Nerea ASTXEGA: Zertan lagun diezaioke ikasleari gaztetatik programatzen ikasteak
Azken urteotan teknologia berrien garapen handia bizitzen ari gara. Teknologiaz inguraturik bizi gara eta gure egunerokotasuneko arlo gehienetan erabiltzen ditugu ordenagailuak, mugikorrak edota bestelako aparatuak (programatuak izan direnak), eta inork ez du zalantzan jartzen aurrera begira teknologiaren presentzia eta garapenak aurrera egingo duela XXI. mendeko gizartean, eta gero eta abiadura handiagoz gainera.
Hezkuntza ez da garapen teknologiko honetatik at gelditu, izan ere hezkuntza saila hasia baita aurrerapen hauek eskoletan txertatzeko planteamenduak sortu eta praktikan jartzen. Euskal curriculumean agertzen diren hainbat eduki eta gaitasun landu daitezke programazioaren bidez. Euskal Herriko ikastetxeetan ematen diren ikasgai ia guztietan erabil daitekeela ondorioztatu dugu, eta baita jarrerak eta baloreak lantzeko ere:FISIKA: magnitudeak, unitateak, neurtzeko instrumentuak, materia, energia, mugimendua, inertzia, erorketa librea, elektrizitatea, mekanika, fluidoak, argia, beroa…KIMIKA: gorputzak, materialak, erreakzioak, nahasketak, substantzien propietateak, materiaren eraldaketak...MATEMATIKA: oinarrizko eragiketak, azalera, bolumena, magnitudeekin kalkuluak egitea, ekuazioak, proportzionalitatea, estatistika…BIOLOGIA: zoologia, botanika, biodibertsitatea, ingurugiroa, ekologia, etologia, paleontologia, genetika…NATUR ZIENTZIAK: lurraren mugimenduak, puntu kardinalak, biomak, orografia, kostaldea, ilargi faseak, astronomia…HISTORIA: leku arkeologiko eta historikoak (bisita interaktiboen bidez…)TEKNOLOGIA: tresnak, makinak, lehengaiak, produktuak, automatizazioa, kontrol eta produkzio sistemak, energia sortzeko teknologiak, elikagaiak sortzeko teknologiak…ARTEA: soinua, musika, koloreak, estetika, formak, dimentsioak…HARREMANAK, KOMUNIKAZIOA ETA AUTOESTIMUA: talde-lana, rolak, errespetua, kodigoak…BALOREAK: indibidualismoa eta leihakortasuna ekidin...Hala ere, adituek diotenez, gai honen inguruan irakasleek duten formakuntza ez da oso handia, eta honek hainbat eragozpen ekartzen ditu praktika berri hauek arrakasta izateko orduan.Kode-Eskolan, gizartearen egungo errealitatea ikusita, teknologia berriak hezkuntzan erabiltzeko moduak praktikan jartzen ari gara, eta aldi berean, hauek haurren hezkuntzan izan ditzaketen onurak aztertzen. Erabiltzen ditugun baliabideak oso zabalak dira, scratch-etik hasi eta Java eta Unity arte.Programatzen ikastea teknologiaren hizkuntza ikastea da, kodea ikastea da. Gure gizartean ezezaguna bezain erabilia den hizkuntza, alegia. Txikitandik ingelesa eta txinera erakusten diegun bezala, irakats diezaiegun programatzen haur eta gazteei, oinarrizko gaitasuna izango baita programazioa kultura digitalak sortuko dituen etorkizuneko lanetan. Gaur egun hezitzen ari diren umeen lanbide gehienak ez dira oraindik asmatu! Horretan programazioan trebatuta egoteak abantaila suposatzen du, azken finean programazioak pentsatzen irakasten baitigu.2014ko udan sortu genuen Donostian Kode-Eskola hezkuntza proiektua (www.kode-eskola.com), 8-16 urteko gazteei zuzendutakoa. Biziki ahalegindu gara betidanik heziketarako tresna berriak lortzen, hezkuntza metodologietan berritasunei etengabe harrera egiten, eta teknologia berrietarako joera duten gazteen profila zabaltzen, eta adin gero eta gazteagoetatik programatzen ikasten hasteak dakartzan onurak bereziki lantzea eta bultzatzea erabaki genuen: geure ezagutzak egituratzen eta aztertzen, geure ikaskuntza prozesua kontrolatzen, laguntzen digu adin goiztiarretan programatzen ikasteak. Gainera, hizkuntza formalak ikasita, zehatzago hitz egin eta pentsatu ahal izango dute haurrek problema konplexuei buruz. Irakaskuntzan trebaturiko lan-talde baten gidaritzapean, Kode-Eskolaren helburu