AMAIURKO GAZTELUA

2014-12-01

Gure historiaren aztarnetan barrena, auzolanari esker

Urtetan amaiurtarrek auzolanean eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideekin elkarlanean egindako lanaren ondotik, herritarrek eraikitako pasabidea irekiko dute,

bisitariek arriskurik gabe ikus ditzaten Amaiurko gazteluaren aztarnak eta ezagut dezaten gure historiaren pasarte hain garrantzitsua dena.

 
 

Amaiurko gazteluaren aztarnek duela ia bost mende, 1522ko uztailaren 15etik 19ra Gaztela eta Aragoiko armadek egin zuten setioa gogorarazten dute. Fernando Katolikoaren gudaroste gaztelarrek Nafarroako ­erresumari eraso eta Gaztelak menpean hartu zueneko azken gudaren kokaleku izan baitzen Amaiurko gaztelua. Amaiurko gaztelua erortzean galdu zuen Nafarroako erresumak burujabetza. Halaxe dio gaztelua zegoen lekuan guda hura borrokatu eta galdu zuten nafarren omenez zutitu zuten monumentuan ezarritako inskripzio batek: “Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka ­egin zuten gizonai. Betiko argia. 1922”.

Amaiurko herriaren ondoan, muino batean daude gazteluaren aztarnak; hondakinak baino askoz gehiago dira, alabaina, Amaiurko gaztelua  gaztelu bat baino gehiago ere izan baitzen. Ikur bat: Nafar herriaren erresistentziaren sinboloa. Eta orain urtetan amaiurtarrek auzolanean eta ­Aranzadi Zientzia Elkarteko kideekin elkarlanean egindako lanaren ondotik, gazteluaren aztarnak modu seguruan ikusteko herritarrek eraikitako pasabidea irekiko dute abenduaren 13an, Nafarroako erresumaren sinbolo garrantzitsuaren aztarnak ikusteko eta historia ezagutzeko aukera ­emanaz.
Gaztelak Amaiur setiatu zuenean 200 bat gudari gogor borrokatu ziren Nafarroako Erresumaren alde Jaime Velaz Medrano alkaidearen agindupean, aurrez aurre, ordea, Gaztelako armada zuten, 10.000 soldaduz osatua. Borroka epiko hori hainbat abesti, poema eta nobelaren inspirazio iturri izan zen; gogoangarrienetako bat Lauaxetaren sorta izan zen.
Gazteluaren eraikuntza noizkoa den zehazten duen dokumenturik ez da ezagutzen , baina 1191ko izkribuetan dagoeneko gazteluzainaren izena agertzen zen, eta beraz, ordurako bazen gaztelua eraikia. Amaiurri buruzko lehen aipamena 1095ekoa da, herriko elizari buruzkoa, hain zuzen ere. 1522an gaztelua lehertzeko agindua eman zuten. Gerora, isildua eta desitxuratua izan da Nafarroako erresumaren erorketa eta Amaiurko gazteluaren benetako galera, historia ofizialak Nafarroa guda gabe eta borondatez anexionatu zela Gaztelako ­erresumara idatzi baitu. Haatik, kokagune honetako gudak erakusten du Nafarroaren konkista benetan krudela izan zela, kasurako, Amaiurko gazteluko defendatzaile Jaime Velaz de Medrano eta haren seme Luis kartzelan pozoitu egin zituzten, gaztelarrek bizitza errespetatuko zietela agindu bazieten ere. Gaztelako armada horrek berak 5.000 lagun baino gehiago hil zituen Noaingo sarraskian. Nafarroako konkistak, errege-erreginen aldaketa ekartzeaz gain, ondorio lazgarriak izan zituen herritar xumeentzat, burujabe zen erresumak independentzia galtzean okupazio-armada bat ezarria izan baitzen mende batez bederen; gainera, gerra gastuek ­eta Nafarroa Beherearekin salerosketa debekatzeak Nafarroa pobretzea ­ekarri zuen; Inkisizioak, berriz, sorgin-ehiza sustatu zuen, eta euskara lurralde osoan baztertua izan zen.

