LOMCEri ez, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki

2014-12-01

LOMCEk Lanbide Heziketaren kalitatea arriskuan jan dezake, zentroen nahiz sindikatuen arabera

 
 

Mailaka hasi da ezartzen LOMCE. Lehen Hezkuntzako lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan eta Lanbide Heziketan hasi dira aplikatzen. Aurten ez dago aldaketarik DBHn eta Batxilergoan. Lehen Hezkuntzako aldaketak nola, Lanbide Heziketakoak ere antzeratsu iritsi dira: tantaka eta egin beharreko erreforma guztien informazio argirik gabe. Funtsean, beraz, aurtengo ikasturtean bederen, aldaketa handirik eragin gabe ezarri da LOMCE Lanbide Heziketan ere. Hala ere, hainbat eremutan kezkatuta daude Espainiako Hezkuntza ministroak diseinaturiko lege organikoa erabat aplikatzen denean Lanbide Heziketaren kalitatean eta ikasleengan izan ditzakeen ondorioen inguruan.

LOMCEk bi aldaketa nagusi planteatzen ditu Lanbide Heziketarako: batetik, Oinarrizko Lanbide Heziketa sortzea, orain arteko CIP edo PCPIa ordezkatuko lukeena eta DBHn ezinean dabiltzan ikasleak hartuko lituzkeena; eta bestetik, Lanbide Heziketaren maila guztietan —oinarrizkoan, erdi mailakoan nahiz goi mailakoan— eredu duala ezartzea, hau da, ohiko eskolako saioak enpresetan egingo den jarduera praktikoarekin uztartzea.
Aldaketa horiek ekarriko dituzten ondorioen irakurketa egin aurretik, Lanbide Heziketaren testuingurua aztertzea komeni dela diote Afrika Jimenez eta Elvira Unanue STEE-EILAS sindikatuko kideek, aldaketok zuzenean eragiten baitiote DBHko jardunari. Lanbide Heziketa, printzipioz, derrigorrezko zikloaren ondoko heziketa da. Orain arte Erdi Mailako Lanbide Heziketara sartzeko DBH 4 gainditzea beharrezkoa zen; Goi Mailakoa egiteko berriz, Batxilergoa gainditua izatea.
LOMCEk zer aldaketa ekarriko du? Erdi Mailako zikloa egin ahal izateko, DBH 4. maila osteko errebalida gainditu beharko dela. Bi motatako errebalidak egingo dira: bat Batxilergora zuzendua eta bestea Lanbide Heziketara. Horrek esan nahi du DBH ere aldatu egingo dela; bi ziklotan banatuko da: lehen zikloa 1. 2. eta 3. DBHk osatuko dute, eta bigarren zikloa 4. DBHk soilik. “Aukeraketa aurreratu egiten da. 3. DBHn jada, zer matematika mota egin erabaki beharko dute eta 4. mailan zein DBH mota egin, eta azken maila hori erabat errebalida prestatzera bideratuko da”. Hortaz, sindikatuko kideek kritika egiten dute arrisku itzela dagoela 3. eta 4. DBH ikasleen galbahe bilakatzeko, ikasle “onak” eta “txarrak” bereiziz, batzuk Batxilergora eta beste batzuk Lanbide Heziketara bideratuz. Gaur gaurkoz, ikasleen % 25 inguruk hautatzen dute Erdi Mailako Lanbide Heziketa eta % 75 inguruk Batxilergoa.
LOMCEk, formari dagokionez, orain arteko Lanbide Heziketa askorik aldatuko ez badu ere, formazioaren kalitatea arriskuan jar dezakeela uste du Julen Elgeta HETEL Heziketa Teknikoko lehendakariak. Bere esanetan, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta trebakuntza duala ez dira berriak gurean, baina orain arte erakutsi izan duten eraginkortasuna zalantzan egon daiteke LOMCEk dioena aplikatuz gero.
Oinarrizko Lanbide Heziketa: eskola-porrotaren mozorro?
