UMOREA IKASGELAN. ZERGATIK EZ?

2015-11-01

Lehen mailako gelan nago, 6 urterekin. Maria Jesus andereñoa eta Enkarnirekin txotxongiloak egiten gaude, gero antzezlana osatzeko. Barrez gaude denbora guztian, ikasten eta gozatzen. Zazpigarren mailara iritsi naiz. Ingelesa hasi behar dugu ikasten eta irakasle britaniarra sartu da gelara. Denok azti gaude, urduri, nobedade bikoi-tzak zer ekarriko. Irakaslea ingelesez hasi zaigu hizketan, eta gure harridurarako, antzezten hasi da. Begiak bere tokietatik aterako balitu bezala egiten du. Barrez hasi gara denok eta giroa segituan erlaxatu da. Institutuko bigarren mailan aurkitzen naiz orain. Natur Zientzietako irakasleak gure arreta erakartzen du ironia behin eta berriz erabiliz. Ez da erraza ikasgaia gainditzea, baina ikaragarri ondo pasatzen dugu berarekin.

Hortik aurrera, eta unibertsitate ikasketak bukatu arte, akabo. Irakasle bakar batek ere ez du umorea erabili bere klasean. Dena serio, dena neurtuta, dena… dena gris samar, egia esan. Goian aipatutako une eta irakasle horiek betiko eramango ditut nirekin, erakutsi nahi zutena modu erakargarri eta eraginkorrean eskaini zidatelako. Koloretan. Geroztik bizitzaren zirimolak hezkuntza unibertsitarioaren esparrura eraman nau profesionalki, eta umorearen dimentsiora pertsonalki. Eta horregatik azken urte hauetan (alaba eta semea eskolaratzerakoan are gehiago) galdera hau darabilt buruan: zergatik ez da erabiltzen (gehiago) umorea ikasgelan?
Historikoki umoreari ez zaio garrantzirik eman baliabide didaktiko bezala. Lehen ikerketak XVI. mendekoak dira, Felipe Neri apaizarenak eta hurrengoak, berriz, XIX. mendekoak, Don Bosco apaiza italiarrarenak ere. Hala ere, azken hiru hamarkadetan gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari den ikerketa lerroa da didaktikaren ikuspuntutik, psikologiaren ikuspuntutik eta baita psikopedagogiaren ikuspuntutik ere.
Alor hau lantzen ari diren ikertzaileen lanek eta ikerketek argi diote: umorea ikasgelan estrategia bezala erabiltzea irakasle, ikasle eta ikasketa prozesuarentzat oso positiboa da. Baina noski, umoreaz ari garenean, umore konstruktiboaz ari gara, lau dimentsio hauek barnebiltzen dituena, alegia: 1. Umorea sortzea bultzatzen duena. 2. Umorea estimatzea bultza-tzen duena (Bizitza umorez zipriztin-tzea, norbere buruaz barre egiteko gai izatea, …). 3. Arazoei aurre egiteko ikuspuntu optimista bultzatzen duena. 4. Umorea erlazio sozialetarako bul-tzatzen duena (jendearengana hurbil-tzeko eta tentsioak murrizteko).  
Izan ere, abantaila asko ditu umoreak hezkuntzan aplikatzeak. Irakasleari dagokionez, maila kognitiboan autokontzeptua indartzen laguntzen dio. “Irakasle batek bere potentzialitate umoristikoa ez badu ezagutzen, ez du bere baliabideen erdia ezagu-tzen” diote Alfonso Francia eta  Jesús Damián Fernandez-ek “Animar con humor aprender riendo, gozar educando” liburuan. Maila afektiboan, umorea erabiltzeak alaiago egoten laguntzen dio, bere bizitza hobetuz. Eta portaera mailan jarrera positibo bat izateak beldurrei aurre egin eta pertsona “esnagoa” izaten laguntzen dio.
Ikasleari dagokionez: Umorea talde kohesioa indartzeko oso baliagarria da, eta ondorioz, komunikazioa ere hobea izango da ikasgelan. Horretaz gain, egoera umoristikoek egoera estresagarriei aurre egiten laguntzen du. Umoreak elkarlana sustatzen du, besteak laguntzeko aukerak akuila-tzen baititu. Gainera, ikasitakoaren barneraketa askoz sakonagoa izaten da, eta ikasteko motibazioa areago-tzen du. Ondorioz, emaitzak hobetzen ditu.
Irakaste/ikaste prozesuari dagokionez: Umoreak bi prozesuak esanguratsuagoak egiten ditu eta horretaz gain, sormena, bat-bapatekotasuna eta produktibitatea areagotzen ditu.
Hau guzti honengatik, alaba eta semea ikastolatik bueltatzen direnean “asko ikasi al duzu gaur?” galdetu beharrean “barre asko egin al duzu gaur?” galdetzen diet, eta umorea bizitzarako estrategia moduan erabiltzen saiatzen naiz.