KONFIANTZAREN PEDAGOGIA: Norberarekin, besteekin eta inguruarekin harremanetan
Umeak, zailtasunak kudeatu eta bere gaitasun guztiak garatu ahal izateko, konfiantza izan behar du bere buruarengan, besteengan eta inguratzen duen horretan. Eta, konfiantza hori eraikitzen laguntzeko baldintza egokiak sortzea da hezitzaileen egitekoa. Premisa hori du oinarrian Konfiantzaren Pedagogiak, eta, horretarako, haurren zaintza eta behaketa gakoak izango dira, baita espazioak proiektu pedagogikoaren zerbitzura jartzea ere. Leintz bailarako Arizmendi Ikastolan jarri zuten abian eredu pedagogiko hori, eta pixkanaka ikastola gehiago batu zaizkie bidera.
Edozein harreman konfiantzan oinarritzen da”, horrela dio Konfiantzaren Pedagogiaren inguruan egindako dokumentalean Arizmendi Ikastolako irakasleetako batek. Hain zuzen, pedagogia-eredu horretan oinarrituta lan egiten duten ikastolen jarduneko bi hitz gakoak jaso eta lotu ditu 5 hitzeko esaldian: konfian-tza eta harremanak. Horixe abiapuntua, horiexek Amaia Anterok, Arizmendi Ikastolako Berrikuntza Pedagogikoko zuzendariak, Konfiantzaren Pedagogiaz egiten duen deskribapenaren oinarrian dauden kontzeptuak. “Pertsonari bere hezkuntza ibilbidean bere buruarengan, besteeengan eta inguruarengan konfiantza izan dezan laguntzea” da, Anteroren arabera, Konfiantzaren Pedagogiaren muina, pertsona horrek “bere gaitasunak ahalik eta ondoen garatzeko”.
Arizmendi Ikastolan 7 urte daramatzate eredu horren baitan lanean. Debagoieneko Leintz bailarako 4 ikastolaren baturatik sortu zen, 2003n: Haur Hezkuntzan bakarrik 850 ikasle eta 80 irakasle eta hezitzaile biltzen ditu. Guztiak 2008 urtetik Konfiantzaren Pedagogiaren oinarrien arabera ari dira ikasten eta irakasten. Ordutik beste hainbat ikastola batu dira Arizmendik hasitako bidera: Lekeitioko RM Azkue Ikastola, Bergarako Aranzadi Ikastola, Orioko Herri Ikastola, Iruñerriko San Fermin Ikastola, Tolosako Laskorain Ikastola, Oñatiko Txantxiku Ikastola, Usurbilgo Udarregi Ikastola eta Leioako Betiko Ikastola.
7 urteko ibilbidearen ostean, Arizmendik abiatutako pedagogia-eredu horren filosofiaren oinarriak eta praktikaren gakoak zehaztean ari da buru-belarri Amaia Antero. Egindako azterketa liburuxka batean gorpuztu du, eta laster ikusiko du argia; Konfiantzaren pedagogia: Arizmendi Ikastolaren markoa izenburua eramango du.Anterok berak aitortu bezala, gaur egun hezkuntza-munduko eragile askok aipatzen dute eraberritzeko beharra; edukietan oinarritutako hezkuntza-ereduak albo batera utzi, eta gaitasunetan eta bizipenetan oinarritutako ereduetara jotzeko beharra, eta askotariko esperientziak ari dira gara-tzen bide horretan. Bada, hortaz, zerk egiten du desberdin Konfiantzaren Pedagogia? “Guk ere esaten dugu ikasleak testuinguru errealetan jarri behar ditugula, eta horiei erantzuten irakastea dela gure egitekoa. Baina, era berean, horren aurreko egoeran edo egoera horren aurrekarietan jartzen dugu arreta: bermatu behar dugu ikasleak sentitu behar duela konfiantza bere buruarengan, konfiantza izan hezitzaileengan, konfiantza ikaskideengan, eta konfiantza testuinguru horretan. Sentitu behar da seguru, konfiantza-giro batean, eta, hori bermatzen denean, ikaslea prest dago ikaste-irakaste prozesuan modu egokian barneratzeko”.