Lanbide Heziketan, LOMCErekin beste maila bat jarri da martxan: oinarrizkoa. DBHn ezinean ari diren ikasleak bidaltzen dituzte hara. Orain arte, Lanbide Hastapeneko Programetara (CIP eta PCPI) igortzen zituzten. Zein da orduan aldea? Hastapen eskoletara 16 urtetik gorakoak bideratzen zituzten, eta Lanbide Heziketa berrira 15 urtetik gorakoak. Hortaz, ikasleek Oinarrizko Lanbide Heziketara sartzeko bete beharreko baldintza izango da DBHko lehen zikloa kurtsatua izatea eta 3. maila gainditu gabe. “15 urterekin salbuespen bezala hartuko litzateke oinarrizko Lanbide Heziketara sartzea, baina badakigu salbuespenekin zer gertatzen den. Gure beldurra da joera hori orokortzea eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ‘ikasle txarren’ zaku bilakatzea”.
Nafarroan jada martxan da Oinarrizko Lanbide Heziketak dakarren aldaketa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezko formula bat taxutu du Jaurlaritzak: Prestakuntza iragankor integratuko programak. Ikasturte honetan bederen, ez da aplikatuko LOMCE, nahiz eta sindikatuek kritikatu gauza bera direla.
Elgetaren ustez, ostera, LOMCEk dakarren aldaketa nagusia ziklo batetik bestera automatiko igarotzeko ematen duen aukera da. Izan ere, orain arte DBHko titulua beharrezkoa zen Erdi Mailakora Lanbide Heziketa egiteko eta Batxilergoko titulua Goi Mailakora Lanbide Heziketarako. Titulurik ezean, Oinarrizko Lanbide Heziketatik Erdi Mailako pasatzeko, edota Erdi Mailakotik Goi Mailako igarotzeko, sarbide proba bat egin behar izaten zen. LOMCErekin, ordea, ziklo batetik besterako igarobidea automatikoa izango da. Oinarrizko Lanbide Heziketa kurtsatua izanez gero Erdi Mailara pasatzeko aukera izango dute ikasleek, DBHko tituluaren beharrik gabe eta inolako probarik igaro beharrik gabe. Eta gauza bera gertatuko da Erdi Mailakotik Goi Mailako Lanbide Heziketarako igarobidearekin ere. “Hortaz, nor saiatuko da DBH amaitzen? Eta nork egingo du Batxilergoa? Ziklo batetik bestera pasatzeko kurtsoak gainditzea soilik nahikoa bada, bide hori hartuko dute gehienek. Eta gure kezka da horrek nola eragingo
ote dion orain arteko gure formazioaren kalitateari, ikasleak nola etorriko ote diren prestatuta Erdi eta Goi Mailako zikloetara, eta ea gure inguruko enpresa industrialetan lan egiteko ondo formatuta aterako ote diren ikasleak”.
Emaitzak hobetu eta ikasleak bikaintasunera bidean jartzeko xedez eta eskola-porroteko tasa altuari aurre egiteko helburuz jarri zuen martxan Espainiako Gobernuak hezkuntza
erreforma. Eta hain zuzen ere, Jimenezek eta Unanuek salatzen dute Oinarrizko Lanbide Heziketaren bidez ­“ikasle txarrak” paretik kenduta emaitza horiek mozorrotu nahi izatea. “LOMCEren ondotik zentro bakoitzak lortzen dituen emaitzei erreparatuko zaienez, sekulako presioa izango dute ikastetxeek emaitza onak lortzeko. Hortaz, gure ustez, izugarrizko arriskua egongo da ezinean dabiltzan ikasleak Oinarrizko Lanbide Heziketara bideratzeko. Izan ere, horiek ez dute konputatuko zentroaren emaitzetan. Bide beretik, eskola-porrotari dagozkion datuak ere urardotu egin ahalko lituzkete Espainiako Gobernuak”. Salaketa horrekin bat egiten du Elgetak ere. Lanbide Heziketan ezarriko den aldaketa, estatistikak mozorrotzeko eta eskola-porrota ezkutatzeko hartutako neurria dela dio.
Oinarrizko Lanbide Heziketa egin duten ikasleak zuzenean Erdi Mailako Heziketara pasa ahal izateak ekar dezakeen “maila eta kalitate jaitsierari” aurre egiteko irtenbide bat topatzen ari direla azaldu du Elgetak. Oinarrizkotik Erdi Mailara pasatzen diren ikasleak ziklo egokitu batera igarotzea ari dira planteatzen. Zein izango litzateke ziklo horren berezitasuna? Konpetentzia tekniko gutxiago, hau da, tailer ordu gutxiago eta zeharkako konpetentzia gehiago (matematika, etab.) izango lituzketela.

