Kirol egokitua eta kirol irakaskuntza inklusiboa: Gutxi dira oraindik kirol egokituan dabiltzan entrenatzaile, epaile eta teknikariak

2014-07-01

Eskola-kirola da Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren lantegi naturala. Aniztasun funtzionala duten eta eskola-adinean dauden neska-mutilak kirolera bultzatzea baita federazioaren egiteko garrantzitsuenetako bat. Ikasle guztiak  sentsibilizatzen eta ezgaitasunak dituzten ikasleak integratzen ahalegintzen da elkartea.

 
 
Zer da Bocalan Biak bat?
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa 2003an sortu zen, eta ordudanik etengabe hazi den federazioa da hau. Sorreran bi kide bazituen ere, gaur egun 14 langilek eta boluntario ugarik osatzen dugu taldea.
Zein eremutan egiten duzue lan?
Eremu ugari lantzen ditugu, kirol egokituak hainbat arlo barnebiltzen baititu: Eskola-kirola da gure eremurik garrantzitsuena, urritasunen bat duten eta eskola-adinean dauden neska-mutilak kirolera bultzatzea da asmoa. Hainbat herritan egiten dugu lan, besteak beste, Donostian, Zarautzen eta Elgoibarren, eta gure helburua urtez urte herri gehiagotara iritsi ahal izatea da. 
Bestalde, sentsibilizazio-jardunaldiak ere antolatzen ditugu, gehienbat ikastetxeetan. Helburua ikasleak sentsibilizatu eta ezgaitasunak dituzten ikasleak integratzen 
ahalegintzea da. Ikasleek urritasun bat izanda bizitzea zer den ikusten eta esperimentatzen dute eta, horrela, errazagoa egiten zaie besteen lekuan jartzea eta besteen egoera ulertzea.
Prestakuntza ikastaroekin ere izaten dugu zeregina, oraindik ere kirol egokituan gutxi baitira entrenatzaile, epaile edota teknikari gisa jarduten dutenak, eta zabalduz joan nahi badugu, formakuntzari garrantzia ematea ezinbestekoa baita.
Udan, “Bainua oztoporik gabe” izeneko programa jartzen dugu martxan, mugikortasun-arazo handiak dituzten pertsonei hondartzara joateko eta bainatzeko aukera eman asmoz. Osasunaren arloan “Ospikirola” daukagu, osasun-, integrazio-, normalizazio- eta gizarteratze-programa da, jarduera fisiko egokituaren bidez, urritasun bat duten edo hainbat arrazoiren ondorioz patologiaren bat duten pertsonei zuzendua.
Eta, azkenik, kirol eskolak ere baditugu, kirolean dabiltzan ikasleek ikasten jarraitzeko aukera izan dezaten.
Nola egituratuko duzue ikastaroa? 
Lehenengo egunean kontzeptuak argituz hasiko dugu saioa: zer den jarduera fisikoa, kirola, ariketa, 
etab. Osasunaren Munduko Erakundearen  (OME) definizioak ere landuko ditugu. Bestalde, aniztasun funtzionalaren definizioa eta honen onurak ere jorratuko ditugu. 
Jarduera fisikoak hezkuntzan duen garrantziaren inguruan ere hitz egingo dugu eta curriculumean heziketa fisikoak duen lekua eta eskola-kirolaren inguruko kontuak ere landuko ditugu. 
Bigarren egunean sentsibilizazioari emango diogu garrantzia, ikastaroan parte hartuko dutenek urritasun ezberdinekin bizitzea zer den esperimentatuko dute. Bestalde, bai gorputz hezkuntzan eta, honen baitan eskola-kirolean, erabiltzeko estrategia inklusibo ezberdinak jorratuko ditugu.
Azken egunean Gipuzkoako kirol egokituaren inguruan ariko gara.
Zer hutsune ikusten duzue, eta aurrera begira, zer lan dago egiteko?
Kirol egokituan dabiltzan gazteen topaketak falta dira, eskola-kiroleko gainontzeko kirolekin konparatuz gero, argi ikus dezakegu oso urriak direla topaketa, lehiaketa edo horrelako dinamikak, eta gazteek behar dute beraien artean jolasteko, ezagutzeko...eremuak sortzea. Duela gutxi, Zarautzen topaketa inklusiboak egin ziren, eta kirol egokituan dabiltzan 
ikasleek beraien gelakideekin parte hartu zuten; oso esperientzia aberasgarria eta polita izan zen guztientzat 
eta aurrera begira horrelako ekimenekin jarraitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu.