IRRIA aldizkaria gelan? Noski baietz!

2014-07-01
Euskara, ekologia, berdintasuna... balio horiek sustatu nahi ditugu; eta guztiaren gainetik, irakurzaletasuna bultzatu: 2-8 urte arteko haurrentzako euskarazko aldizkari baten beharra ikusita sortu zen Irria. Idazle eta ilustratzaile sonatuen laguntzaz balio hezitzaileak transmitizen ditu.
 
 
Noiz sortu zen Irria aldizkaria eta zergatik?
Duela lau urte sortu zen. Katxiporreta, Berria eta Elkar argitaletxearen artean gogoeta bat egin genuen eta konturatu ginen hutsune bat zegoela, haurrentzako aldizkari baten hutsunea, hain zuzen. Bere garaian Ipurbeltzek betetzen zuen lekua, gero beste proiektu batzuk hartu zuten lekua Xirrista, Nanai… baina desagertuz joan ziren. Eta, gaur egun, teknologien garaia izan arren, haur txikien kasuan uste dugu aldizkariak zentzua duela, bai beraiek modu autonomoan irakurtzeko eta baita gurasoekin batera ipuinak irakurri eta aldizkariko kontuak komentatzeko ere. 
 
Zer adin tarteko haurrei dago zuzendua Irria aldizkaria?
Guk  erreferentzia bezala, Frantziako Bayar argitaletxea hartu genuen, eta 2-8 urte bitarteko haurrei zuzentzea adostu genuen. Bayar argitaletxeak, frantsesez, espainieraz zein katalanez argitaratzen du, eta 3 aldizkari ditu adin tarte horretarako: 2-4, 4-6 eta 6-9. Guk produktu bakarra dugu Bayarrek 3 dituen lekuan eta oreka lortzea zaila da. Kontuan hartu behar da hizkuntza minorizatua garela, eta beste herrialdeetan aldizkari 
ugari badituzte ere, hemen aldizkari batentzako lekua soilik dagoela. Gure kasuan, bestalde,  aldizkaria gure pertsonaia berriak ezagutarazteko aukera ona zela ikusi genuen.
Zer balore lantzen dituzue aldizkarian? Zeri ematen diozue garrantzia? 
Guk Irrien Lagunak sortzerakoan bost oinarri hartu genituen ardatz: zientzia, elkartasuna, kultura, osasuna eta natura. Bost lerro horiek indartzeko pertsonaia berriak sortu genituen: zientzian Mari Kalanbre eta Mari Txinparta; elkartasuna lantzeko, 
Ane pirata eta Patakon; kulturan Martinbertso; osasunean Tiritatxo eta naturan Largabista. Euskal Herria-Euskal Irria haintzat hartuta, eta euskaratik eta euskaraz, ekologia, berdintasuna eta bost zutabe horietatik eratortzen diren hainbat balore transmititzen ahalegintzen gara.
Nork hartzen du parte Irria aldizkarian?
Idazleen aldetik, haur eta gazte literaturan adituak eta  entzutetsuak diren pertsonek: Unai Elorriaga, Mitxel Murua, Harkaitz Cano, Pako Aristi, Juan Kruz Igerabide etab. Bertsolaritzatik etorritako jendea ere badugu, besteak beste, Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza.  Eta ilustratzaile bezala, Katxiporretaren munduari hasiera eman zion Julian Tokeroz gain, Juanma Berasategi eta bere taldea (Kalabaza Tripontzi, Pernando Amezketarra…), Somuga taldekoak (Asisko Urmeneta), Eider Eibar, Aitziber Alonso eta beste hainbat izan ditugu. Euskal Herri mailan oso ezagunak izateaz gain, oso konpetenteak eta baloratuak dira, eta saiatzen gara, aldizkari monokromoa 
egin beharrean ahalik eta estilo ezberdinenak uztartzen. 
Nola eman nahi duzue etxetik eskolako gelarako jauzia?
Irrien Lagunak proiektua zabaltzerakoan udalak eta ikastetxeak hartzen ditugu oinarri, eta ikastetxe Irrizaleen sarea ere sortua dugu. Ikastetxea  noiz da Irrizalea? Ikastetxe horretako umeei Irria aldizkaria jasotzeko aukera ematen zaienean.
Laster webgunean irakasleen txokoa zabalduko dugu eta bertan jarriko ditugu aldizkari guztien pdf-ak. 
Irria aldizkariak gelan zer aukera eskaintzen dituen azalduko dugu han.
Aldizkariak sustatzen dituen baloreak zabaldu nahi ditugu geletan. Eta guztiaren gainetik irakurzaletasuna bultzatu nahi dugu beste planteamendu mota batekin.