ESKOLA AGENDA 21: Munduko 25 ekimen arrakastatsuen artean

2015-11-01

Munduko 25 ekimen arrakastatsuen artean

UNESCOk Nagoyan (Japonia) antolatutako Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Konferentzian parte hartzera gonbidatu zuten INGURUGELA. Konferentzia 2014ko azaroan izan zen, Aichi-Nagoyan (Japonia). Konferentzia horretan, azken hamarkadako arrakastak eta bidean aurkitutako oztopoak aztertu ziren. Era berean, mundu osoko jardunbide egokien adibideak ikusteko aukera ere izan genuen, eta horien artean izan zen Euskadiko Eskola Agenda 21. 

 
 

Ekintza Globalerako Programaren (GAP) bidez Etorkizun Jasangarrirako Hezkun-tzaren lehentasunezko ildoak zehaztea izan zen konferentziaren helburua. ”.

Zergatik gonbidatu gaituzte Japoniako Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Konferentziara?

Konferentziaren helburuetako bat Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako kasu arrakastatsuak eta jardunbide egokiak identifikatzea izan zen, eta erakusketa bat egitea 25 jardunbide “arrakastatsuenekin”. Aukeraketa urtebete lehenago egin zen, eta Eusko Jaurlaritzak konferentzia horretan Eskola Agenda 21 proiektua aurkezteko gonbidapena jaso eta onartu zuen. Aurretik, 2010ean, UNESCOk jardunbide egokien artean izendatu zuen Eskola Agenda 21 proiektua, Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako tresna egokia zela jabetuta.

Zer da Garapen Jasangarrirako Hezkuntza (ESD: Education for Sustainable Development)?

Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren bidez, pertsona bakoitzak bizimodu jasangarria garatzeko beharrezko gaitasunak, ezagutza, jarrerak eta balioak bereganatzea sustatzen dugu.
Gai jakin batzuk eskola-bizitzan txertatzea da Garapen Jasangarrirako Hezkuntza, hala nola klima-aldaketa, biodibertsitatea, pobreziaren murrizketa eta kontsumo arduratsua. Era berean, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea eskatzen du: ikasleena, irakasleena, familiena eta irakasle ez diren langileena, berorien ohiturak aldatzeko eta jasangarritasunaren aldeko neurriak hartzeko. Horretan gabiltza Eskola Agenda 21 proiektuarekin.

Zer da Eskola Agenda 21 proiektua?

Ikastetxearen jasangarritasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen jasangarrian esku hartzen du, eta horretan laguntzen du. Ingurumen-hezkuntzako programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasunak, jarrerak, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.
Ezaugarri hauek dituela esan dezakegu:
. Bi eremu lantzen ditu: eskola bera, eta udalerria edo eskualdea.
. Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du.
. Kudeaketa arduratsu eta jasangarria sustatzen du.
. Curriculum-berrikuntza eragiten du.

Nola antolatu zen Japoniarako bidaia?

Egia esateko, oso epe laburrean prestatu behar izan genuen dena. Konferentzian, 148 herrialdek hartu zuten parte, eta, Parisko UNESCOren izenean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Hezkuntza Zerbitzua gonbidatu zuten, hau da, INGURUGELA. Stand bat prestatu behar genuen: posterrak, liburuxkak, materialak… Bai eta aurkezpena egiteko ppt fitxategi bat ere. Eta hori guztia ingelesez eta oso denbora gutxian, dena Japoniara bidali behar baitzen hilabete lehenago.
Euskadiko ordezkaritza 6 pertsonak osatu genuen: Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzako kide Amaia Barredok, UNESCO Etxeko Arantza Achak eta Nekane Viotak, eta INGURUGELAko pertsona batek.

Nolakoa izan zen konferentzia?

“Learning today for a sustainable future” (gaur ikasi, etorkizun jasangarria izateko) lelopean, osoko lau bilkura, goi-mailako mahai-inguru bat, 34 lantegi eta 25 ekitaldi paralelo egin ziren konferentziak iraun zuen hiru egunetan.
Konferentzian, 1.000 lagunetik gora geunden UNESCOk gonbidatuta: UNESCOko kide diren estatuetako ordezkariak, unibertsitateetako ordezkariak, sektore pribatukoak eta gazteen elkarteak. Hizkuntza asko entzun ziren, eta, horien artean, gure euskara ere bai.
Han egon zen Euskadiko Eskola Agenda 21 proiektuaren ordezkaritza ere, UNESCOko Zuzendari Nagusi den Irina Bokovak konferentzia inauguratu zuenean.
Hiru egun horietan, osoko bilkura bat egiten zen goizez, hamar urteotako lorpen eta erronkei buruz hitz egiteko, bai eta 2030erako plantea daitezkeen hobekuntzez jarduteko ere. Saio horietan, irizpide bateratuak bilatu nahi izan genituen, herrialde bateko zein besteko egoera sozioekonomiko eta kulturalak desberdinak izan arren. Saio horien ondoren, lantegiak antolatu ziren, bai goizez, bai arratsaldez. Hainbat gai landu ziren horien bidez, esaterako, Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren kalitatean eragitea, politikatik praktikara igarotzea… Lantaldeetan banatuta, etorkizunerako ondorio bateratuak landu genituen herrialde bakoitzaren ikuspegitik.