Amaiurko herritarren lana

2005ean hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea Amaiurko gazteluan indusketak egiten, eta orduz geroztik ­abuztuero egin dituzte han indusketak. Azken udan aztarna horiek guztiak ikusi ahal izateko pasabide bat ­eta eskailerak eraiki dituzte herritarrekin batera. Eta orain, abendu honetatik aurrera, erabilgarri egongo da pasabide seguru hori bisitarientzako. Erdi ­Aroko europar estatu txiki bateko gaztelu txiki bat zen Amaiurkoa, Nafarroako Erresumaren defentsarako eraikitako gaztelua, jatorrian, dorre bat besterik ez zela erakutsi dute indusketek. Amaiurren azaldu diren ­arrastoak garai ezberdinetakoak dira, jatorrizko eraikinaren gainean aldaketak egin baitzituzten XVI., XVIII. ­eta XX. mendeetan. Konkistaren ostean, Gaztelakoek mugaldeko gotorleku bihurtu zuten. Indusketa-lanetan denetarik agertu da: armak, 14 kiloko kanoi balak, aljibe edo ur-zulo bat, beirazko piezak, estandarteetako puntak… baina horiek guztiak erakusteko lekurik ez dute oraindik
amaiurtarrek, nahiz eta ikasle-bisitarientzako erakusgai dituzten.
Amaiur Baztango bailarako azken herria da, eta Urdazubirako, Ainhoarako, Ezpeletarako eta Zugarramurdiko bidean dago. Gaztelua Iruñetik Baionarako bide nagusiko bidaiarien eta merkantzien joan-etorriak zaintzeko leku estrategikoan kokatua zegoen, eta horrexegatik, Amaiurko gaztelua kokatzen den muinoa Baztangoiza, hau da Baztango ibarra, ­ikusteko leku paregabea da. Erratzu, Azpilkueta, Arizkun eta Amaiur bera ikusteko kokagune ederra da.

 

 Bisita gidatuak:

Nafarroako Erresumako azken gotorlekua bisitatzeko ­Amaiurko ­errotara jo behar da: www.amaiurkoerrota.com. 1522an Gaztelako ­Erresumak buruturiko konkistan ­eroritako azken defentsa ezagutarazteaz gain, ­Amaiurko errotak bere funtzionamendua ezagutzeko aukera eskaintzen du, baita taloak egiteko eta dastatzeko tailerrak eskaintzen ere. Herriko bisita-gidatua ere eskaintzen dute.   Hau guztia, ikasle-taldeen eta adinen arabera egokituta egiten dute.
Telefono zenbakia: 619 95 57 09 - 660 73 17 81
info@amaiurkoerrota.com
- Otordua non egin: Mendialde jatetxea, telefonoa: 948 45 30 60.
Amaiurri buruzko informazioa:
Altitudea: 281 metro.
Biztanleria: 253 biztanle.
Iruñetik 58 km-ra dago. Herrira heltzeko N-121-B errepidea hartu behar da, eta Otsondo mendatea
igotzen hasita, eskuinera dagoen desbideratzeak herrira eramanen gaitu.

Aipatzekoak dira:

Amaiur 1665ean banandu zen Baztandik, eta 1969an, alegia, hiru mende gerora, berriz ere bat egin zuen Baztanekin. Herriaren sarreran arkua dago,  herrigunearen muga adierazten du. Arkua baino lehen XVII. mende-bukaerako gurutzarria dago.
Amaiur ohiko karrika-herria da, kilometro erdiko luzeran hedatua.  Herriko etxeak arkitekturaz anitzak eta aberatsak dira; izan ere, ibarreko kategoria tipologiko gehienak ageri baitira bertan.Ondoren aipatzen diren etxeen eta jauregien jauregi-arkitekturaren itxura nabarmendu beharra dago:
•Arretxea jauregia (45. zenbakia). XVI. mendean nagusia zen.
•Borda jauregia. 1728an lortu zuen oinetxe kategoria.
•Arriada etxea. Bertan egiten ziren batzarrak XVI. mendean.
Herriko eliza, Jasokundearena, Erdi Arokoa da, XVI. eta XVIII. mendeetan hainbat aldiz berreraikia. Elizak “Cavaille-Col” organo erromantiko ederra du.