2014-Urria:Euskal Hezkuntza josten jarraitzeko ikasturtea

2014-10-01

Erronkaz beteriko ikasturtea hasi dugu 2014ko irailarekin. Kanpotik datozen oztopoei erantzutea eta aurre egitea izango da euskal irakaskuntzan dihardugunon erronkatako bat aurten. Horretan bere alea jarri nahi du hik hasi aldizkariak, 20 urte betetzen dituen ikasturte berezi honetan.

 
 

 Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren egoera litzateke euskal hezkuntzaren metafora: euskaraz ikasi eta irakasteko borondate herritarraren aurrean, oztopo administratiboak, isunak eta mehatxuak, ikasturtea hastearekin batera; baina multen eta mehatxuen gainetik, haurrek, gurasoek eta irakasleek aurrera darraite, ilusioz, sendo.

 Erronkaz beteriko ikasturtea hasi dugu 2014ko irailarekin. Kanpotik datozen oztopoei erantzutea eta aurre egitea izango da euskal irakaskuntzan dihardugunon erronkatako bat aurten; Kaskarotenearen egoera adibide bat da, baina suprefetaren mehatxua orokorragoa da Seaskako ikastolen gainean. Hegoaldean, berriz, LOMCEren inplantazioari aurre egiteko erronka dugu hezkuntza komunitate osoak. Ezarri da LOMCE, ez Eusko Jaurlaritzak eta are gutxiago Nafarroako Gobernuak ez baitute legea osoki ez ezartzeko neurririk hartu. Konpromiso zehatzak hartzeko garaia da, erantzun bateratuak emateko unea, Euskal Herriko hezkuntza-eredu propioa elkarrekin eraikitzeko premia dugu. Urriaren 11n  Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki, LOMCEri ez inposizioei ez lelopean egingo diren manifestazioak indarrak biltzeko gune izango dira.
Hik Hasi egitasmoak eskuartean duzun tresna hau, aldizkari hau LOMCEri aurre egiteko tresna izan dadin du ikasturte honetako erronkatako bat. Euskal hezkuntza sendotzen eta eraikitzeko estrategiak partekatzeko, eztabaidatzeko eta garatzeko tresna eta elkargune izan asmo du aldizkariak.
Baina erantzuteko erronka baino, eraikitzekoa, sendotzekoa dugu aurrean. Euskal Hezkuntza propioa, josten, antolatzen, taxutzen, sendotzen jarraitzea. Erantzutearen estrategia baino, eraikitzearen estrategia emankorragoa eta eraginkorragoa izango dugu erronkaz beterik datorkigun 2014-2015 ikasturte honetan.
LOMCEri aurre egiteko tresna izatea ez da Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren aurtengo desafio bakarra.  Erronkaz beteriko ikasturtea da hasi berri dugun hau. 20. ikasturtea du eskuartean duzun aldizkari honek. Eta urte berezi izan dadin nahi dugu, euskal hezkuntzaren komunitatea osatzen dugun guztiontzat ere, elkartzeko, eztabaidatzeko, hausnartzeko eta eraikitzeko urtea. Asmo horrekin hainbat ekimen berri egingo ditugu 2014-2015 ikasturtean zehar, unean unean partekatzen joango garenak, guztiok parte har dezagun.
1995eko ekainean ikusi zuen argia hik hasi aldizkariaren lehen zenbakiak. Hainbat lege-erreforma, dekretu, gobernu-talde, oztopo, isun eta euri joan dira ordutik. Gauza asko eraiki dira, adostasun ugari lortu, irakasle asko euskaldundu, eskolak hobetu... 20 urte geroago,  aldizkariaren lehen editorialean idatzi genituen hitzak asmo eta sinesmen sendoz berridazten ditugu: “hilabetekari honen helburu nagusia Euskal Irakaskuntzaren partaide garen guztion informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko bat izatea da”. Guztiok dituzue ateak zabalik.