Euskal hezkuntzaren museoa

2015-03-01

Euskal hezkuntzaren museoa

 

Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntzaren Museoa Donostiako Mirakruz gainean dago kokatuta, Villa Asuncionen. 2012an, EHUko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuen Taldeari (Garaian) lehen solairuko gune bat eskaini zion eraikin horretan, haren ­proiektua garatzeko, eta, inurrien gisara etengabe lanean aritu ­ondoren, hezkuntzan erreferente izan daitekeen Euskal Hezkuntzaren Museoa ­bideratzeko lehen urratsak egiten hasi ziren. Une horretatik aurrera, lekua egokituz eta materiala ­pilatuz eta antolatuz lan ­emankorra egin du Garaian ­taldeak. Gaur egun, museoa ­errealitate da, eta irekia dago interesa duenarentzat, aurrez bisita hitzartuta.

 
 

Museo horren helburu nagusia Euskal Herriko hezkuntzaren memoria historikoa berreskuratzea, zaintzea eta ezagutaraztea da. Bestalde, museo pedagogikoen ohiko erabilerez gain (historia eta hezkuntza-­ondarea katalogatzea eta zaintzea), ondare horren ­ikerketa eta erabilera didaktikoa ere xede ditu. Hezkuntzaren Museoa bultzatzerakoan, kontuan hartu dute gaur egun museo ­pedagogikoei eta memoriaren gune eta zentroei ematen zaien garrantzia; eta, horien barnean, hezkuntzaren memoriari ematen zaiona. Azken horiek, hain zuzen, garrantzi eta tradizio handia dute Europan.

Hezkuntzaren Museoa garatzeko eskaini den espazioa lau gelatan ­banatua dago. Gelen banaketa egiterakoan, kontuan izan dira horrelako museoek izaten duten antolaketa eta Euskal Herriko hezkuntzak dituen ­bereizgarriak ere.

 

 

1. ESKOLAREN GUNEA.

 

Frankismo eta LGE (1970) Erreforma garaiko ikasgelak

Frankismo garaiko pupitre edo ­ikasmahaiak, irakaslearen mahaia, ­arbela eta beste hainbat tresna eskuratu dituzte. Horiekin guztiekin, 50eko eta 60ko hamarkadetako ikasgela bat ­birsortu dute. Ikasgela elementu garrantzitsua da, hara jotzen duten bisitariek garai hartako hezkuntza aurrez ­aurre ikus dezaten eta nolakoa zen ­senti dezaten. Irakasle-eskolako eta Pedagogiako ikasleek bertan eman ­ditzakete hezkuntzaren historiari buruzko zenbait ­ikasgai. 1970eko Hezkuntza Erreformari dagokionez, beste gela bat ere eratu da, garai horretako materiala jarriz. Bi ­gelak bata bestearen ondoan daude, ­eta bien arteko konparazioa eginez, ­izan diren aldaketak erraz nabarmendu daitezke. Gune hori Euskal Herriko ­eskoletako material eta argazkiekin ­osatzen ari dira.

 

2. EUSKAL HEZKUNTZAREN GUNEA  

Gune horretan, II. Errepublika ­garaian Eusko Jaurlaritzak haurtzaroa babesteko eta hezkuntza suspertzeko egindako ekimenak azaldu nahi dira. Haurtzaroaren babesari eta laguntzari buruz egindako lanen artean, zera nabarmenduko dute: gerrako haurren ebakuazioa. Gerra garaian, Euskal Herriko haur asko gerraren guneetatik atera zituzten, eta Europako eta Mexiko­ko babesguneetara bidali zituzten. 1937an, Erresuma Batuko Southam­pton-go North Stoneham kanpalekura joan ziren haietako asko, ia 4.000. Gero, Ingalaterra, Gales eta Eskoziako guneetan banatu zituzten. Haietako haur batzuk Euskal Herrira itzuli ziren, eta beste asko hantxe gelditu, eta Basque Children of 37 Association elkartea osatu zuten. Historia hori 19 paneletan jaso dute, erakusketa bat osatzeko, eta, paneletan, haurren bidaia, harrerako guneak eta jasandako hainbat une eta ­egoera azaltzen dira, laburtuta.II. Errepublika garaian, Eusko Jaurlaritzak suspertutako ekimenen artean, erreferente izan da Euskal Unibertsitatea abian jartzea. Gerra garaian horrelako ekimen bat garatzea izugarrizko lana izan zen, epe laburrerako izan bazen ere. Euskal Unibertsitatearen sorrerako historia azaltzeko, hainbat horma-irudi eta panel daude.Gela horretan dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako landa-eskolen argazkien bildumak ere; eskola horiek bertako ­erakundeek landaguneetarako sortutako eskolak izan ziren, eta arrakasta handia izan zuten. Espazio hori osatzeko, Errepublika garaiko material ugari daude, eta, ­horien artean, ikasleen eskola-koadernoen bilduma garrantzitsu bat nabarmendu behar da. Donostiako hainbat eskolatako koadernoak dira, II. Errepublika garaiko eta gerra garaiko koadernoak. Berorietan, beste ariketa batzuen artean, gerrako hainbat une azaltzen dira, ilustrazio ugarirekin.Etxe-eskolak gaur egungo ikastolen aitzindariak izan ziren. Eskola haietan, irakaskuntza aktiboa lantzen zen, naturarekin zuzeneko harremana izateari eta hezkuntza ez-formalari bere garrantzia emanez. Eskola horietan ­erabilitako 40 eskola-koaderno eskanerretik pasatu dituzte. Badaude etxe-eskola horietan ibilitako lekukoen zuzeneko testigantza eta argazkiak ere. 3. IKASKUNTZA ETA IRAKASKUNTZAREN GUNEA: zientzien irakaskuntzako tresnak Ikastetxe publiko eta pribatuetatik jasotako tresna eta material zientifikoen bidez, garaiko eskola-kultura ezagutzera hurbil daiteke. Eskola batek duen edota erabiltzen duen material zientifikoak argibideak ematen dizkigu eskola horren izaeraz ere. Eskola batzuek beren materiala utzi dute, eta, horrela, oso bilduma interesgarriak ­osatu dituzte: Biologia, Botanika eta Geografiako mapak; Historia Sakratuko kartelak; Fisika eta Biologiako  materiala eta abar.

 

4. DOKUMENTAZIOAREN GUNEA

XX. mendean erabilitako testuliburuak, koadernoak… biltzen dira. Horrez gain, hezkuntzarekin zerikusia duen liburutegi zabal bat dute. Horrekin guztiarekin batera, XVIII., XIX. eta XX. mendeetako hezkuntzaren historiari buruzko liburuak aurki daitezke. Hango zenbait dokumentazio webgune horretan aurkitzeko aukera dago: http://www.ehu.es/euskal-hezkuntza/euskara/

 

Agertzen diren guneak etengabe ­osatzen ari dira. Hezkuntzaren Museoak ikuspegi didaktiko eta dinamikoa du. Gaur egun, Euskal Herriko mugetatik kanpo garatzen ari diren ikuspegiak ere kontuan hartu ditu, eta, beraz, erreferente ditu Europako hainbat hezkuntza-museo.

Harremanetarako:Luis Mª Naya eta Joxe Garmendia, EHU-UPVko irakasleakTelefonoak: 943015601/943015747Helbide elektronikoak: luisma.naya@ehu.es/ joxe.garmendia@ehu.es