Kontzeptu horren funtsean, pertsona ulertzeko modu bat dago, norbanakoaren ikuskera zehatza. Izan ere, Konfian-tzaren Pedagogiaren arabera, “ikaslea ez da hutsik dagoen zerbait”, irakasleak edukiz edo gaitasunez bete beharrekoa, baizik eta “ikaslea ondo armatuta eta ekipatuta dago berez. Gure egitekoa da berari horretaz jabetzen laguntzea, ahaldundu dadin, eta, auto-konfiantza horretatik abiatuta, berak egin ahal duen bidean laguntzea”. Beraz, irakaslearen egitekoa da ikaslearen bidelagun izatea, bere gaitasunak, beharrizanak eta zailtasunak deskubritzen laguntzea.
Arizmendi Ikastolako praktika ezagututa, duela lauzpabost urte Konfiantzaren Pedagogiaren bideari ekitea erabaki zuten Lekeitioko RM Azkue Ikastolan. Ordu arte bazituzten zalantzak euren jardun pedagogikoaren inguruan; haurren beharrak eta gaitasunak errespetatu eta garatzen lagun ziezaiekeen zerbait egiteko grina zuten. “Ez geunden oso gustura gure praktikarekin, akatsak ikusten genituen. Orduan, Arizmendin egiten ari ziren lana ezagutu eta aukera ikusi genuen gure beharrizanei erantzuteko; gure hutsuneei erantzuna eman ahal ziela ikusten genuen”, dio Bego Gordillok, Lekeitioko Ikastolako psikopedagogoak. Urtebete inguru ibili ziren Arizmendin bertan formakuntza jasotzen. Baina, Arizmendin bezala, Lekeition ere Rafael Cristobal Psikologoaren laguntza giltzarria izan da Konfiantzaren Pedagogia indarrean jarri eta garatzeko bidean.
Izan ere, orain modu teorikoan jaso duten hori, hein batean aspalditik ari ziren lantzen modu intuitiboan Leintz bailarako ikastoletan. Arizmendi Ikastolako Haur Hezkuntzako zuzendari Aitor Elizaranek aipaturiko dokumentalean dioen moduan, 1950 eta 60ko harmakadetan ikastolak sor-tzean, helburua ez zen soilik haurrei euskarazko hezkuntza ematea: horretaz gain, xede zuten bestelako eredu-pedagogiko bat sustatzea. Horretarako, guraso eta irakasleen elkarlanetik eta harremanetik sortu zituzten ikastolak. Eta, modu intuitiboan egiten zuten horri, “oinarri enpirikoa edo zientifikoa” eman dio Rafael Cristobalek orain. “Aitortza bat zor diogu Rafalek Cristobali. Haur psikiatra gisa, bere helburuetako bat da oinarri enpirikoa ematea haurrekin egiten dugun esku-hartzeari. Gaur egun iritzi muturrekoak daude haurren heziketaren inguruan, eta joera pendularra dugu: mutur batetik bestera pasatzen gara. Cristobalek, horren kontzientzia harturik, esaten du ezin dugula neska-mutikoen heziketa eta garapena iritzien esku utzi, gure galdera eta kezkei erantzuteko zientzian oinarritu behar dugula. Haurraren alderdi afektiboari eta emozionalari nola erantzun jakiteko orduan, argia datorkigu Rafaelen hausnarketetatik”, dio Anterok.
