta aulkietan nahi duten moduan esertzeko eskatzen diete ikasleei. Gehienetan mutilak alde batean eta neskak bestean jartzen dira: “Bizitza osoa talde mistoetan daramaten arren, badago bereizten dituen marra bat”. Horrelako jokabideetatik abiatuta, ikasleekin batera genero-ereduen gainean hausnartzen hasten dira, nerabezaroan, artean, oso ikuspegi zurruna izaten baitute, oro har, nesken eta mutilen estereotipoaren gainean. Sexuen hezkuntzan agertu ohi den adibidea jartzen dute: “Mutilek sexualki oso aktibo azaldu behar izaten dute, nahiz eta hala ez izan, segituan masturbazioaz hitz egiten hasten dira harrotuta; neska sexutu batek aldiz, zigorra jasotzen du, askoz arduratsuago azaldu behar du, polit eta lirain, baina sexualki ez hain aktibo, sexuaz jakin behar du, ezin du, ordea, bereziki lotsagabe  izan”. Eredu horien inguruan gazteekin batera pentsatzen eta hausnartzen saiatzen dira, zurruntasunarekin apurtzen eta aniztasuna balioan jartzen. Izan ere, Arremanitzeko kideek diotenez, gazteek oraindik jendartean “normaltzat” jotzen diren edota onartua izateko beharrezkoak diren ezaugarri hertsi horiek jarraitzen dituzte: “Zurruntasun horren aurrean aukeren abanikoa irekitzen eta ederrena aniztasuna dela transmititzen saiatzen gara. Denok daukagu denetik; denok ditugu femeninotzat hartzen diren ezaugarriak nahiz maskulinotzat hartzen direnak”. 
Genero-estereotipoen ispiluak laguntzen die botere-harremanak egon badaudela ikusarazten. Bagliettok azaldutako eran, gaur egun eremu askotan denok berdinak garela eta aukera berberak ditugula dioen diskurtso “zuzen” bat da nagusi, baina horrek ezer gutxi du errealetik: “Nik sarritan mutilekin lan egiten dudanean arrazakeriaren edota heldukeriaren gaia erabiltzen dut ispilu gisan eta hainbat galdera planteatzen dizkiet: ‘Zer aurreiritzi ditugu beltzekiko? Eta ijitoekiko? Ze aurreiritzi dituzte helduek gurekiko, nerabeekiko? Edota frontoira iritsi eta bertan haur gazteagoak dabiltzanean zer gertatzen da? Nork du boterea eta zergatik? Hainbat eskoletan jendea pasabidean doala haiei iseka egiteko egiten diren arkuak nork egiten ditu, mutilek ala neskek?’ Harreman horietan botere-harremanak daude, gizon eta emakumeen arteko harremanetan egon daitezkeen bezalaxe. Hori guztia jartzen dugu mahai gainean kontzientzia hartzeko: Nik zein elementu dauzkat nire bizitzan boterea ematen didatenak beste pertsona batzuekiko? Eta zer egingo dut horrekin?”
Neskekin eta mutilekin bereizita lan egitea da Arremanitzeko kideen metodologiaren gakoetako bat. Ikastetxeetan premia hori askotan sentitzen dutela uste dute, baina ez dela artikulatzen: “Sexuen hezkuntzari edota genero-rolei dagozkien zenbait gai lantzeko eraginkorragoa da mutilak alde batean eta neskak bestean jartzea”, dio Bagliettok. Hala, neskekin ahalduntze edo boteretze saio txikiak egiten dituzte; mutilekin berriz, gizontasuna zer den edota homofobiak nola eragiten duen lantzen dute. Rolak nola eraikitzen diren eta zelako mina eragin dezaketen ere aztertzen dute batzuekin eta besteekin. Mutil zein neska, bakoitzak bere aldetik gogoeta egin ostean, guztiak elkartu eta egoera hori gainditzeko zer egin dezaketen pentsatzen dute, eta ahal izanez gero, hainbat ekintza zehatz markatzen dituzte: “Guk ez daukagu soluziorik, eurek baizik. Guk konfiantza osoa daukagu euren pentsatzeko eta egiteko ahalmenean”, gaineratzen du Mendizabalek. 