Lanbide Heziketa duala, formazioa enpresen zerbitzura?

LOMCEn bertan forma zehatzik ematen ez bazaio ere eta oraindik garatu gabe badago ere (ikasturte honetan zehar argibide gehiago izatea espero da), legearen ardatzetako bat Lanbide Heziketa duala izango dela zehazten da. Horrek esan nahi du ikasketen zati bat ikastetxean egingo dela eta beste zati bat enpresetan. Zein da aldaketa nagusia? Zikloen eskaintzan ikastetxearen eta enpresaren artean adostuko dela eta baita, hein batean, formazio hori eskainiko duten irakasleak ere.
Baina formazio duala ere ez da berria gurean. Orain dela 30 urtetik egiten dituzte Lanbide Heziketako ikasleek praktikak enpresetan, 2. ikasturtean 3 hilabetez. Orain dela 3 urte ordea, Lanbide Heziketa duala martxan jartzen hasi ziren. Lehen urte hartan 100
ikaslek hartu zuten parte, iaz 200ek eta aurten 400 ari dira formazio dualarekin. Ikasle horiek lehen ikasturtea,
orain arte bezala, “normal”, egiten dute ikastetxean. Lehen maila amaitzean, baina, ekain horretatik hurrengo urteko ekainera arte, ikasle horiei kontratu bat egiten diete enpresek, ikastetxeko jarduera eta enpresakoa uztartzeko. Elgetak dio HETELen pozik daudela modalitate horrekin: “Ikasleek zuzenean enpresako egunerokoan parte har dezakete, soldata bat jasotzen dute, eta gainera, ikasle horien % 60ri, Lanbide Heziketa amaitutakoan kontratua luzatzen diete”. Epe motzean, 1.000 ikasleri formazio mota hori eskaintzea dute xede eta bide horretan lanean dihardute.
Sindikatuak ez dira iritzi bereko. Formazio dualarekin, Lanbide Heziketaren egitura eta kontrola goitik behera aldatu daitekeela eta hezkuntza eremu hori erabat enpresen interes ­eta formazio beharren zerbitzura gera daitekeela kritikatzen dute: “Arriskutsua iruditzen zaigu Lanbide Heziketa guztia enpresen esanetara geratzea, legeak aukera emango baitie enpresei formazioaren zati bat nolakoa izango den eta nork emango duen
erabakitzeko”. Hezkuntza erabat merkantilizatu eta instrumentalizatuko den beldur dira Jimenez eta Unanue. Lanbide Heziketako zikloak
izan arren, pertsonaren heziketa integralean jarri behar dela fokua diote. LOMCEk Lanbide Heziketaren kalitatea lermatuko duen arduratuta daude STEE-EILAS sindikatuko kideak. Ez dute begi onez ikusten ikasleak enpresa jakin baten momentu zehatz batean dituen beharretarako prestatzea, behar horiek aldatzean ikasleak baliabiderik gabe geratzeko arriskuan izango baitira. “Gaur egunean gauzak dauden bezala, ez zaigu ondo iruditzen enpresei botere handiegia ematea”. Gainera, hezkuntzak eman beharko lituzkeen beste jakintza eta balio batzuk ase gabe geratzen direla uste dute; hala nola, elkarbizitza, berdintasuna, inklusioa… “LOMCEk ikaslea etorkizuneko langile gisa ikusten du eta prestatu nahi du gizarteari ahalik eta hobekien erantzuteko. Baina alderdi humanoa alde batera uzten du, eta jada ez da hitz egiten aukera berdintasunaz, ikaslea partaide izateaz, elkarbizitzaz… Horiek legean aipatu ere ez dira egiten. Eta gure ustez ezer baino lehen argi izan behar genuke ikasleak pertsonak direla”.
2015eko udazkeneko hauteskundeen zain, LOMCE bertan behera geratuko den itxaropenaz dago hezkuntza komunitateko jende asko, “baina hemen urte batzuk daramatzagunok ezin gara horretaz fidatu eta geroak zer ekarriko digun zain egon”. Gobernu aldaketa bakoitzean Hezkuntza Legea aldatzen aritzea “lotsagarria” dela irizten dute sindikatuko kideek eta hezkuntza arloko akordio zabal bat aldarrikatzen dute, aginteak batzuk edo besteak egon arren, ukitu ezingo litzatekeena.