Hain zuzen ere, Cristobalen ekarpena izan zen senaren kontzeptua txertatzea ikastola hauetako pedagogian. Horren arabera, animaliek bezala gizakiek ere senak dituzte, eta horien egitekoa da pertsonaren bizi-iraupena berma-tzea. Beldurra, esploratzeko-grina, zaintzarako joera... izan daitezke sen horietako batzuk. “Rafaelek azaltzen digu haurrak zaindua izatea bezainbeste behar duela esplora-tzeko aukera, miatzekoa. Eta, gaur egun nagusi den espazioaren antolakuntzak, ez du laguntzen horretan. Espazioek erantzun behar diote haurraren atxikitzeko beharrari, baina baita esploratzeko beharrari ere. Lotura behar du, baina baita autonomia ere”. Horretarako, ikasgelen hormak behera bota eta espazioak zabaltzea proposatu zien Cristobalek, eta espazio horietan hiru dimentsiotako materialak eta egiturak sartzea, espazioa erakargarri egin eta haurrek modu autonomoan esploratu dezaten. Gainera, psikiatraren arabera, haurrak badu beste adin batzuetako umeekin egoteko beharra ere, eta hori izan da hormak botatzeko beste arrazoietako bat: egitura konpartimentatuarekin amaitu eta adin desberdinetakoek espazioak partekatzea.
Bestalde, haurra espazio horietan seguru sentitu dadin, “irakaslearen rola aldatu egin behar da: familiekin elkarlanean, oso ondo landu behar dugu etxetik ikastolarako tran-tsizioa, haurra benetan seguru sentitu dadin bi lekuetan”. Anterok berriro aipatzen du Konfiantzaren Pedagogiaren beste gakoetako bat: irakaslearen rola. Hain zuzen, irakasleek bidelagun izate horretan nola jokatu, ikasleen garapen bidean nolako esku-hartzea izan behar duten aztertu du.
Irakasleak zertan hartu behar du esku?
Anterok irakasleen esku-hartzerako hiru eremu identifikatu ditu. Lehenengoa, ikasleen zaintzarekin eta garapenarekin dago lotuta: zaintza izango da ikasleak bere buruarengan eta besteengan konfiantza eraikitzeko ernamuina. Eremu horretan hezitzaileek egin beharreko lana zein zen defini-tzeko, honako galdera egin zuten: umeak bere buruarengan eta besteengan konfiantza izan dezan, bere burua eta besteak zain ditzan, zein baldintza pedagogiko eskaini behar dizkio ikastolak? “Bost adierazle zehaztu genituen: senak lantzea; gaitasunak identifikatzea, baloratzea eta lantzea; zailtasunak garaiz hautematea eta kudeatzen laguntzea; sufrimenduarekin enpatizatzea; eta zaintzaileak zaintzea”.
Baina, bere buruarengan eta besteengan ez ezik, ikasleak inguruarengan ere konfiantza sentitu behar du prozesu kognitiborako irekita egoteko. Bada, hain zuzen, testuinguruan garapenerako baldintza egokiak sortu behar ditu irakasleak. “Esaten badugu inportantea dela pertsonak bere hezkuntza-ibilbidean konfiantza sentitzea bere testuinguruarengan, zer baldintza eskaini behar ditugu hori eraikitzeko? Lau erantzun atera zitzaizkigun: inportantea da komunitatearekin lotura egitea, bai familiarekin bai gizartearekin; inportantea da espazioak eta denborak kontuan izatea; inportantea da gelan giro atsegina sortzea; inportantea da taldekatzeak nola egiten ditugun, seguru sentitu dadin testuinguru horretan”, dio Anterok.
Behin konfiantzazko eremuak eraikita, ikasleak bere bidea egin behar du, pertsona gisa garatu. Garapen horrekin loturik dago, hain justu, irakasleek esku hartu beharreko hirugarren eremua: Nola lagundu ikasleei beraien gaitasunak ahalik eta ondoen gara ditzaten? Nola sortu irakatsi eta ikasteko baldintza egokiak? “Hortik beste adierazle batzuk atera genituen: motibazioa mobilizatzea; ikaskuntza aktiboa ardatz izatea; ebaluazio hezigarria praktikatzea; eta adimen aniztunak lantzea”, dio Anterok.
