203: Konfiantza, zaindu beharreko balio hori

2015-12-01

ESKOLAN HAURRA SEGURU SENTITU BEHAR DA, KONFIANTZA GIRO BATEAN, ETA, HORI BERMATZEN DENEAN, IKASLEA PREST EGONGO DA IKASTE-IRAKASTE PROZESUAN EGOKI BARNERATZEKO

 
 

Konfiantza handia, ia erabatekoa jar-tzen dugu irakasleengan. Guretzat oso garrantzitsua da irakasleez fidatzea. Ez aritzea atzetik presioa egiten eta eskua gehiegi sartzen”.  Hala gogorarazten zigun Leo Pahkin Finlandiako Hezkuntza Nazionaleko aholkulariak joan den udaberrian. Antzera mintzo da orain, aldizkari honetako elkarrizketa nagusian, Richard Gerver irakasle sonatua: “Ingurune seguru eta konfiantzazko batean jendeak bikaintasunez egiten du lan. Elkar errespetatuz eta elkarrengan konfiantza izanez eraiki behar litzateke eskola”.

Konfiantza dagoenean gauza guztiak ahalik eta modu onenean interpretatzen dira eta gure aldetik egin dezakegun guztia egiten dugu arazoei aurre egiteko. Baina konfiantzarik ez dagoenean?
Esan erraz egiten da, baina, gero, eguneroko praktikan, samurra al da konfiantzaz jardutea? Edota konfiantzari gain hartzen diote, sarri, errezeloek eta susmo txarrek?
Ingurukoengan konfiantza izatea kontu kulturala ere bada. Badirudi gurean urruti gaudela Finlandiatik. Baina guk ere konfiantzaren gizartea eraiki nahi badugu, txikian aldaketak eginez hasi beharko dugu, behetik gora. Izan ere, ekinez egiten da bidea, eta horrexegatik, hezkuntzan konfiantzak duen garrantzian jarri nahi izan dugu begirada aldizkari honetan.
Konfiantzaren Pedagogiari buruzko gai nagusian ageri den moduan, umeak, zailtasunak kudeatu eta bere gaitasun guztiak garatu ahal izateko, konfiantza izan behar du bere buruarengan, besteengan eta inguratzen duen horretan. Amaia Antero Arizmendiko kideak dioen moduan, haurra seguru sentitu behar da, konfiantza giro batean, eta, hori bermatzen denean, ikaslea prest egongo da ikaste-irakaste prozesuan modu egokian barneratzeko. Baina horretarako garrantzitsua da komunitatearekin lotura egitea, bai familiarekin bai gizartearekin, eta etxearen eta eskolaren artean konfian-tzazko harremanak lantzea. Izan ere, haurrak sumatzen badu konfiantza giroa gurasoen eta hezitzaileen artean, bera ere konfiantzan sentituko da: “Familiekiko elkarlana gakoa da. Oso ondo landu behar dugu etxetik ikastolarako trantsizioa. Gurean, familiarizazio-prozesu deiturikoaren baitan, ikasturte guztian zehar etortzen dira guraso, aiton-amona edo zaintzaileak ikasgeletara”. Beste horrenbeste egiten dute esperientzien atalean jasotako Pi del Soldat haur-eskolan ere. Familia eskolan sartzen da eta hezitzaileak haurren etxeetara joaten dira.
Konfiantza gakoa da giza harremanek garrantzia duten edozein ingurunetan. Beraz, baita hezkuntzaren arloan ere. Baina ez dugu ahaztu behar, Paco Cascon psikologoak dioen moduan, konfiantza irabazi egiten dela, ez inposatu, eta konfiantza sortzea errazagoa dela konfiantza hori berreskuratzea baino; alegia, konfiantza behin galduz gero oso nekeza izaten dela berreskuratzen. Zaindu ditzagun, bada, konfiantzazko harremanak.