Ikasle, guraso nahiz irakasleekin egiten dituzten saio guztietara Arremanitzetik gizonezko bat eta emakumezko bat joaten saiatzen dira, hala genero-estereotipoak euren praktikatik hasita zalantzan jartzeko. Sexu-orientazioari, bakoitzaren identitateari, familia edota antolaketa moduei dagokionez, diskurtso nahiz eredu zuzenak egon badaudela uste dute Mendizabal eta Bagliettok, jendartea nahiko anitza baita, baina oraindik nagusitzen den eredua oso heteronormatiboa dela: “Adibidez, sexualitateaz hitz egiten dugunean, gazte nahiz helduek, oso eredu genitalizatua daukagu buruan, oso eredu koitozentrista, oso heterozentrista, oso okzidentala, oso gaztea, oso ‘ederra’ 
(edertasuna publizitateak saltzen digun moduan ulertuta). Eredu horretan jendarte honetako %10 sartzen da eta beste guztiak kanpoan geratzen gara”. Eredu zurrun eta bakar horiek apurtzen eta aniztasunari balioa ematen saiatzen dira. Izan ere, buruan eredu bakarra izatearen ondorioz, jende gehienak alferrik sufritzen dugula uste dute. 
Sexuen hezkuntza lantzen dute hortaz Arremanitzeko kideek, baina sexualitatearen kontzeptu oso zabal batetik abiatuta: norbere buruaren estimua, gorputz irudia, bakoitzaren gaitasunak, autokonfiantza, desira… Izan ere, sexualitatea pertsonaren dimentsio ezinbesteko bat dela uste dute, pertsona batek ezin duela sexualitatea etxean utzi eta eskolara joan. Baina badirudi sexualitateaz momentu jakin batzuetan hitz egiten dela, eta gainontzean sexualitaterik ez dagoela. 
Sexuen hezkuntzatik abiatuz, genero-rolen eta berdintasunaren gaia jorratzeaz gain, botere-harremanei dagokien joko-zelaian kulturartekotasuna, aurreiritziak, gatazkak eta zapalkuntzak ere aztertzen dituzte. Izan ere, gerta daiteke ikasgela batera sartu eta hango arazo potoloena sexismoaz haratago doala ikustea; esaterako, norbait oso markatua egotea emakumea ez ezik, etorkina delako: “Gehien lantzen dugun gaia generoarena da, hori baita gure alorra. Baina ikusten baldin badugu beste gairen baten inguruan talka garrantzitsuren bat dagoela, horri heldu gabe askotan alferrik izaten da beste ezerekin hastea. Esperientziak erakutsi digu aurrena mahai gainean dagoen horri 
arreta jarri behar diogula”.
Zaintzari balio positiboa eman nahian
Eguneroko harremanetan tratu txar txiki asko gertatzen direla uste dute Arremanitzeko kideek. Horren aurrean tratu onak, ongizatea eta plazera sustatu nahi dituzte. Tratu txarrak prebenitzeko modurik eraginkorrena horixe dela irizten baitute. “Jendarte honetan oso sartuta daukagu zer egin behar den eta nola, exigentzia handiak ditugu, betebeharrak, kezkak, presioa… Guk jendea hobeto, arinago bizitzea nahi dugu eta bizimodua plazeraren eta zaintzaren bueltan antolatzea”, argitzen du Mendizabalek. Askotan, irakasle nahiz gurasoen kasuan ezina ikusten dute, bakardade handia, elkarren arteko babesik eza, eta arazoak daudenean euren bizkar hartzen dutela ardura 
osoa: “Eskola batean lesbofobia kasu larri batekin topo egin genuen. Tutoreak bere ardura zela sentitzen zuen eta ez zeukan gaiaren inguruan inolako babesik. Nola antola gaitezke horrelako kasuetan? Pertsona bere osotasunean garatzeaz eta elkarren arteko zaintzaz ari bagara, nola egingo dugu hasteko eta behin gu, hezitzaile moduan, zainduak izan gaitezen? Nola egingo dugu gure arreta eskatzeko eta gure premiak ere zaindu egin behar direla ikusarazteko?”, eransten du Bagliettok. 