Zaintza, konfiantza eraikitzeko giltza
Lekeitioko Ikastolan, marko pedagogiko propiorako liburuxkarik garatu ez badute ere, dekalogo batean laburbildu dute beraien filosofiaren eta praktika pedagogikoen funtsa. Eta, lehenengo puntuan, ikastolak familiekin eta komunitatearekin harremanak sortzearen garrantzia azpimarratzen dute. Bai Arizmendin bai Lekeitioko Ikastolan, ateak zabalik daude, gurasoak nahi duten momentuan, eta nahi duten bezainbestetan, etor daitezen. Ikastola hauetan ez dago bizpahiru asteko adaptazio-prozesurik: familiarizazio- edo etxekotasun-prozesua deitutakoaren baitan, ikasturte guztian zehar etortzen dira guraso, aitona-amona edo zaintzaileak ikasgeletara.Hala, irakasle eta familien arteko harremanak sendotu egiten dira, konfiantza-giroa sortzen da, eta horrek erraztu egiten du, batetik, haurrak bere hezitzailea izango denarekin atxikimendua sortzea, eta, bestetik, espazio berrian eroso eta babestua sentitzea. Gisa horretara, zaintza-sena asetzeko baliabideak emanda eta seguru sentiarazita, haurrak bere buruarengan eta besteengan konfiantza garatuko du. Hori da, Anterok aipaturiko lehen esku-hartze eremuan egindako lanaren oinarria. “Etxetik espazio berri batera datorrenean, haurrak atxikimenduaren sena aktibatuta badauka, nekez hasiko da espazio berri hori esploratzen. Haurrak sumatzen badu konfiantza-giroa gurasoen eta hezitzaileen artean, hasten da pixkanaka gurasoekiko atxikimendua jaisten eta hezitzailearekin duen atxikimendua aktibatzen; behin hori egin denean, hasiko da espazioa esploratzen”, dio Aitor Elizaranek, Arizmendik Ikastolako Haur Hezkuntzaren zuzendariak.
Lekeitioko ikastolako Bego Gordilloren arabera, lehen baino errazago egiten dute atxikimendua orain umeek ikastolako hezitzaileekin: “Lehen buruan genuen urritik aurrera gurasoek ez zutela egon behar gelan. Orain ez dago mugarik, eta hobeto doa dena. Denon antsietatea hainbeste jaitsi da!”. Bat dator Arizmendiko Elizaran ere: “Familiek izugarri eskertzen dute, familiarizazio-prozesuak oso lasaiak izaten dira orain”. Hala ere, “dena ondo badoa, pare bat asteren bueltan desagertzen joango dira gurasoak, lana eta betebeharrak tarteko; sartu-ertena egingo dute handik aurrera. Gurasoentzako ez dago ordutegirik, eta nahi dutenean sartu eta atera daitezkeenez, hezitzaileekin harremana etengabekoa da”.
Modu horretan, gainera, gurasoek ikastolan duten parte-hartzea ere areagotu da. Lekeitioko ikastolan 4 urteko talde baten irakasle eta Haur Hezkuntzako proiektuaren arduraduna da Alazne Varona, eta, ikastolara datozen gurasoak “lanean jartzen” ditu: “Paperak mozten edo margotzen jartzen ditut. Umeak ikusten du berarekin etorri dena beste bat gehiago dela gelan, eta errazago urruntzen hasten da. Eta gero bueltan etortzen da, baina jada esploratzen hasia da. Gurasoekin harreman horretan gauzak aldatu egin dira. Lehen izkina batean zeuden, orain etorri eta parte hartzen dute gelan. Eta, umeak sentitzen badu gurasoa irakaslearekin konfiantzan dagoela, bera ere hala egongo da”. Dena dela, gurasoei gelan egoteko jarraibideak ematen dizkiete: “Azaltzen diegu ez dela beraien lana umea zaintzea; umeak egin nirekin behar du atxikimendua, irakaslearekin.” Harreman horren ondorio, guraso eta aitona-amonek parte hartzen dute espazioen erdigunean dauden egiturak muntatzen eta apaintzen, eta ipuinak kontatzera edo une horretan lantzen ari diren proiektuarekin loturiko esperientziak kontatzera ere etortzen dira.