Eskola Agenda 21 proiektua azaltzeko aukerarik izan dugu?

Kongresuen zentroko sarreran, 25 esperientzia onenen erakusketa ezarri zen. Han zegoen gure standa ere: “Education for sustainability in the Basque Country: School Agenda 21” izenekoa.
Stand horretan azaldu genien gure proiektua bai konferentzian parte hartu zutenei eta bai inguruko ikastetxeetako bisitariei ere. Eremu horretan, aukera izan genuen UNESCOk jardunbide egokienen artean aukeratutako beste 24 horiek ezagutzeko. Kontinente guztietako proiektuak zeuden. Horietako bost ziren europarrak.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta UNESCO Etxeak aukera izan zuten ekitaldi paralelo bat (side-event) antolatzeko, eta, horrela, aukera izan genuen duela 25 urte INGURUGELAk sortu zirenetik Eusko Jaurlari-tzak egindako bidea azaltzeko. Hiru lurraldetako jardunbide egokienen adibideak aurkeztu eta partekatu ziren gure ekitaldian: Euskadikoak, Reuniongoak eta Western Provincekoak. Hitzaldi hau aurkeztu genuen guk: “The implementation of EDS in the Basque Country: School Agenda 21”.
Zeintzuk izan dira konferentziatik ateratako ondorioak?
Konferentziaren ondorioak programa batean jaso dira, Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren barnean etorkizunari begira landutako Ekintza Globalerako Programan (GAP). Lehentasunezko bost eremu hauek zehaztu dira:
1. Jasangarritasunerako Hezkuntzaren aldeko politikak sustatzea.
2. Jasangarritasun-praktikak hezkuntzako curriculumean txerta-tzea.
3. Irakasleen prestakuntza.
4. Gazteen parte-hartzea eta autonomia sustatzea jasangarritasunaren alde.
5. Tokiko komunitateei eta udal-agintariei Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako programetan parte hartzeko eskatzea.
Beraz, ildo horiek bultzatzen lan egin beharko dugu guk ere etorkizunean.

Japoniako eskolaren bat bisitatzeko aukerarik izan dugu?

Bai, UNESCOrekin bazkidetutako bi ikastetxe bisitatu genituen laugarren egunean. Lehena, Higashiura-ko Owawa Elementary School. Eskola horretan, garapen jasangarriaren gaia eskola curriculumean nola txerta-tzen duten azaldu ziguten. Lehen Hezkuntzako eskola bat da, eta atentzioa eman zigun ikasgeletan ordenagailurik ez ikusteak. Paperontzirik ere ez genuen ikusi.
Lanbide Heziketako ikastetxe bat ere bisitatu genuen: Aichi Commercial High School. Eskola horretan, merkataritza-arloko prestakuntza-ziklo bateko ikasleek Tokugawa honey proiektua erakutsi ziguten, ikasleek txokolatez eta eztiz egindako izozki bat. Ikastetxearen teilatuan erle-panelak dituzte, eta hortik lortzen dute eztia. Bestalde, erabiltzen duten txokolatea bidezko merkataritzako produktua da. Aukera ematen die horrek hainbat gai lantzeko: airearen kalitatea, biodibertsitatea, ekonomia iraunkorra, lehengaien lanketa herrialdez herrialde, bidezko merkataritza…

INGURUGELAK jarduera ugari gara-tzen ditu; orain ere, jardunaldi batzuk antolatu ditugu 2015eko azaroan.

“Jasangarritasunerako Hezkuntzarako Euskadiko IV. Jardunaldiak” dira, eta hauxe da gaia: “Hezkuntza eta jasangarritasuna etorkizunera begira”. 2015eko azaroaren 26an, 27an eta 28an izango dira, Bilbon. Beraz, parte hartzera gonbidatuta zaudete guztiok, denen partaidetza interesgarria izango da eta…
Zorionak eta eskerrik asko Eskola Agenda 21 programan parte hartzen duzuen ikastetxe guztioi!