Elkar zaintzeaz hitz egiten dutenean, irakasleen eta ikasleen artean harreman onak sustatzeaz ari dira, baina baita ikasleen elkar-zaintzaz nahiz irakasleen elkar-zaintzaz ere, edota eskolaren eta familien artean izaten diren erlazioez. Gaur egun, gainera, zaintzak kutsu negatiboa duela uste dute Arremanitzeko kideek, hitzak berak “zama” adierazten duela, inork bere gain hartu nahi ez duen zerbait. Jendeak, ordea, beti zaindu izan du elkar eta ardurak hartu ditu taldean: “Umeak zein nagusiak zama bilakatu zaizkigun honetan, zaintzak askorentzat adierazten duenari buelta eman nahi diogu, balio positiboa eman, eta zaintzarik ezean guztiok hil egingo ginatekeela transmititu”. 
Hezkuntzaren erdigunean zaintza jartzea proposatzen dute, baina zer gertatuko litzateke kasu horretan? Baglietto eta Mendizabalen aburuz, gaur egungo hezkuntzak emaitzetan oinarritutako ikasteko modua lehenesten du eta badakite eurek bultzatu nahi duten ereduak –zaintza erdigunean jarriz– talka egingo lukeela sistema horrekin, pertsonaren garapen osoa aldarrikatzen baitute, eta arreta pertsonak dituen behar guztietan (zaintza, harremanak, emozioak, alderdi soziala…) jartzea: “Pertsona erdigunean jartzen badugu, berarengan konfiantza baldin badugu eta ikasten laguntzen badiogu, pertsona hori bere bidea egiteko gai izango da. Kasu horretan emaitzak ere hobeak 
izango dira, hobeto sentitzen delako, konfiantza daukagulako bere gaitasunetan, eta ikas-prozesuaren ardura ere berea izango delako. Egungo exijentziak eta kontrolak zenbaitetan pertsonaren dimentsio osoa galtzea dakar, eta egoera horretan pertsona ondo sentitzen ez bada, emaitzak ere okerragoak izango dira”. 
Zaintza hezkuntzaren erdigunean jartzeko formula magikorik ez duten arren, hainbat hari-muturri tiraka urratzen dute bidea. Hasteko eta behin, pertsona bere osotasunean begiratzen dute, eta bigarrenik, norberak nahiz besteek izan ditzaketen aurreiritziak identifikatzen eta pertsonaren identitatearen inguruan sortzen diren estereotipoen inguruan kontzientzia hartzen saiatzen dira, eta baita pertsonei arreta eskaintzen ere. Bagliettok azaldutako eran, berdintasunaren aldeko diskurtsoa oso zabalduta dago eta sarri hezitzaile, guraso edota irakasleok ez gara konturatzen zenbait egoeraren aurrean izan ditzakegun aurreiritziez: “Askotan entzun izan dugu ‘nik denak berdin tratatzen ditut’ edo ‘nire ahalegina da ikasle guztiekin modu bertsuan jokatzea’, 
etab. Baina, begira diezaiegun benetan ditugun aurreiritziei, nola tratatzen ditugun mutilak  eta nola neskak, zein estereotipo ditugun guk geuk gizon edo emakume garen heinean, bertako edo kanpoko, heldu edo gazte… Horretaz jabetzeak aukera ematen digu gure harremanetan eragiten duten aurreiritzi horiei guztiei aurre egiteko eta tratu onak bideratzeko. Azken batean, bizitzaren aurrean betaurreko moreak eta betaurreko gozagarriak janzteko urratsak egitea da gakoa”.