20 urteotako bidelagunekin hasi ditu Hik Hasik ospakizunak

2014-12-01

1994an hik hasi egitasmoa sortu eta eskuotan duzun aldizkari hau pentsatu eta sortu zuten hainbat irakasle, bidean elkartu diren beste asko eta gaur egun Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren parte diren kide ugari elkartu ziren iragan azaroaren 8an Zarautzen, Hik Hasi-ren 20. urteurrena ospatzeko, falta direnak gogoratuz ibilbideari errepaso bat emateko eta batik bat aurrera begira jartzeko.

Egunero haurrekin dabiltzan eskoletako irakasleek, etorkizuneko maisu maistrak prestatzen EHUn, NUP-en eta Huhezin lanean diharduten irakasleek eta beste hainbat alorretako adituek euren esparrutik egin zioten ekarpena Hik Hasi-ri, bai formazio alorrean, hik hasi aldizkariari dagokionez edo Hazi Hezi-ri dagokionez ere, baina baita Euskal Herriko hezkuntza-sistemak dituen hutsuneak betetzeko asmoz ere. Duela 20 urte irakasle talde zabal batek sortu zuenean bezala, bilgune eta tresna
izaten jarraitzeko asmoz baitarrai Hik Hasik bere 20. urteurrenean.
Duela 10 urte, hamargarren urteurrena ospatuz egin zen bilkuran bezala, ideia, premia eta egitasmo ugari mahai gaineratu ziren azaroaren 8ko bilkuran. Haietako hainbat ekarpen bi ildotara bildurik, honela laburtu daitezke Hik Hasi-ko talde zabalak
egitasmoari eta Euskal Herriko hezkuntza-sistemari eginiko ekarpenak: batetik, haurrari, haren nortasunari
eta garapenari protagonismo handiagoa emango dion hezkuntza-ereduan sakontzeko beharra azaldu zuten irakasleek, haurraren garapena bermatuko duen eskola humanizatu baten premia, haur burujabea heltzen lagunduko duena, non txikitatik lekua eta ahotsa izango duen, “ikasteko lekua baino, garatzeko lekua izan behar luke eskolak, edukietan beharrean, pertsonaren ongizatean zentratua dagoen eskola behar dugu”.
 Beste alde batetik, haur burujabe hori hezkuntza sistema propio baten ardatz izan behar dela adierazi zuten bilkuran parte hartu zuten askok, burujabe den haur hori mundutar izango denez, euskaldun eta mundutar gisa bizitzeko prestatu behar dela proposatu zuten, “pedagogia-lana egin behar du  Hik Hasi-k gure haur euskaldunak munduan bizitzeko eta erabakiak hartzeko prestatuak izan daitezen”, adierazi zuten, kasura­ko, hainbat partaidek, “herriak burujabe izateko, eskolak, pertsonak, haurrak izan behar du burujabe”.
Irakasleek, egunero-egunero gelan, erabaki txikietan, eskola komunitatean, gurasoekin eta lankideekin, ikerketa-mailan nahiz herri gisa bi ildo horietan gaitzeko etengabe formatzeko eta hausnartzeko duten beharra ere azaldu zuten hik hasiren talde zabaleko kideek.