196. editoriala: Arrastoak

2015-03-01

Arrastoak behar dituzte ikasleek eta arrastoak behar ditugu irakasleok gure eguneroko jardunari zentzua emateko. Arrastoak behar dituzte haurrek eta arrastoak behar ditugu helduok nondik gatozen eta nor garen jakiteko.

 
 

Hala izena du Dejabu Panpin laborategiaren azken antzezlanak. Belaunaldi batzuek hurrengoengan duten eraginaren gainean egiten du gogoeta obrak. Izan ere, gure bizitzaren eta gure aurrekoen historiaren arrastoei erreparatuz jakiten dugu nondik gatozen eta nor garen. Hala eraikitzen dugu gure existentziaren narrazioa.

Arrastoek, aztarnek, ebidentziek… hezkuntzaren arloan ere berebiziko garrantzia dute. Reggio Emiliako hezkuntza-esperientzia, esaterako, ezin da ulertu dokumentaziorik gabe, hau da, aztarnarik utzi gabe. Idatziz jasoz, argazkiak ateraz, bideoan grabatuz, muralak osatuz, haurren lanak bilduz… gelan gertatzen denaren gaineko ebidentziak jasotzea da euren jardunaren funtsa, gero horren gainean gogoeta egiteko.
Irakasleen profesioa etengabe hobetzeko xedez, arrastoen analisian oinarritzen dira Hiprest taldeko ikerlariak ere (EHUko, MUko eta Genevako Unibertsitateko profesionalek osaturiko taldea da). Gelako jarduna bideoan grabatu, eta ondoren, bideo horren gaineko hausnarketa egiten dute. “Irakasleek gai izan behar dute euren artean
irakaskuntzaz hitz egiteko eta eureneguneroko jarduna partekatzeko; ez dute beldurrik izan behar ikasgelako ateak zabaltzeko eta elkarri laguntzeko”, hala dio Rosella Santagata Kaliforniako Unibertsitateko irakasleak aldizkari honetako Galdeidazu atalean. Bideoaren erabilerak irakasleen prestakuntzarako zer-nolako garrantzia duen azaltzera etorri zen Arrasatera MUk gonbidatuta. Irakasleena ez ezik, ikasleen jarduna ere dokumentatzearen garrantzia azpimarratzen du, hala ikasleen pentsamendua erregistratu eta ikasle bakoitzaren garapenaren jarraipena egin daitekeelako: “Zer egin dezake irakasle batek ikasleek euren pentsamendua adieraz dezaten eta eskolan pentsamendu horren arrastoak utzi ditzaten aukera gehiago sortzeko?”
Arrastoak utzi, datuak bildu, aztarnak jaso, ebidentzietan oinarritu, bideoz grabatu, argazkiak atera, dokumentazio lana egin… Zertarako balio du, baina, horrek guztiak?  
Alfredo Hoyuelos NUPeko irakasleak behin baino gehiagotan esana duen moduan, batzuetan memoria txarra izaten dugu, gauzak ahaztu egiten zaizkigu, eta horrexegatik da inportantea dokumentatzea. Baina, beste ezeren gainetik, narrazio bat eraikitzea
esan nahi du dokumentatzeak. Ez da nahikoa idatziz jasotzea edo bideoz grabatzea —“Bideoa tresna bat da, inola ere ez helburua”, diosku Santagatak—, baizik eta jasotako hori interpretatuz narrazio bat eraiki behar dugu, gure existentziaren narrazioa. Arrastoak behar dituzte ikasleek eta arrastoak behar ditugu irakasleok gure eguneroko jardunari —eta bizitzari— zentzua emateko. Arrastoak behar dituzte haurrek eta arrastoak behar ditugu helduok nondik gatozen eta nor garen jakiteko. Arrastoak behar ditu eskola komunitateak ere etengabe hobetzeko eta aurrera egiteko.