ETXEA ERAIKITZEKO PROIEKTUA

2015-12-01

Gure etxea buruan eta ibili munduan

 Ikasturte berria hasi aurretik, 3 urteko gelako bi maisuok konturatu ginen etxetxo bat behar genuela “Etxe txokoa” osatzeko. Behar hau asetzeko, etxeari buruzko sekuentzia didaktiko bat egitea erabaki genuen, Haur Hezkuntzako etapa guztia gurekin eginen zuen etxe bat eraikitzea izanen zelarik sekuentzia honen azken xedea.

 
 

L ehen urratsa, etxea zerekin eraiki behar genuen erabakitzea izan zen; esne kutxak erabiltzea izan zen irakasleon hautua. Gela bakoitzak 600 esne kutxatik gora beharko genituela kalkulatu genuen eta hauek lortzeko bi geletako gurasoen lankidetza ezinbestekoa izan zen. Ikasleek zertarako ziren jakin gabe ekartzen zizkiguten esne kutxak eta txundituta gelditzen ziren euren ekarpenekin geroz eta handiagoa zen armairu gaineko dorreari begira. Honela, ikasturteko lehen hiruhilekoa amaitu aurretik lortu genituen beharrezko esne kutxa guztiak, denak ala denak ongi garbituta gainera, ongi garbitu ezean sekulako kiratsa darie eta.