Baina, familia eta ikastolaren arteko harremanak ez ezik, ikasleen artekoak ere lantzen dituzte Arizmendin eta Lekeition, adin ezberdinetako ikasleek espazioak parteka-tzen baitituzte. Izan ere, “adinen arteko interkomunikazio horretan, txikiek ikaragarri ikasten dute nagusiengandik, eta nagusiei ikaragarri gustatzen zaie erreferente izatea”, Elizaranek dioenez. Nagusien artean auto-konfiantza garatzeko beste bide bat da, baina baita zaintzarako, besteak zaintzeko sena pizteko modua ere. Txikiak, aldiz, nagusiak imitatuz garatzen doaz. Gainera, modu horretan anaia-arrebek aukera dute elkarrekin egoteko eta “asko laguntzen du, ikastolarekin familiarizazio-prozesua askoz lasaiagoa da”. Bat dator Varona ere: “Oso une politak sortzen dira. Ikusi egin behar da nola zaintzen eta laguntzen duten elkar”.
Hain zuzen ere, adin desberdinetakoen arteko harremanak errazteko bota dituzte hormak, besteak beste. Eta, gainera, zaintzaren eta konfiantzazko harremanen bidez behin atxikimenduaren sena aseta duenean, umeak esploratzeko sena garatu ahal izango du espazio ireki horien bidez.
Behaketa: esku hartu garatzen laguntzeko
Espazioan egiten duen esplorazio horretan eta besteekin sortuko dituen harremanetan hasiko da ikaslearen ikaste-prozesua, eta irakasleen irakaste-prozesua. Garatu ahala, agerian geldituko dira haurraren gaitasunak, baina baita zailtasunak ere. Horietan modu egokian esku hartu ahal izateko, alegia, ikasleari bere burua garatzen lagunduko dioten baldintzak sortzeko, irakaslearen egiteko inportantea izango da haurraren jarduna behatzea. Hain zuzen, behaketa horren trebatzea izan da Arizmendiko eta Lekeitioko ikastoletako irakasleek jaso duten formazioaren ardatzetako bat. Amaia Anteroren esanetan, “gure irakasleen profilean oso garrantzitsua da behatzaile iaioak izatea. Horretarako, lehenbizi, pertsonak nola funtzionatzen duen ezagutu behar dute, zer behatu jakiteko: pertsonak alderdi afektibo-emozionalean eta alderdi kognitiboan nola funtzionatzen duen ezagutu behar dute; gure garunak nola egiten duen lan; horrela, pertsona bere osotasunean ezagutuko dute. Horregatik dauka hainbesteko garrantzia formazioak Konfiantzaren Pedagogian.”
Rafael Cristobalek sorturiko taula batean, ume bakoitzaren inguruan hainbat item baloratzen dute irakasleek. Gainera, irakasle guztiak dira haur guztien behatzaile, espazioak partekatu egiten baitituzte. Bego Gordilloren esanetan, “orain ekipo bat gara, eta denak dira gure umeak, eta ebaluazioa denon artean egiten dugu. Beraz, ume bakoitzaren balorazioa askoz ere aberatsagoa da orain.” Bide beretik hitz egin du Alaznek ere: “Bi begik baino, hobeto askok ikustea. Zuk zure pertzepzioa izango duzu, eta besteak berea. Ikuspegi guztiak aurrez aurre jartzean gauza interesgarriak agertzen dira, aberasgarria da.” Ebaluazio-saio eta koordinazio-bilerak baliatzen dituzte iritziak eta bizipenak partekatzeko. Cristobalek landuriko taularen gainean trebatzen jarraitzen dute, dena den. Zer behatu, nola, item bakoitza nola ulertzen duten adostu… “Sei haur eskola daude Arizmendin, eta 80 hezitzaile, eta behaketa-taula bateratu nahi dugu. Kontua da behaketa-taula betetzerakoan eta interpretatzerakoan zentro guztietako irakasleek berdin ulertzea: zer ari gara behatzen?”, dio Elizaranek.
