2015eko otsaila: Egin daiteke, egiten da

2015-02-01

Ez al gara bada ari ikasle solidarioak, kritikoak eta autonomoak sortu nahian? Hezkuntza-eredu berritzaile, parekide eta euskalduna eraikitzeko lanean? Eskola-komunitate guztiaren parte-hartzea sustatzen?

 
 

“Oraindik ez daki hizki txikiak irakurtzen” edota “asko falta zaio biderketak ondo egiten ikasteko”. Haurra oraindik egiteko gai ez den horretan jarri ohi dugu sarri arreta, ikasteko falta zaion horretan. Umea hutsuneetan neurtzen dugu askotan, eta ez dituen gaitasunetan. Baina berdin jokatzen dugu geure buruarekin ere: irakasleon lanaren, ikastetxearen funtzionamenduaren nahiz eskola-komunitatearen jardunaren ahulguneak samurrago ikusten ditugu indarguneak baino. Egiten ez dugun horretan jartzen dugu begirada.

Eta alderantziz egingo bagenu?
Egunero eraikitzen ari garen horri kasu egingo bagenio? Egiten dugun horretan arreta jarri eta gure jarduneko alderdi positiboei jaramon egingo bagenie, zer? Aldizkari honetako 25-26 orrialdeetako galdetegiarekin ikusarazi nahi izan dugun moduan, ez al gara bada ari ikasle solidarioak, kritikoak eta autonomoak sortu nahian? Hezkuntza-eredu berritzaile, parekide eta euskalduna eraikitzeko lanean? Eskola komunitateko kide guztien parte-hartzea eta erabakitze ahalmena sustatzen? Konpetentzien garapenera zuzendutako marko metodologikoa erabiltzen? Eta abar luze bat?
Araudi zurruna, curriculum dekretuak, bete beharreko legeak, egitura hertsia… “Sistemak ez digu uzten”, esan lezake baten batek. Egia da ikastetxeek eta irakasleek hainbat elementu aurka dituztela, eta ez dela samurra oztopoz beteriko bidean aurrera egitea, baina badira zirrikituak, badira heldulekuak, badira ekinbideak… Elkarrizketa nagusian Karmele Perez doktoreak dioen moduan, irakasle batek ezingo du eskola aldatu, baina aldatu ahal izango du bere ikasleen ikasteko modua, irakaslearen esku gauza asko daude.
Sistemari errua botatzea ez dela aski argi erakusten du erreportaje nagusian jasotako El Martinet eskola publikoko esperientziak ere. Oinarrizko curriculuma, Kataluniako Govern-ak ezarritako dekretuak edota Madrildik LOMCErekin agindutako arauak bete behar dituzte haiek ere. Hala ere, hasi 3 urtetik eta 12ra bitartean proiektuka lan egiten dute, adin guztietako ikasleek nahasian, testulibururik eta irakasgaika banatutako ordutegi hertsirik gabe, haurren gaitasunetan oinarrituz, haien interesetan eta egiten dakiten horretan arreta jarriz, eta bakoitzaren erritmoak errespetatuz. Sistema barruan ere beste eskola eredu bat posible dela frogatu dute.
Egin daiteke eta egiten da.