Hurrengo pausoa, haurrei etxe bat eraiki nahi ote zuten galdetzea izan zen. Ezetz esan izan baligute, ez dakit zer egin izanen genukeen hainbeste esne kutxarekin……baina hasieratik oso motibagarria izan zen ideia eurentzat; euren eskuekin eginiko etxetxo bat, eurek Haur Hezkuntza guztian jolasteko! Beraz, erantzuna, baiezko ozen eta gogotsu bat izan zen.
Ikasleen baiezkoa eskuratuta, sekuentzia didaktiko bat burutzen hasi ginen etxe bat eraikitzeko jakin beharreko guztiak ikasteko asmoz, baina etxeak eraikitzen hasi aurretik, etxeei buruz genituen ezagutzak gure artean partekatu genituen korroan; etxeen zati ezberdinak zerrendatu genituen, tximinia, leihoa edota horma esaterako, tamaina eta forma aldetik ezberdinak diren etxeak daudela esan genuen eta baita etxe bakoitzean gela ezberdinak daudela ere. Azken hari honi tiraka, etxeko gela bakoitzaren funtzioak aipatu genituen eta gela ezberdinak izendatu. Afera honekin saio batzuk eman genituen, bai korroan eta baita txokoetan ere, ezagutzak barneratuz eta finkatuz.
Etxearen ideia orokorrak barneratu ostean, eraikuntzaren gaiari heldu genion eta segituan topatu genuen lehen arazoa; norbaitek ba al daki horma bat eraikitzen? Zerekin eraikitzen dira hormak? Korroan bi galdera hauei erantzun eta irtenbide ezberdinak planteatu zitzaizkien; hormak adreiluz egiten zirela nahiko erraz onartu genuen guztiok, baita adreiluak euren artean pegamentuz itsasten direla ere. Pegamentu hori zer zen, ordea, ez genuen batere argi.
Arazo hau konpontzeko biderik eraginkorrena esperimentazioa zela ebatzi genuen eta horrela, horma bat egiteko beharrezko guztiak ekarri genituen gelara; zementua, ura, plaunkaia, adreiluak… eta arratsalde euritsu batean, 9 adreiluz osatutako horma eraiki genuen guztion artean, baita zarpiatu ere.  Egun batzuetan masa lehortzen utzi ostean, hormaren gogortasuna probatu genuen ostikadatxoak emanez... eta zutik mantendu zen!
Benetako hormak eraikitzen ikasi ostean, gure etxea zerekin egingo genuen planteatu genuen; batzuek, egur zatiak aipatu zituzten eta beste batzuek, benetako adreiluak. Gelan geneukan zerbaitekin moldatu beharko genuela ohartarazi genien ikasleei, eta gelatik bueltaka ibili ziren arren, ez zuten esne kutxak pilatuta genituen armairuetara begiratzen, edota, ez zuten bertan baleko “adreilurik” ikusten. Guk nahi baino pista gehiago eman ondoren, hainbati heldu zitzaien ideia aldi berean; esne kutxak!
Ideia hori aho batez onartuta, adreiluak itsasteko masa zein izan zitekeen galdetu genien; gehienek gelan ohikoa dugun kola zuriaren alde egin zuten, baina ongi atera ez zen proba bat egin ostean, ideia baztertu genuen. Arazo honen irtenbidea guk eman genien, pistola termofusiblea erakutsi genienean. Denak zoro moduan aztoratu ziren, adin hauetan pistolek duten arrakastaren ondorioz.
Lehengaiak bagenituen, beraz. Hurrengo buruhaustea azkar azaldu zen ordea korroan;  “ikasturte hau aste gutxi barru amaituko da eta heldu den ikasturtean ez gara gela honetan egonen, pasabidean aurrera jarraituaz dagoen beste batean baizik. Etxea amaitzen dugunean gela berrira eramanen dugu, ezta? Bai! Nola eramango dugu?”
Galdera honi erantzun zelebre batzuk eman zizkieten; batzuen ustez, hoberena leihotik ateratzea zen; beste batzuek komunetik pasata (gelen artean dago) ateratzea nahiago zuten. Apurtxo bat gehiago pentsatu ostean, atetik ateratzea zela irtenbiderik egokiena pentsatu genuen. Hau erabakita, hurrengo galdera atetik ateratzeko kontuan izan beharrekoak zeintzuk ziren izan zen. Erantzunen artean, neurtu hitza atera zen eta honi heldu genion; hainbat denbora eta makina bat adibide erabili genituen batzuentzat ezaguna zen kontzeptua ikasle guztiei helarazteko eta hau erdietsi eta gero, hurrengo galdera heldu zen;  “zer erabiliko dugu neur-tzeko?” Hamaika erantzun izan zituen galderak, eta hauen artean norbaitek esne kutxak aipatu zituen; beraz, esan eta egin; atearen zabalera eta altuera neurtzera joan ginen geure esne kutxekin. Neurketa egin eta korrora itzuli ginenean, beste galdera bat suertatu zitzaigun: ateak nolakoa izan behar du? Gelako neska-mutikorik altuena baino altuagoa izan behar zela erabaki genuen, bestela honek ezingo baitzuen sartu, eta hala, gelako pertsona altuena zein zen aztertzera jo genuen eta hau jakin ostean, pertsona hau esne kutxekin neurtu genuen.