Inertziak eta beldurrak
Haurrak bere garapenean bezala, Konfiantzaren Pedagogiaren ibilbidean ere izan dira zailtasunak. Lekeitioko kasuan, lantaldetik bertatik etorri zen eredu pedagogikoa berritzeko nahia, baina, aurrez, euren beldurrak eta kezkak gainditzeko bidea egin behar izan zuten. “Hasi ginen gure artean gure ikarak partekatzen, lantzen, eta urtebeteko lan itzela izan zen. Beldurra genion ateak kentzeari, gurasoak gelan egoteari, adin desberdinetakoak nahasteari… denari”, dio Varonak. Adibidez, gaur egun ume bakoitzak hautatzen du espazio bakoitzean lantzen ari diren ekin-tzetako zeinetan egon, “eta hori irudikatzeak izugarrizko kontrol falta sentsazioa eragiten zigun. Orain, adibidez, nire ikasleetako pare batek interes handiagoa agertzen dute 5 urtekoek egiten dituzten ekintzetan, beraien heldutasuna jada idazketa-irakurketa fasean dagoelako, eta batzuetan alboko txokoan egoten dira beste irakaslearekin. Modu lasaian bizi dugu, eta aberasgarria da guretzat eta umeentzat. Badakigu, konfiantza dugu, beste irakaslearekin ere ondo egongo dela, eta bere jakin-mina han egiten ari direnak asetzen duela”.
Elizaranek ere aitortzen du espazioa irekitzeak beldurra sortu zuela hasieran: “Irakasleek zioten ‘baina nire 25 ikasleak ez daude nirekin!’. Berriro ere konfiantza da gakoa: konfiantza izan behar duzu zure lankideekin. Gainera, erakusleihoak dira gure espazioak, batak bestearen lana ikusi egiten du, eta denok izaten ditugu egun txarrak. Izugarrizko bidea egiten dute elkarren artean konfian-tza izateko, baita norberak egiten duen lanean ere. Gure bermea da 80 hezitzaileetatik inor ez litzatekeela itzuliko horma itxien eredura”.
Hasieran, bestalde, beldur ziren gurasoen erreakzioaren inguruan ere. Lekeition, Konfiantzaren Pedagogiaren bidea egiteko apustua egitea erabaki zutenean, batzarra deitu zuten gurasoekin. “Aurkezpena ondo prestatu genuen, prestatu genituen balizko erantzunak, eta batzarrean, ‘oso interesgarria. Lehen Hezkuntzan jarraipena izango du?’ izan zen gurasoen lehen galdera”, dio Gordillok.
Eta LHn zer?
Antzeko egoera bizi dute Arizmendin. Haur Hezkuntzan egindako ibilbidearekin “oso gustura” daude gurasoak. “Ez dugu jaso kontrako iritzirik; alderantziz, beraien galdera da: eta honek jarraipena izango al du hurrengo etapetan?”, dio Anterok. Bada, pedagogia-eredu honi jarraipena emateko lanean ari dira orain: “Azken bi urteetan lanean aritu gara egitura bat emateko honi guztiari, koherentzia eman eta jarraitu beharreko bidea sekuentziatzeko. Lehen Hezkuntzan formazio asko eman dugu, eta oso ondo baloratu dute irakasleek. Ikasturtea amaitzerako gure pedagogiari erantzuten dion planteamendu arkitektonikoa prest izan nahi genuke Lehen Hezkuntzarako. Metodologiari dagokionez, hainbat gauza egiten hasi gara”. Lekeition ere ikasturte honetan pausoak emango dituzte pedagogia hau LHn nahiz Bigarren Hezkuntzan ere indarrean jartzeko.