nagusia ez da etorkizuneko programatzaile profesionalak heztea (eskolako musika edo literatura ikasgaien helburua etorkizuneko musikari profesionalak edo biharko idazleak heztea ez den bezala). Baina, jakina, gure ikastaroen bitartez zientzia eta teknologia arloetarako bokazioa, nesken artean batez ere, pizten eta hedarazten baldin badugu, primeran! Kode-Eskolak neska gehiago erakarri nahi ditu programaziora. Saia gaitezen bokazio teknologikoetarako genero etena gainditzen!Programatzen ikasteko inguru eta plataforma ezin erakargarriagoak, intuizioan oinarrituak guztiak, dauzkagu gaurko egunean.Hona, gainera, garrantzitsuena: izugarri gogoko dituzte ikasleek! Eta hain zuzen ere, iazko tailer eta campusetan frogatu ahal izan genuen izugarri gogoko dutela ikasleek programatzea eta ikusi genuen sormen, pentsamendu logiko eta problemen ebazpenerako gaitasuna bizkortzen duela programazioak.Gure itxaropen guztiak gainditu ditu 2014. urtean garatutako tailer, ikastaro eta campusetako parte hartzaileen aseak, eta horrenbestez sortu dugu TechLAB programa, urtarriletik aurrera ostiraletan eta larunbatetan garatuko ditugun laborategi teknologikoak, hezkuntza, sormena eta teknologia programazioaren bidez uztartuz.Kode_Eskolak antolatu dituen beste ikastaro eta tailerretan bezala, praktikoa izango da guztiz TechLABen jarduna. Taldean eta proiektuen inguruan egiten dute lan ikasleek eta, metodologia sortzaile baten bidez, modu eraginkorrean esku hartzen dute gazteek ikaskuntzan [pentsatu, frogatu, huts egin eta ikasi!]. Ez da, beraz, goitik zuzenduriko ikastaroa, baizik eta parte hartzaileen profilera egokituriko esperimentazio tailer gidatua.Adin goiztiarretan programatzen ikasten hastea eta bokazio teknologikoak sustatzea eskolaz kanpoko beste jarduera batzuekin konpetentzian sartzen da (ingelesa, txinera, kirola, musika…). Jarduera guzti hauekin gurasoek haien seme-alabengan ezagupen eta zaletasunak zabaltzea nahi izaten dute, baina ez dute beti hori lortzen. Programatzen ikasteak badu desberdintasun esanguratsu bat: gure ikasleek ez dute etxera joan nahi izaten, programazioaren ikaskuntza dibertigarria delako! Eta horren arrazoi nagusia gure irakasleen profila da, irakaskuntzan trebatuak baitira, eta ez da gauza bera gertatzen injeniari bat gaztetxoekin irakasle lanetan hasten denean. Kodea idazten ikasteko eskola bat sortzeko nahia hain zuzen horrexegatik sortu zitzaigun: geure seme-alabak ezagupen handiak zituen injeniari batekin programazio ikastaro bat egin ondoren, alegia. Aditua zen monitore hura, baina ez zen gai izan bere ezagupena umeei enpatiaz transmititzeko eta motibatzeko.Uste dugu programazioa, epe laburrera, eskolako arlo guztietan txertatuko dela, tresna paregabea baita edozein ezagupen barneratzeko, “geografia edo historiatik hasi eta bide-hezkuntzako edukiak arte”. Gure gaztetxoak elebidun teknologikoak izan daitezen saiatu behar dugu eta horretan ari dira dagoeneko Estatu Batuetako, Erresuma Batuko eta Eskandinaviako eskoletan. Gertuago, Nafarroan eta Madrilen ere hasiak dira arlo batzuk programazioaren bidez erakusten. Zorionez, Kode-Eskolan gaur egun irakasten dena laster txertatuko da gure inguruko eskola-curriculumetan. Orduan, eta ez lehenago, ikasketa reglatuak bokazio teknologikoak suspertuko ditu, gaur egun gazteen artean krisian dagoen bokazioa hain zuzen, eta gure gazteak sortzaile digitalak izaten hasiko dira, ez kontsumista hutsak.Azken finean, programazioaren bidez adin goiztiarretan landutako pentsamendu logikoa abantaila handia da bestelako ezagupenak barneratzerako orduan. Zientzia eta teknologiako arloetan erraztasuna izango du programazioa gaztetatik ikasi duenak, baina idatzi ere hobeto egingo du, eta baita laburtu eta mapa kontzeptualak egin ere. Programatzeak edozein arlotako ideiak ordenatzen laguntzen du.