MUSIKA ETA KANTAGINTZA ESKOLAN

2015-11-01

Musika da gizakiaren ageriko arima, barneko ahotsa, sendimendua

 Musika eta kantagintza berez lotuta badaude ere, hemen bananduta erabili nahi ditut: alde batetik, musika-arloa oro har, eta, bestetik, kantagintza bereziki, biek duten garrantzia goraipatzeko eta eskolan duten eraginari buruz hobeto hausnartzeko.

 
 

Musika arloa eskolan

Hezkuntza-arloan egin dudan ibilbide luzean, eskolan musika lantzearen aldeko defendatzaile sutsua izan naiz. Horretarako, batez ere bi kontzeptu hauek izan dira nire defentsa tinkoaren oinarriak: Musika izenaren izana, batetik, eta musikako pedagogo eta hezitzaile aparta izatea bestetik.  

Musika izenaren izana

Naturaren beraren ezaugarri bat da soinua. Nola ulertu natura isil bat, mutua, soinurik gabea? Zer ote litzateke txori-kantarik gabeko udaberria?
Musika da gizakiaren ageriko arima, barneko ahotsa, sentimendua; alai edo triste kanporatzen den arima. Musikak ezin hobeki lotzen ditu natura eta gizakia. Musika egiteko soinuak eta soinu horiek sortzeko tresnak naturatik hartu ditu gizakiak: haizea (airea), harria, zura, metala, hariak… Edota doinuak, erritmoak, harmonikoak… Soinuak egiten ere naturak berak erakutsi dio. Nola uler daiteke gure neska-mutilen heziketa integrala, garrantzitsua den atal hori behar bezala garatu gabe? Hots: musikaren bidez barne-sentimenduei loratzen utzi gabe? Gure bizitzaren parte da musika.

Musikako pedagogo eta hezitzailea

Bai, musikarekin jolastea haurren bizitzan erabil dezakegun metodorik ederrenetakoa dugu, alai eta pizgarrienetakoa, noski. Musika-arloa lantzean, orain modan dauden gaitasun gehienak praktikatzen dira edozein ariketa egiterakoan. Musika-arloa da, bat-batean, gaitasun gehien lantzen dituen ikasgaietako bat. Gaitasunez gain, gehien lantzen duen arloa jarrerena dela esango nuke nik. Aurretik esan dugu musika gizakiaren ageriko arima dela, eta, arima aipatzean, gure barneko, ezkutuko, sakoneko zerbaitez ari gara. Bai musika egiteko eta bai musika entzuteko, isiltasun eta kontzentrazio handia behar dira, gure burmuinetik harago doan bihotzetik eta barne-lekuetatik igarotzen baita. Adimen hutsarekin egindako musikak ezer gutxi esaten digu, baldin eta ez badigu transmititzen sentimendu-karga bat. Beraz, isiltasunak, kontzentrazioak, barne-sentimenduak, norberaren kontrolak, elkarlanak, erritmo komunak eta beste hainbat alderdik argi adierazten digute eskolan musika-arloa jorra-tzeak zer-nolako onura pedagogikoak dakartzan.

Kantagintza

Hasieran esan dugunez, kantagintza ere musika-arloa da, baina bereziki aipatu nahi nuke hemen. Izan ere, kantatzea edo kantagintza eskoletan oinarritzat hartzeak onura handiak dakarzkie neska-mutilei, eskolari berari, euskarari eta Euskal Herriari.
Ahotsa da musika-tresnarik ederrena, dudarik gabe. Berez, zoragarria da norberak bere gorputza erabiliz, ahoaren bidez, soinu musikal ederrak egiteko ahalmena izatea.
Badu ahotsak beste aberastasun handiagorik ere. Ahotsa da musika-tresna bakarra, askotariko soinuak sortzeaz gain, hizkuntza musika bihurtzeko gaitasuna duena. Ez dago hori egin dezakeen beste musika-tresnarik. Txistuak edo klarineteak oso soinu politak egiten dituzte, baina ezin dute “Maite zaitut” esan hitzez. Zer-nolako aukera musikaren goxotasunean gure hizkuntza, euskara, erabiltzeko eta lantzeko!
Ahotsa ere landu egin behar da, eta, zoritxarrez, eskola da gaur egun hori egin dezakeen leku bakarrenetakoa. Lehen, garai batean, Elizan, elkarte batzuetan, etxe batzuetan… kanta-tzen zen; orain, non kantatzen da? Ahotsa eta belarria kantatuz lantzen dira, eta, eskolan, une oro abestu behar da, leku guztietan, ez soilik musikako orduan. Abestu egin behar du umeak.
Kantagintza, hizkuntza lantzeko ez ezik, Euskal Herriko ohitura eta kulturaren transmisioa egiteko ere biderik ederrenetakoa da. Beraz, ezinbestekoa herri izaten jarraitu nahi badugu.
Arlo honetan, aipamen berezia egin nahi nioke bere bizi guztian maisu izan dugun Imanol Urbieta musikari eta pedagogoari. Hark oso ongi uztartu ditu haurra, hizkuntza eta transmisioa, hiru elementu horiek pedagogia mamitsu batean itsatsiz, kantua jolasarekin nahasiz.
Hona hemen azken gogoeta bat, irakasle eta lankideoi eta eskoletan arduraren bat daukazuen guztioi zuzendua. Kantatzea guztion jolasa eta haur guztiek egin beharko luketena bada ere, beharrezkoa da horrez gain askotariko ekimenak antolatzea, kantagintzarako gogoa eta zaletasuna pizteko. Bestalde, iaiotasuna eta zaletasuna duten haurrekin kantagintza abesbatza gisa lantzea ere onuragarria da, alde batetik, lagunak eta adin bereko ikasleak entzule interesatu bihurtzen dituztelako eta, bestetik, biharko abesbatzetako kideak eta abeslari zaletuak sortzen dituelako horrek. Horrela, hobetu egingo da eskolako kantagintza orokorra ere. Sekula ez da nahikoa, baina badugu Euskal Herrian haurrentzako grabatutako material mordoxka, eta, antzeko materiala aurkitu nahi izanez gero, bada webguneetan zintzilikatutako beste horrenbeste material ere, karaokeak barne. Gure eskuetan dago kantagintzaren etorkizuna. Jakin ezazu gaur egun eskolek bakarrik bete dezaketela behar hori. Beraz, aurrera!