Koherentzia eman eta Konfiantzaren Pedagogia Arizmendiko etapa guztietara zabaltzeko bidean herramienta garrantzitsua izango da Amaia Antero lantzen ari den Konfiantzaren pedagogia: Arizmendi Ikastolaren markoa liburuxka. Hori izango da bideorria, eta hezkuntza-komunitate osoarekin ari dira partekatzen. Era berean, neurgarri egin nahi dituzte bertan jasotako itemak, eta, modu horretan, autoebaluaziorako tresna bilakatu. Elizaranen ustez, “etapa bakoitzean adierazle batzuk besteek baino garrantzia handia izango dute; batzuk gakoak izango dira Haur Hezkuntzan, eta Bigarren Hezkuntzan beste batzuk. Behintzat jada guztiok daukagu gure pedagogia-ereduaren markoa esku artean, Konfiantzaren Pedagogia ez da Haur Hezkuntzako kontu bat”.
Espazioa, esplorazioa
G Amaia Anterok Konfiantzaren pedagogia: Arizmendi Ikastolaren markoa liburuxkan definitu bezala, behin haurrak bere buruarengan eta besteengan konfiantza eraiki duenean, prest egongo da ingurua esploratzeko. Baina, horretarako, haurrak bere inguruarengan konfiantza sentitu behar du, eta hezitzaileari dagokio horretarako baldintzak sortzea; hori da Anterok definitutako bigarren esku-hartze eremua. Beraz, ikastolan dituzten espazioak proiektu pedagogikoaren zerbitzura jartzeko lan egiten dute bai Arizmendi Ikastolan bai Lekeitioko Ikastolan.
Jada ez dago 4 hormako ikasgela tradizionalik. Hormak bota eta espazioak ireki egin dituzte. Sehaskako umeek eta urtebetekoek espazio bera partekatzen dute; dena dela, sehaskakoen kasuan oraindik ere zaintzaren eta atxikimenduaren beharra oso nabarmena denez, hein batean gainerakoengandik banatuta dago beraien gunea. Arizmendiko gune batean, esaterako, aldapa leun batek bereizten ditu espazio bereko bi eremuak. Sehaskako umeak, bere ekimenez erabakiko du noiz zeharkatu pixkanaka-pixkanaka nagusiagoengana daraman bide hori. “Ikasturte hasieran sehaskakoen hezitzaileak 9 haur zituen, eta urtarrilean agian 7 dauzka, besteek jada nagusiagoen espazioa aukeratu dutelako”, azaltzen du Elizaranek. “Beraz, ezinbestean izan beharko du konfiantza urtebeteko haurrekin dagoen lankidearengan”. Gordilloren esanetan, espazioak parteka-tzeak elkarrengandik ikasteko aukera eman die, eta konfiantza handia sortu da irakasle-taldearen artean: “Lehen baino gusturago ari gara, gure lana besteek ikusteko beldur hori ere gainditu dugu, badakigu elkarri laguntzeko eta elkarrengandik ikasteko gaudela”.
2 eta 3 urteko haurrek ere espazioa partekatzen dute; bi ikastoletan beheko solairuan daude, berriz, 4 eta 5 urteko haurrak, horiek ere espazio bera partekatuz. Kasu hauetan, gelaren erdigunea hartzen duten egiturez gain, txokoek protagonismo gehiago hartzen dute. Txokoetan ekintzak egiten dituzte, eta ume bakoitzak aukeratzen du zein den bere interesa pizten duen gunea. “Lehen hori pentsaezina zen! Hori bukatu da, denok aldatu behar izan dugu ikuskera. Orain etortzen denean ongietorria da. Umearekiko errespetua da”, dio Gordillok.
Modu horretan, umeari bere autonomia garatzeko baldintza hobeak eskaintzen dizkiote. “Lehen mugatu egiten genituela uste dut: gelaren muga, adinaren muga, jarduera zehatz bat egin beharraren muga… Orain, bakoitzak bere erritmoan gauza interesgarriagoak egiteko aukera dauka”, dio Varonak. Uste berekoa da Gordillo: “Lehen lau paretaren artean garatu behar zuten autonomia, eta adin jakin baterako zehazten genituen jarduerak eginez. Orain mundu bat zabaldu zaie”.