Jadanik bagenituen gure etxearen neurriak, bai zabalera, bai altuera eta baita atearen altuera ere.
Hurrengo saio batean taldeka banatu eta talde bakoitzari hainbat esne kutxa eman genizkion, eta horma bat eraiki zezaten eskatu. Denbora tarte bat pasa ostean, talde bakar batek lortu zuen horma bat eraikitzea, beste taldeetan bakoitzak berea egiteari ekin zionez, lauzpabost esne kutxaz osatutako dorreak eraikitzea lortu zuten soilik. Korroan bueltan, banaka ezin genuela deus ere egin eta talde lanaren garrantziaz ohartu ginen, eta hau horrela, etxea denon artean eraiki beharko genuela erabaki.
Etxeko gela ezberdinekin gertatu bezala, arazo hauek guztiak konpontzeko eta euren bidez ikasitako kontzeptu guztiak finkatzeko, hainbat korro eta txoko saio erabili genituen.
Aurrekari guztiak amaituta genituenez, heldu zen etxea eraikitzen hasteko eguna, eta pixkanaka-pixkanaka, ikasle bakoitzak bere ahalegina eginez, hormak gorantz egiten hasi ziren. Egun batzuk igaro ostean, leihoak irekitzen hasi ginen, eta hemen beste arazo batekin egin genuen topo: nola itxi dezakegu leihoa goitik, hormarekin jarraitzeko?
Hainbat ikaslek burutazio bera izan zuen arazo honen aurrean; leihoaren zabalera baino zabalagoa zen esne kutxa bat lortu behar genuen. Baina nola? Ikasleen ahaleginari gure bul-
tzadatxo txiki bat gehituta lortu genuen konponbidea; 4 esne kutxa  elkarri itsatsi eta hauen iraunkortasun handiagoa emateko, kartoi zati batzuekin bildu genituen. Jada bagenuen leiho burua, beraz, aurrera egin genuen eraikuntza lanetan.
Handik denbora gutxira beste erronka bat suertatu zitzaigun: eta atearen goiko partea zelan itxiko dugu? Puntu honetan, arkuaren kon-tzeptua helarazi nahi genien ikasleei, beraz, trukatutako argazki bat ipini genuen, non pertsona bat agertzen zen bere gorputzarekin ezinezko angelu bat osatuz.  Argazkian zer ikusten zuten galdetzean, kosta zitzaien konturatzea, baina laguntza apurtxo batekin, ikusi zuten. Gero, beraien aurrean demostrazio bat egin genuen, ezinezko angeluan zegoen pertsonari, beste bat jartzen bagenion kontrako noranzkoan, batak bestea heltzen zuela ikusaraziz. Beraien artean probak egin eta kolperen bat hartu ostean, oniritzia eman zuten, beraz, arkua eraikitzeari ekin genion. Gure etxea gu baino altuago zen jada!!
Azken arazoekin topo egin genuen; teilatua nola egin? Teilaz osatuta zegoela esan zuten lehendabizi eta hau horrela izanik,  gelan gordetzen genituen kartoizko galleta kutxa hutsak moztu eta tenpera gorriz margotzea hobetsi genuen irtenbide gisa, eta horretara jarri ginen buru belarri.
Teila polit askoak egin genituen denon artean, bai horixe!
Teilak bagenituen, baina, nola helduko genituen jausi ez zitezen? Puntu honetan, gure ekarpena egin genuen habeen ideia euren artean hedatuz. Teilatuak nola egiten ziren ikusten zen bideoren bat ikusi genuen, eta habeen ideia interesgarria iruditu zitzaien, beraz, orain, gure erronka habe horiek nola eraiki genitzakeen pentsatzea zen. Bat baino gehiagok azkar ekarri zuen gogora leihoak ixteko erabili genuen leiho burua, eta gainontzekoek euren oniritzia eman zioten ideiari, irtenbide egokia zela pentsatuz. Egun batzuetako lanaren ostean, gure etxetxoaren teilatua eutsiko zuten habeak prest genituen. Kontu handiz jarri genituen, eta gure etxetxoa kasik amaituta zegoela konturatu ginen, zirrara handi bat sentituz.
Azken ukitua soilik falta zen; tximinia bat. Horretarako, kubo itxurako kartoizko kutxa bat atondu genuen eta teilatuan guk nahi izan genuen lekuan kokatu. Hainbat aste igaroak ziren etxe bat eraikitzeko helburua jarri genuenetik, baina azkenean, errealitate bihurtzea lortu genuen! Gure etxetxoa gelan genuen jada!
Hainbat hilabete joan dira gure etxea amaitu genuenetik, eta egun, ikasleak pozarren ibiltzen dira euren etxetxo barruan bazkariak prestatzen, ilea apainduz edota bururatzen zaizkien milaka ideiari bide emanez.
Irakasleok ere balorazio positiboa egin genuen etxearen sekuentziari buruz, izan ere, eta beti gertatzen den moduan, hainbat puntu hobetu zitezkeela ikusi arren, ikasleek elkarlan, eztabaida eta esperimentazio bidez barneratu zituzten edukiak ez ziren gutxi izan.