10:00ak arte luzatu dute ikastolara sartzeko ordua; ordu hori baino lehen iritsitakoak jolas librean aritzen dira. 10:00etan, argiak itzali eta txokoak argiztatzen dituzten lanparak bakarrik uzten dituzte piztuta; haurrek badakite txokoren batera joateko ordua dela, eta pixkanaka hurbiltzen dira. “Autoerregulatzen ere ikasten dute: badakite ordua dela etortzeko. Dena dela, ez daude derrigortuta”, dio Varonak. Bere esanetan, orain “buruari mila bider buelta gehiago” ematen dizkio. Proposamen interesgarriak prestatu behar ditu bere txokoan egiteko, haurrek parte hartzeko interesa izan dezaten; horrek bere lana hobe-tzeko motibazioa ematen dio: “Zerbait erakargarria sortu behar dut, beraien jakinmina piztuko duena, eta etortzeko gogoa jarriko diena. Ondo ari naizenaren inguruko kezka handiagoa daukat, prestatzeko behar gehiago, haurrengana iristeko grina…” Hain zuzen, astelehenak horretan ematen dituzte, txoko bakoitza nola aberastu hausnartzen eta bakoitzaren esperientziak partekatzen.
Txokoetan egindako lana maiz lotuta egoten da une horretan ikastolan lantzen ari diren proiektuarekin. Izan ere, ekintza gehienak gai zehatz baten ingurukoak izaten dira, eta gai horren inguruko aurkezpenak ere egiten dituzte ikasleek. Eta, haurren batek, txokoetako jardunetan parte hartu baino, lasai egoteko beharra badu, erdi-gaixorik dagoelako edo gau txarra pasa duelako, Imagiunarium-a dauka eskura. Espazio honetan irudi lasaigarriak proiekta-tzen dira eta eroso egoteko materialak eskaintzen zaizkio haurrari; batzuk lokartu ere egiten dira, eta haserre daudenen gordeleku ere izan ohi da. Dena dela, espazioak zabaldu dituztenetik gatazkak gutxitu egin direla diote.
Berben txokoa, margoketa-txokoa, jolas sinbolikorako gunea, eraikuntza-txokoa, esperimentatzekoa… Askotarikoak daude haurraren zerbitzura, baina bada Gurasoen Txokoa ere: ikastolara hurbiltzen diren gurasoen bilgunea. Nahi dutenean etorri eta bertan egoten dira, lasai; batik bat hasierako faseetan, gune honek rol garrantzitsua betetzen du: “Agian umea oraindik ez da seguru sentitzen eta tarteka beharra du etorri eta gurasoa bertan dagoela ikusteko. Lehen egunetan, gurasoak poliki-poliki gelatik atera eta ona etortzen dira”, dio Anterok. Dena dela, ikasgelan bete beharreko jarraibide batzuk ematen dizkiete gurasoei, haurrak autonomia hartzeko hasi duen bide hori oztopatu ez dezaten.Espazioetan, egiturek presentzia handia dute. Erdigunean daude, eta adin tarte bakoitzeko gaitasunetara egokitzen dituzte, beti ere erronka txikiak proposatuz. “Ez daukagu psikomotrizitate gelarik, ez dugu behar. Egiturek lagun-tzen diete psikomotrizitatea lantzen”, dio Anterok. Txikien gelan, tamaina desberdinetako zuloak daude egituretan, haurrek ku-ku-ka ibiltzeko aukera izan dezaten, esaterako. Haurrak gordetzeko zuloak ere badaude. Izan ere, bakarrik egoteko eta gordetzeko espazioak eman nahi dizkiete umeei, eta, era berean, hiru dimentsioak lantzen lagundu, “sakontasunaren dimentsioa bizitzeko aukera gutxi izaten dute eta”. Modu horretan, beraz, espazioaren esplorazioa sustatu nahi dute, haurrak inguruarekiko konfiantza gara dezan, eta, horrela, Arizmendik sorturiko dokumentalean dioen moduan, konfiantza giro horretan, umea prest dago esploratzeko, mundu kognitibo horretara zabaltzeko.